Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

APIRILLAREN 4 URA

Eguna, apirillaren 4a, gaur bezela. Asteartea eta giro eguzkitsua. Urtea, 1961a. Egun erabakigarria izan zan: bizimodu batetik bestera eraman ninduena, neure jaiotetxetik irten eta beste etxeren batean lo egiten asi nintzanekoa, baserriari agur egin niona.

Publicidad

Urte artan, illaren 1a Larunbat Santu izan zan; 2an, Pazkoa; 3an, Pazkoa bigarrena. Asteartea zan 4a.

Nik ogei urte eta iru illabete. Ez nekien gazteleraz itz egiten.

Izetan, gure etxean, Pazkoetan urteko gonbidatuak izaten genituen. Eta egun aiek pasatakoan atera nintzan lan berrira, Zarauzko Odriozolatarren altzaritegira.

Amak aurkitutako lantokia zan. Zer lanetan jarri ninduten? Altzariak barnizez txarolatzen eskuz. Beraz, txarolero asi nintzan.

Amak eskatu zion nagusiari, baita ere, gonbidatu egunak pasa eta lanera asteartean asteko baimena.

Egun sakratua izaten zan gonbidatuen eguna. Beeko koartoa ustu eta prestatzen genuen gonbidatuen bazkaltokia eta afaltokia. Egun pare bateko otorduak an egiten ziran.

Etxeko gazteen lo-leku artako oeak kendu eta mandiora jasotzen genituen astebeterako edo. Gu gazteon poza mandioan lo egiteko, beien tresabi aurrean!

Ordurako ganaduak mandioko ukuillu berrira jasoak bait genituen. Au da, leen mandioa izandako lekura.

Iru bat urte leenagotik egin zan ukuillu berria eta ederra Izetan, simaurrak beera botatzen zirala. Leengo ukuillu zaarrera, alegia.

Publicidad

An egin nituen jaiotetxeko erabateko azken sei-zazpi loak.

Probatu gabeak ez daki zein gozoa eta ona dan ganaduen inguruan oean lo egitea. Ganaduen epeltasuna, isildadeko ganaduen ausnar-otsa, rauk eta rauk. Aita eta amaren koartoko erloju aundiaren segundoetako traukatekoaren antzeko konpasean. Trauk-trauk, trauk-trauk, bake-otsaren logure gozoan. Arnasa dedan arte ez zait aaztuko lo gozo aien gozoa.

Gaur 'estresa' da. Ba, estresatuta daudenei aolkatuko nieke era artako lo egitea.

Badirudi, baserriko nekeak arinduta, atsedenduta laga nindutela mandioko azken loek, bizimodu berrirako. Baiña egun artarako, pixka bat prestatuta nengoen: bizikletan ibiltzen ikasia eta abar.

Publicidad

Izan ere, zenbat bizikleta-saio egin ote nituen aldeko mandioan igande arratsaldeetan, auzoko Aranburu Zaar baserriko Luis 'Txato' arrantzalearen bizikletarekin! Baimena ematen zigun orretarako, bera itsasoan zanean.

Apirillaren 3ko gauean, onela esan zidan amak:

- Pardela prestatu diat biarko, goiz joan naiko dek eta.

Baita nik azkar lotu ere bizikletari parrillean nere pardeltxoa, mandiora azken loa egitera joaterako.

Publicidad

Urrengo goizean, orixe goiz atera nintzala. Gaiñera, ordurako, aita beiak biltzen asia zan, goizeroko bi katu inguruan zituela, ea esne-tantarik erortzen ote zan ondora.

Neure baitan: «nik ez ote det izango geiago beiak bildu bearrik?».

Ofizioa ikasi bear omen zan ba, eta ni banoala Txatoren bizikleta gorriarekin, geure etxeko belar-zelaietan beera, Zarautza bidean, Odriozolara txarolero ikastera.

Nolabait iritsi naiz Barain barrenera eta Errota Zaarreko zelai-burura. An neukan bidea zai. Baiña bizikleta baiño leenago nintzan bidean txilipurdika.

Publicidad

Ala ere, Odriozolarenean zortzietarako. Ez nuen sentitu urduritasunik bertako langileekin batera tailler barrura sartu nintzanean. Zerbait ikasiko nuela, eta aurrera, motel.

Mantala eman zidaten janzteko, eta beste lau lagun ari ziran gelara eraman ninduten eta esan:

- Auek esango ditek zer egin.

Ara nortzuk ziran ango lau txaroleroak: 'El maestro' esaten zioten Periko Txikia, Joxe Aundi, Esteban Ermitta eta Isidoro salmantinoa, 'Paje' esaten ziotena.

Eguerdian amabietan atera nintzanean, San Pelaioko Zubi Ondo kale- baserrira pardelarekin. Ama itz eginda bait zegoen bertako nagusia eta etxekoandrearekin -Agustin eta Justinarekin-, baratzako lanak egiñaz mantenuaren truk artuko ninduela eta.

Noticia Patrocinada

Ez nuen Zubi Ondoko kejarik iñoiz izan amari kontatzeko. Ez orixe. Alderantziz.

Odriozolarenean, Pajeren maaian, zortzi ordu egunean, eta andik baratze-lanetara, egunero ez igotzearren Izetara.

Ori bai: larunbat illunabarrean etxera, aita, ama eta anaia zaarragoari, Felixi, baserriko lanak egiten laguntzera zintzo. Etxetik ofizioa ikastera ateratako leenengo umea ere banintzan, eta amak jairako bost durokoa ematen ere jarraitzen zuen. Ura ez zegoen galtzerik.

Baiña nik erdera falta.

Ez zan asko itz egiten lantokian. Bakoitza berean, naiko serio aritzen giñan. Ala ere, laster oartu nintzan salmantino iarrak ez ote zuen nere bizkar parre egin nai izaten. Erderaz ez nekielako, alegia.

Publicidad

Beti zerbait galdetzen eta erakusten:

- Esto así.

Eta, ondoren, bere gisa parrez: ji, ji, ji.

- ¡Este borono! -ori zuen esaldia, betiko zigarro baldar ura aoan zuela.

Baiña bereala jarri nintzan bere parean, lotsak baztertuta, gure umetakoa gogoan: «'Sí' eta 'no' eta 'por aquí'. Txakurrak erderaz badaki».

Ez nuen oso gustoko lana txarolaketa. Eskuak bustiak, barnizak alkoholez garbitzen eta abar. Baiña badakit amak asmo onenez bidali ninduela neke gutxi zuen lan artara. Ordurako bai bainuen aje txiki bat ankan. Ama beti ama.

Publicidad

Baiña ni baserritarra izan eta naiago nituen zerra eta olako trasteak lanetarako.

Azpeitira joan aurreko amar illabeteak Isidoro Pajeren maai muturrean pasa nituen txarolaketan. Eta bien bitartean, erdera menderatzen nuela jarri. Salmantinoari adar pixka bat jotzeko ainbait beintzat bai.

Alde egiterakoan esan nion:

- Adiós, maestro. Eskerrik asko.

Eta berak:

- Anda, vete por ahí, casero borono.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad