Egitarau zabal eta zaindua prestatu dute Ibarran urriaren 2rako
Gipuzkoako ikastolen festaren eredu berriaren isla, iazko udazkenaz geroztik antolatzen joan diren jarduerak «egun handian» biribilduko ditu Uzturpe Ikastolak
n. azurmendi
Ibarra
Viernes, 23 de septiembre 2022, 13:56
Ibarra erdigunean kokatuta dagoen Montes baserriko negutegi emankorrak aukeratu dituzte Uzturpe ikastolak eta Kilometroak Kultur Elkarteak urriaren 2an 'Irribarra' lelopean herrian egingo den Kilometroak jaiaren egitaraua aurkezteko. Ikastolako zuzendaritza taldeko Usue Sukiak azaldu duenez, «esanahi handiko gunea» da negutegia, «euskara landarerik kuttunena» bada «Kilometroak ongarria» delako.
Publicidad
Ondoren mintzatu diren zuzendaritzako kide Aitor Bengoak, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta Kilometroak 2022ko koordinatzaile Josu Ozaitak bezala, Usue Sukiak nabarmendu du urriaren lehen igandekoa orain urtebete abiatu zen bide baten amaiera izango dela, 2022ko Kilometroak-en ibilbideko egunik handiena, baina ez inolaz ere bakarra, hamaika jarduera antolatu baitituzte azken hilabeteetan. Behin eta berriro errepikatu duten moduan, «Kilometroak 2022 ez da egun soil bat, urte osoaren emaitza oparoa baizik».
Sukiak gogoratu du, halaber, orain dela bi urte mende erdia bete zuen Uzturpek antolatutako Kilometroen xedea dela ikastolaren kanpoaldearen egokitzapena amaitzea. Izan ere, eraikina ikastolako eredu pedagogikora egokitzeko ahaleginak dezente konplikatu zaizkie azken urteetan obretan sortutako arazoak medio, eta laborategia eta patioa birmoldatu ezinik geratu dira. Orain arte bildutakoa bezala, urriaren 2an jasoko den dirua egiteko horretara bideratuko dute.
Eredu berriaren isla
Nekane Artolak gogoratu duenez, «orain dela hiru urte abiatu ginen Kilometroak jaiaren eredu berrirantz», baina pandemiaren eraginez moteldu egin da aldaketa. Hala ere, hasi dira jaia eraldatzen, eta horren isla izango da Ibarrako festa, urtebeteko lanaren azken katebegia. Eredu berriaren araberako Kilometroak, Artolaren hitzetan, «auzolanean oinarritzen dira, parte-hartzaileagoak dira, aldarriek garrantzi handiagoa dute, eta tamainaz gureagoak izango dira». «Hastapenetan gaude, aldaketa progresiboa izango delako», onartu du, eta 2022ko Kilometroak egingo den unearen berezitasunak azpimarratu ditu: «Eraldaketa dator jai ereduan, eta aldaketak hezkuntzan. Erronkei aurre egin behar diegu gure izaera baztertu gabe».
«Hastapenetan gaude, aldaketa progresiboa izango delako»
nekane artola
Kilometroak Kultur Elkartea
«Kontsumitzera mugatu beharrean, esperimentatu, partekatu, bizi...»
Aitor Bengoa
Uzturpe ikastola
Aspalditik urriaren lehen igandean ospatzen den Gipuzkoako ikastolen jaiak ere eutsiko dio bere izaerari, baina aurtengo edizioan hasiko dira igartzen ezaugarri berriak. Aitor Bengoak azaldu duen moduan, nabarmenak izan dira urtean zehar, covid-19ak ahalbidetu duen neurrian, garatzen joan diren ekitaldietan, eta bistakoak izango dira halaber datorren asteko iganderako prestatu duten egitarau zabal eta landuan.
Publicidad
Ikuspegi aldaketa nagusia festa bizitzeko moduan datza. Bengoak esan bezala, «kontsumitzera mugatu beharrean, esperimentatu, partekatu, bizi...». Ikuspegi horretan oinarrituta prestatu dute «herritarrekin eta herriko eragileekin batera» arlo ugari -kultura, artea, gastronomia, jolasa, entretenimendua...- barne hartzen dituen egitaraua, herritarrengan «hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendua» sustatu nahi duena.
Guneen dinamika gainditu
Egitarauko proposamen nagusiak zehazteaz Uzturpeko ikasle ohia ere baden Josu Ozaita arduratu da. Aitor Bengoak azaldutakoaren haritik, «hitz gakoa 'tailerra' da», esan du. Eskultura erakusketarekin batera, eskultura tailerra egingo da; bertso saioarekin batera, bertso tailerra; zirku emanaldiarekin batera, zirku tailerra; elikadura tailerra... Parte-hartze aktiboa sustatzea da, hain zuzen, proposamen horien guztien xedea.
Publicidad
Hasiera-hasieratik Kilometroak jaiaren funtsa zirkuitua bada ere, Ozaitak onartu du badagoela gune gogokoenetan gelditzeko joera. Dinamika hori gainditu nahirik, jendea mugiarazteko eta gune batetik bestera eramateko estrategiak landu dituzte, «Kilometroak dinamikoa» izan dadin. Parte-hartzaileak gunez gune ibiliko direla bermatzeko, esaterako, Euskal Musika Ibilbidea antolatu dute Badok-ekin lankidetzan, 10:45ean plazan 'Munduko Irribarrak' dantza ikuskizunarekin hasiko eta 18:00etan Emeterio Arresen Duplaren emanaldiarekin amaituko den egitaraua guneen artean banatuz. Bi emanaldi horien artean Batumore, Xsakuza, Diablues+Bluezifer, Xiberoots, DJ Bull, Distopia Elektrotxaranga, Gabezin Erromeria, Andoni Ollokiego, Nikotina eta Go!azen ariko dira.
12:00etan, gune guztietan 'Txoria txori' kantatuko du «milaka euskaldunez osatutako abesbatzak»
Berritasunen artean, Bizienean ekimena aipatu behar da, kilometroak 2022 Irribarra tabernan propio paratutako oholtzan kantari eta musikari hasiberriei, edo hastear daudenei, 15-20 minutuko saioa egiteko aukera emango diena. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute webgunean.
Publicidad
Euskal Musika Ibilbidearekin batera, gune desberdinetan gauzatzen joango diren beste hiru jarduera-multzo handi daude: jolas eta jokoak; gastronomia eta sormena. Lau bloke handi horiek jasotzen dituzte egun osorako prestatu dituzten jarduerak. Jolas eta jokoak blokean daude, esaterako, egunean zehar 20 ikastolatako 300 gazteri froga desberdinak planteatuko dizkien Erronka, edota haurrei zuzendutako 'Baso Majikoa', 11:00etatik 16:30era zabalik egongo dena.
Gastronomiaren arloan hurbilekoa lehenetsiko dute, eta Ibarran ezer gutxi piparra baino gertuagokorik. Besteak beste, pipar dastaketa eta pipar ibilbidea prestatu dituzte eskaintza gastronomiko zabalaren baitan.
Publicidad
Garrantzi handia emango diote sormenari, tailerdun eta tailerrik gabeko ikuskizunetan oinarrituta. Bada, gainera, berritasun deigarri bat, ez baita ohikoa festa giroko egun bat hiru hitzaldirekin hastea. 11:00etan izango dira denak. Ikastolan Jakoba Errekondo eta 'Ama' jatetxeko Javi Rivero ariko dira; Gorka Egiak 'Ekologista naiz, baino...' gaiari helduko dio Txontxon eta Nerea Mendizabalek familiaren ingurukoak izango ditu hizpide plazan.
Jarduera denak eten egingo dira 12:00etan, esperientzia gogoangarri bilakatu nahi duten une bat bizitzeko. Une horretan guneetan daudenei proposatuko diete, hain zuzen, esku artean dutena utzi eta denek batera 'Txoria txori' kantatzea.
Noticia Patrocinada
Gogoan izan hainbat jardueratarako izena eman behar dela webgunean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión