Plaza de Gipuzkoa

Hauts beraren lemapean

Martes, 20 de agosto 2024, 12:54

Izarretara begira egon gara azken aldian, Pertseiden zaparradaz gozatzeko eta lehen euskal satelitea hegan ikusteko, oso urrutitik eta irudimenarekin bada ere, Elgoibarren eraiki arren, Kaliforniatik jaurti baitute. Oraindik ez dugu halako jaurtitze plataformarik gure zeru-lur galaktikoetan, baina etorriko da, eta botako ditugu bertatik satelite berriagoak eta juglare lunatikoak.

Publicidad

Aspaldi esan zuen poetak hauts hartatik ustekabean noizbait ginela gu ernai. Kasualitateak nahi izan du egunotan Ramón Andrésen 'Filosofía y consuelo de la música' liburua eskuetan izatea. Pentsalariak gogorarazten digunez, antzinako Grezian gora begiratzera ohituta zeuden, zerura. Astroen eta arimaren arteko loturan sinesten zuten, eta uste zuten ilargiaren hizkerak ez zituela bakarrik itsasoko mareak gobernatzen, gauza gehiago ere antola zitzakeela. Harmonia, musika, matematika, esferak… bezalako hitzak erabiltzen zituzten munduaren gorabeherak azaltzeko. Hadesetik itzultzean sakontasunarekin zuen afinitate bertikala utzi zuen agerian Orfeok. Ez zitzaizkion jada baliagarri horizontaltasuna eta gainazala.

Garbi dago landaretik gehiago dugula, zerura igo nahi duen landaretik. Hor eman zuen gizakiak bere jauzirik handiena, horregatik bihurtu omen zen «erectus», zutikakoa edo tentea. Izarren hizkuntza, soinu isil hori arakatzeko. Batek daki, kafean geratu berri zaizuen kondar hori ez ote dabilen izar iheskorren artean jirabiran, Elgoibarko satelitearen orbita berean, hauts beraren lemapean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad