Abiatu da txapelketa
Joan daneko aspaldian, bertsolaritzari buruz itz egin gabe geunden, lagunok. Baiña abiatu da, abiatu, lau urtez bein egiten dan Gipuzkoako bertsolari-txapelketa.
Abiatu bakarrik ez. Dagoeneko jokatu dira afizioa dutenen arteko kanporaketak. Au da, amaitu dira iraillean jarraituko duen final-laurdenetarako sailkapenak.
Pasa berri degun maiatzeko illean izan da au guztia. Zalapartarik gabe. Kanpai-ots aundirik gabe, baiña errespetuzko saiakera eta ariketak fin eginda. Zerbait lortzeko itxaropenez artu dute parte, bai, afizioa duten neska-mutillek.
Garai batean esan balitz neskak eta mutillak bertsotan... Iñork ez zuen sinistuko. Baiña bai. Gaur mutillak eta neskak, neskak eta mutillak, naasian bertsotan. Aupa zuek, eta eman egurra elkarri.
Euskal Herriko txapeldun ere neska degu beintzat eta! Gure Maialen Lujanbio hernaniarra. Txapeldun neska bat izate orrek ere baldintzatu lezake nesken arteko bertso-zaletasuna. Gaur, oso bertsolari onak asko daude nesken artean.
Gaiñera, aots aldetik ere irabazi egiten diete gizonezkoei. Barka eidazue, mutillok eta gizonok, baiña ez nintzateke batere arrituko urte onen bukaerarako Gipuzkoako txapeldun ere emakume bat izatea.
Ez det esango arri jasotzen, aizkoran, segan eta orrelako kiroletan emakumeak ikustea gustoko dedanik, baiña gaiñerakoan aurrera, mari- sorgintxook, aurrera.
Beti eta jende askoren buruetan dago aurreko puntan dabiltzan bertsolarien oroitza. Baiña badakizue zenbat bertsolari gipuzkoarrek parte artu duten oraingo kanporaketa onetan? Larogeita lau bertsolarik, neska eta mutil. Bada zerbait.
Bertso-saioak ez dira izan pelotalekuetan eta leku aundietan. Gela txikiagoetan baizik, seinakako taldeetan zatituta.
Ori guztia pasa berri degun maiatzean izan da. Beraz, aurtengo maiatzak bertso-lorea franko eman digu. Baiña asieran genioena: zarata aundirik atera gabe. Ala ere, ilusioz gaiñezka, udazkeneko laurdenetara pasatzeko.
Penagarria da erdiak pasa kanporatuak izan dirala, amalau saio kantatu ondoren. Saio batera bait ziran kanporaketak. Orrela jarria zegoen, eta araudiak araudi dira.
Gure garaian onela esaten genuen:
- I, galdu aala etxera.
Baiña lasai, gazteok. Zuek etxera lo egitera joango zerate. Eta aurrera pasa diranekin batera, plazetara kantatzera. Entzulea beti jende berriaren zai dagoelako.
Ba, larogeita lautik ogeita amalaurentzat izan da lekua aurrera pasatzeko. Ez da gutxi, lagunok. Aukera polita da ori. Gaiñera, nik uste det auxe pentsatu bear luketela kanporatuak izan diranek:
- Aukera polita izan diagu beintzat...
Eta berriz ere etorriko zaizkizue aukerak. Afizioa landu, etsipenak baztertu eta gozatu bertsotan.
Aurreratu diranen artean eta leendik aurreratuak zeudenen artean, iraillean asiko dira saioak, leku aundiagoetan eta telebista-kameren aurrean, ziurrenik.
Bertsolari-txapelketak aurrera dijoazen aiñean, arrakasta aundia sortzen dute gure artean.
Aurten, Gipuzkoakoa bakarrik da. Baiña antzeko bertsolari-mailla dago Bizkaia, Araba, Nafarroa, eta Iparraldeko auzo oietan ere. Eta orrek txispa aundia sortzen du.
Saioak entzutera, gazte-talde aundiak mugitzen dira.
- Urrengoan gure alderdian izango da eta goazen gipuzkoarrei entzutera.
Beste kiroletan bezela, bertsolarien artean ere egundoko giro ona bait dago, zorionez.
Aipatu ditudan auzo-alderdietan ere, tokatzen dan urtean, berdin egiten dira txapelketak. Eta guzti oietatik sailkatzen dira onenak-edo, lau urtez bein egiten dan Euskal Herriko bertsolari-txapelketa nagusirako. Eta dakizuenez, ori ez da auntzaren gauerdiko eztula.
Leentxeago genioena: larogeita lau parte-artzailleetatik ogeita amalau bertsolari pasa dituzte aurrera iraillerako. Orduan asiko dira azken laurdenetako saioak.
Sailkatuen artean, erri askotakoak dira, jakiña. Zarauztarrak ere bai, tartean. Ala esan didate: bost pasa dirala. Leen pasatako bat ere bada. Alajaiña, sei Zarauztik.
Ez da arritzekoa. Gure erri onetan, oraindik ere bizirik daude Basarriren sustraiak, Andoni Egañaren zubi-lana ere tarteko. Eskerrak garaiz erretiratu giñan enbarazu egiten genuenok.
Gai-jartzailleek ere izango zuten galtzak bete lan, orrenbeste gai prestatzen.
Bertsolari-txapelketa bat abiatzen danean, bertsozaleek bertso-saioak bakarrik eduki oi dituzte buruan. Edo olatsu. Nor asten da gai-jartzailleen lana aztertzen?
Aurkezle-lanetarako autatuko dira izlari egokiak. Ondo da. Epaimaaikoak ere ondo autatuak izango dira, ardura aundia beren gain artuko dutenak. Ondo da.
Baiña bien bitarteko bertsolarien lana burutzeko, gaiak eta gaiak bear dira, lagunok. Eta ez ori bakarrik; puntuak eta puntuak.
Gaiñera, gaur egun kultura-mailla pixka bateko gaiak prestatu bearra dago. Entzulea ere jende prestatua dagoelako, geienbat.
Gaur ezin da jarri, garai batean tabernan aritzen giñanean elkarri jartzen genion bezela:
- Beno. Orain, i astoa izango aiz eta i zaldia.
Edo:
- Zu amonak errieta egin dizun aitona izango zera.
Naiz eta ori ala dan, ez dute balio kontu oiek.
Ba, bejondaizuela, gai-jartzaille taldea, buruauste orri aurre egiteko ausardia izan dezuelako. Bai bait dakit pixka bat ori zein lan gogorra dan. Talde bakoitzaren saiorako, amabost gai-edo bearko zenituzten. Eta beste puntu mordo bat. Bejondaizuela berriz ere, eta jarraitu lanean. Udazkenean ere gai asko bearko da eta. Bertsolariek ea ez duten izaten aitzakiarik gaien aldetik.
Suerte on, danoi.