Banderak eta argazkiak

Martes, 14 de febrero 2023, 14:49

'Terra nullius' kontzeptua erakutsi ziguten aspaldi zuzenbide fakultatean: inorena ez den lurra. Garai bateko kolonizatzaile eta konkistatzaileen artean oso erabilia. Inorena ez bazen, horrek esan nahi zuen okupatu gabeko lur gisa eska zitekeela, eta, beraz, estatu aurkitzaileak edo konkistatzaileak legez okupa zezakeela. Ordu arte bertan bizi zirenak ez zituzten aintzat hartzen. Esan nahi baita natiboak.

Publicidad

Denborarekin, zertxobait leundu da esanahia, baina sendo iltzatuta geratu da ekintza gure gogoan. Konkistatzaileek lurrean jartzen zuten banderatik geopolitikaren oihalezko bandera folklorikoagoetara pasa gara, Armstrongek ilargian jarri zuen hartatik, Martin Zabaletak Everesten gailurrean ipini zuen hartara. Dagoeneko, keinu horrek gutxitan esan nahi du zerbait okupatzen dugula, norabait lehenak heldu garela baizik, edo, halakorik ezin denean, nonbait egon garela. Orain mugikorrak ordezkatzen ditu bandera eta hura jartzeko keinua. Mugikorraren bidez begiratzen ditugu gauzak aurrez aurre begiratu baino lehen. Hor gaudela esateko. Urrutira gabe, joan den astean Lebron James NBAn puntu gehien sartu dituen jokalaria bihurtu zen. Saskiratze historikoa egin zuen unean, inor gutxi ari zen berari zuzenean begira. Munduari bira egin dion argazki batean, zale gehienak beren mugikorretan parapetatuta ikus ditzakegu, kolonialismo berri bat gorpuzten edo mamitzen. Nekez kendu ahal dugu pultsio konkistatzaile hori, gure baitan oso errotuta daramagula ohartzeke.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad