Nun abil, Joxemiel?
Lazkao Txiki bertsolaria il zala ogeita sei urte bete ziran atzo zortzi: il onen 3an. Gure artean genuen arte, millaka txiste kontatuak izango zizkigun. Eta nori ez zaigu gogoratzen zorretan gaudela berarekin?
Orregatik ekin diot berriketaldi oni, berpiztu eta gerokoaz. Beste munduan daraman bigarren bizitza amestu edo irudikatu det ipuin gisara. Goazen ipuiñarekin.
Il ondorenean, beste munduan, iru norabide dauden bidegurutze batera iritsi zan Joxemiel, eta iru kartel ikusi zituen. Ezkerrekoak 'infernuetara' zioen. Erdikoak, 'purgatoriora'. Eta eskubikoak, 'zeruetara'.
- Nora jo bear diat orain?
Eta eskuan zeraman munduko kartari begiratu zion. Bereala iritsi zan arresi gris erraldoi batera. 'Zerua' jartzen zuen an. Eta ateratzen zaio atezain egoskor bat zalapartaka: Jesukristoren morroia izandako Pedro. Eta galdetzen dio:
- Zer dakark, Lazkao, karta orretan?
- Ea zerura sar naitekeen ala zorretan nagoen.
- Ez aiz asko aldatu, arraio ori! Baiña pekatu egingo eta egin ezinda laga ituen pentsaera aiekin ezin aiz zerura sartu. Oa purgatoriora karta orrekin. Madre superiora aterako zaik: ama nagusia. Eta urrengoan itz egingo diagu.
Joxemielek bere baitan: «Ik ere ez zuan maitasun-jolas askorik egingo, daukaan muturrarekin. Baiña emen ago».
Lazkao Txiki badijoa garbitokira, karta eskuan duela. Eta zer arrera gozoa egiten dion ama nagusiak, bere kapela buruan duela!
- Ongi etorriak dira emen bertsolariak, Joxemiel. Mitxelena ere parrillero egon zan zerurako prestatzen.
- A bai, e!
- Zenbat bertsolari txukundu eta gabi-garbi eginda bidali ditugun zerura emendik! Zu ere garbituko zaitugu, Joxemiel, lan arin batzuen truk. Gaiñera, zuk ez dakarzu pekatu askorik, kartak dioenez.
- Ez, ez, ama nagusia. Ez daukazu ni garbitu bearrik. Garbi-garbia nator. Donostiako Poliklinikan ondo garbitu ninduen Ane erizaiñak.
Eskerrik asko. Gaiñera, nere zorra txisteak kontatuz eta inguru atsegiña jarriaz ordaindu nai nuke, ama nagusia.
Mitxelena baiño lan gutxiago eginda ari zan Joxemiel garbitokiko zorra ordaindu naian.
Baiña zer gertatuko eta Luzifer enteratu Lazkao Txiki nun zeukaten.
Eta or asten zaizkio Joxemieli estimazioak sortzen. Luzifer, langabezian geratuta zegoenez, aldakuntza eta obra aundiak egin berria zegoen infernuetan, zeruari konpetentzia edo aurre egiteko: dantzalekuan tximeneta berriak jarri, jendea epel eta goxo egon zedin; parkeak apaindu eta abar, jaialdiak antolatzeko.
Izan ere, gizajo danak zerura, ama nagusiak garbitutakoak ere geienak zerura, eta Luzifer gizajoa artisten bearrean zegoen, nunbait.
Orrela, purgatoriora, garbitokira, enkargatua bidali du Luziferrek, bertako ama nagusiarekin negoziatzera. Alegia, Lazkao Txiki infernu modernora ekartzeko.
Badakizue nor bidali zuen Luziferrek purgatoriora Lazkao Txikiren billa? Jexux Jainkoa. Jesukristo ez, e! Baizik Jexux, Legorretako 'Jainkoa', Lazkao Txikiren laguna izandakoa. Eta onela dio Jainkoak Joxemieli:
- Lazkao, goazemak emendik. Au ez dek lekua iretzako.
Eta gure Joxemiel infernuetara, Jainkoarekin. Baita karta eman ere Luziferri, azkar asko.
- Torik.
Eta onek:
- Lazkao, nai baiño gozatu gutxiago artuta ator.
- Orixe esan zidaan Pedro kaskailluak ere...
Jexux Jainkoa infernuetako enkargatua izan arren, ez pentsa Joxemielekikoa erraz egiten zuenik.
- I, Jexux, ni txikia nauk, baiña nigana beartu zerate. Beraz, aginpidean erdibana izan bearko diagu.
- Ederraren jabe egin ziran, ba!
Baiña gimnasioak eta dantzalekuak martxa politean jarri zituzten Txikiak eta Jainkoak. Eta Luzifer gizajoa pozik, ereikuntzetan egindako gastuak ordaintzen ari zalako. Gaiñera, garbitokiko ama nagusia ere beregana eramatea nai Luziferrek. Mutil zaarra izan gizajoa.
Legorretan, taberna ostatua zuen Jexuxek. 'Jainkoaneko ostatua' deitzen zion Joxemielek. An bertso-saio asko egindakoak ziranez Jainkoa eta Lazkao Txiki, infernuetan ere jarduten ziran bertsotan asteburuetan.
Onela esaten zion Jainkoak Txikiari:
- Asi adi, Joxemiel, Jainkoak lagundiko dik eta.
Azkenerako, zeruan ere jakin, ordea, nor zeukan Luziferrek infernuan. Martxa puska baten bearra bazeukaten, nunbait, zeruetan ere.
Abraham zaarrak an bidali du Pedro kaskaillu giltzeroa infernuetara, Lazkao Txiki zerura ekartzeko esanda. Eta orrela, Jainkoa infernuetan laga eta Lazkao Txiki zerura. Gaiñera, ez zuen karta erakutsi bearrik izan.
Baiña esan zion Jainkoari:
- I lasai, Jexux. Bereala etorriko gaituk ire billa.
Eta Jexux Jainkoak:
- Nik ez diat joan nai zerura aspertzera eta beldurrak egotera. I ere laster aiz bueltan berriz onuntza, aspertu aizela eta.
Lazkao Txikik:
- Ikusi bear diat, beintzat. Bidaliko dizkiat abisuak Perikorekin.
Azpeitiko Periko maleteroa bait zebillen zerutik eta garbitokitik infernu modernora kartero eta maletero, bere asto zuria eta karroarekin.
Iritsi da Joxemiel zerura, eta or egin diote egundoko ongietorria.
Ara nortzuk inguratu zitzaizkion: Joxemiel Barandiaran, Antonio Zavala, Estitxu, Balentin Enbeita, Manuel Lasarte, Fernando Amezketarra, Xabier
Lete, Lourdes Iriondo... Ura lagun pilla!
Baiña Lazkao Txikik Florentiño Goibururen galdera egiten dio Abraham zaarrari.
Eta Abrahamek:
- A, bai! Zeruetako iparraldean artzantzan zeudek Xalbador eta biak.
Aiek enteraratzen badira, ez du denbora asko pasako Txikiak zeru erdian. Laster eramango dute artzantzara. Eta Jexux Jainkoa ere igual bai.