Euskaltegietarako 23. Korrikaren inguruko unitate didaktikoak jada eskuragarri
maia Lopez de Luzuriaga eta Joseba Irazabalek sortu dituzte
DV
Astelehena, 12 otsaila 2024, 13:07
23. Korrikari buruzko unitate didaktikoak jada euskaltegietarako eskuragarri daude, AEK-k jakinarazi duenez. Besteak beste, euskararen aldeko lasterketaren historian bidaia egitea proposatzen dute. Bilduma osoa www.korrika.eus webgunean dago eskuragarri.
Amaia Lopez de Luzuriaga eta Joseba Irazabal egileek azaldu dutenez, aurrena, webgunean unitate laburrak topatuko dira: albiste motzak dira, edizio honetako kanta aitzakiatzat hartuta, Korrika badatorrela iragartzekoak. Ataza horiek abenduan argitaratu ziren, kanta publiko egitearekin batera.
Horrez gain, behe mailetarako, Ane Elordi Alburquerque Korrikako arduradun nagusiari egindako elkarrizketa ere txertatu dute. Unitate horiei lotuta, 12 galderako 'Kahoot' jolasa sortu da, behe mailetako zenbait eduki errepasatzeko aukera emateko.
Korrika ibilbidearen jolasa ere dago. Urtero argitaratzen da, baina aurten nobedadeak dakartza, bestea beste, sareko galdetegia. Horri esker, paperezko txartelak mozten ibili beharrean, irakasle-ikasleek sarean irakurri ahal izango dituzte galderak.
Korrika ataleko txartelei dagokienez, ohiko galderez gain, «audioak eta bideoak» topa daitezkeela nabarmendu du Lopez de Luzuriagak. Unitate labur horri amaiera emateko, euskara ikasleek Korrika aplikazioaren inguruko albistetxo bat irakurri ahal izango dute, ibilbidearen inguruko xehetasunak jakiteko.
«Korrikatik Korrikara»
Bestalde, unitatearen zati nagusia dago, Joseba Irazabalek sortua, 'Korrika historian' izenburuarekin, eta gehienbat sarean egitekoa da. Bertan, ikasleari ibilbide birtual bat proposatzen zaio: Korrikatik Korrikara bidaiatzeko aukera izango du, hainbat hamarkadatan.
Lehenbiziko pantailetan, unitate osoko lanen azalpena izango da. Ondoren, bideo batek Korrikaren historia gogoraraziko du, eta, hori ikusita, garaia hautatzeko pantaila helduko da: Korrika 80ko hamarkadan, Korrika 90eko hamarkadan ala Korrika XXI. mendean. «Gure proposamena hirurak jarraian egitea da», azaldu du Irazabalek.
Garaia aukeraturik, beste bideo batzuk zabalduko dira, hamarkada bakoitzean Korrika nola garatu zen erakutsiko dutenak, garai horretan euskarak eta munduak nolako egoera bizi zuten informatzeaz gain. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza eta ulermen jarduerak ere aurkituko dira bertan.