Bukatu da 'se acabó'?
Bosgarren olatuan ·
Gaurko LABIak neurri murriztaile gehienak bertan behera utziko omen ditu. Osasun larrialdia lekualdatu da eta prebentzio-neurriak hartu beharren gaude, zorriak uxatzekoHeldu da eguna. Hainbeste denbora iritsiko ez zelakoan eta hara, ezustekoan, mezua sakelakoan, egoera endemikoa dela eta horrek urrats berri bat ematera behartzen gaituela esanaz. Elkarrekin bizi behar dugula, ez dagoela beste irtenbiderik. Hala da, hilabete ere ez da pasa ikasturtea hasi zenetik eta zorriak bueltan dira. Urteroko osasun larrialdia; te berde usaina etxean eta galipota baino likatsuagoa den xanpua buruan.
Beste osasun larrialdia gaur bertan kenduko omen dute Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak arratsaldean egingo duen bileraren ostean, baita neurri murriztaile asko ere, «egoera ezberdinean gaudenez, eran-tzun desberdinak» eman behar direlako. Iñigo Urkullu lehendakariak egoera berria aurreratu bezain pronto pandemia aurreko itxura hartzen hasi dira kaleak. Onddo-kolpearen atzetik jende andana mendietan eta korrikalari-kolpea karriketan. A ze grina!
Lasterketak bueltan dira, ehunka zaleren gozamenerako. Inbidia ere ematen dute, igande goizean euripean korrika, nagikeriari muzin eginez. Donostiako kaleetan, Zumaiako Elorrixan lokatzez blai. Ez Paris-Roubaix-en bezainbat, baina denak su-proba «el frotar se va a acabar» promesten zuen garbigarriarentzat.
'Iparraldeko infernuak' txirrindularien irudi ikusgarriak utzi zituen. Epikoak. Dena den, arreta-ukitua antolatzaileei: Lizie Deignan-ek 1.535 euroko saria jaso zuen larunbatean, UCIk emakumezkoen World Tourreko lasterketetan onartutako gutxienekoa. Sonny Colbrellik 30.000 euro bereganatu zituen igandean, 20 aldiz gehiago. Gutxienekoa baino %50 gehiago. Soldata diskriminazioa, genero arrakalaren erakusle. Oso txarto.
Asteburuan kaleek ia pandemia aurreko itxura zutelaz ari ginen. Korrikalariak nonahi eta baita txikiteroak ere. Bere patroia, Maritxu kajoi, ostiralean bueltatu zen, Arrasate dotoreziaz jantziz. Ekitaldi ofizialik ez zuten behar izan elegante kuadrillek kaleak eta jatetxeak hartzeko, lehengo modura. Pandemia aurreko udazkeneko beste ohitura hedatu bat ere bueltan da: Errioxara egun pasa, upategiari bisita eta handik ere, asko, bueltan blai.
Pandemia aurreko itxura dute kaleek: udazkeneko onddo-kolpearekin korrikalari-kolpea iritsi da
Txertaketa sariak: Grezian 50 giga datu mugikorretan, 50 euro norbait konbentzitzen baduzu Suitzan
Topa egiteko gogoa dago, koronabirusak lapurtu dizkigun bizi eta hilabete guztien ondoren. Bihar ia normaltasunera bueltatuko omen gara, kakotxa artean idatzi beharreko normaltasunera. Musukoaren normaltasunera, mugetatik harago ezberdina den normaltasunera. Esaterako, Frantzian. Ia Europa osoan bezala, Iparraldean kontzertuak egiten ari dira, eta hemen entzuleak zutik edo eserita egon behar duten eztabaidatzen zen bitartean kilometro gutxira distantziarik eta maskararik gabe ari ziren aire librean. Taberna eta guzti, garagardo, 'sagarno' eta kombucharekin. Hori bai, sarreran Covid ziurtagiria erakustea derrigorrezkoa da ekitaldi guzti hauetarako, baita terraza batean izozki bat jateko ere.
Frantzian ez bezala, Euskadin 12 urtetik gorakoen %88,9ak du immunizazio osoa. Hedapen handia, nork bere buru eta ingurukoen babesa bermatze aldera. Osasuna pizgarri. Gutxi izango ez balitz, bestelako pizgarriak eskain-tzen ari dira hortik bueltan. Grezian, esaterako, 15 eta 17 urte bitarteko gazteak sarituko dituzte txertoa hartzera bultzatzeko. Nola? 50 gigako datu mugikorrekin. Suitzan, lagun, lankide edo senitartekoak koronabirusaren aurka txertatuko direla konbentzitzen dituen herritar orok 50 euro arteko saria jaso dezake.
Gurean, non unibertsitateko ikasleak ere fakultateko geletara eta kafetegietara itzuli diren, pandemiaren epilogoa idazten hasteko garaia ba omen dator. Hala izan bedi. Palmako sumendiak, Erresuma batuan gasolina lortzeko borrokek, Escrivá ministroak lan eginarazi nahi dizkigun urte guztiek, Pandorako paperek, doña Anaren heriotzak eta Reala erakusten ari den itxura bikaina dira orain albiste. Kasu positiboak beherantz doaz, pandemia albistegien eskaletetan bezala.
Gaurko LABIaren bilera eta gero, ahapetik bada ere, «Bukatu da, bukatu da, bukatu da 'se acabó'» abesterik izango ote dugu?