Udazken koloretan baino gehiago, udaberri koloretan egin dut Arditurriko bidea asteburuan, bizikletaz, wifi sare ahalguztidun gisa zabaldutako eguzki epelaren pean. Nonahitik hartzen ahal zen astro maitearen konexioa. Ez naiz horren urrundik heldu, Lezo aldetik hain justu, meatzetara eta Aiako Harrien magalera. Harkaitzez, galeria ezkutuez, mineral ahituez eta hondakin erromatarrez blaitutako parajera. Adarrez nahastu den txantxangorri bat atera zait bidera. «Gaur ez da zure abestia», egin dut neure artean, pedalei eragin bitartean, Olaizola jatetxea atzean utzita. Gaur, gari ttanttadun usoen edo arrano igarleen eguna da.
Publicidad
Oinezkoak eta txirrindulariak erromesaldi ezberdinetan goaz, baina berehala ezagutu ditut eskutik helduta zihoazen bi amoros zahar-bero. Eskola garaian buruz ikasitako 'Jaun Baruak' eta 'Atharratzeko Gazteluko kantua'-ren ahapaldiak lagun izan ditut azken kilometrotan, errepideak bizkarrezurra koska bat gehiago konkortzen duenean, tunelen artean. Orbaizetako olatik nabilela iruditu zait une batez. Lizuntzen doan arrats honetan zenbat gara lurpeko pasabidetan itsasargiak pizten ditugunak? Itsas usaina darie tuneletako hormei. «Ai, itsasorik ez bageneuka…». Balearen bertsoek egin didate oihartzun, zuri koloreko. Piñoi bat gehiago. Azken errebuelta eta harrizko pareta ikusgarria ezkila gabeko eliza bihurtuta, aireari zainak irekitzen.
Luze geratuko nintzake hemen, baina beheko behar gorriak narama. Pedalkada isilen balada gozoan noa etxerantz, malda behera, itzaliko ez diren doinuen zikloturista.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión