Soraluzeko Arizaga baserritik iritsi ziren atzo Ezozi Etxeberria eta Ramon Lazkano Konstituzio plazara euren barazki, ogi eta fruituekin postu ederra osatuz.

Zapore ugariko azoka aurten ere

Ehunka ekoizle, artisau eta baserritar hurbildu ziren Donostiako Gipuzkoa eta Konstituzio plazetara atzo. Iritzi desberdinak zituzten salmenten inguruan

ELISA BELAUNTZARAN

Jueves, 22 de diciembre 2016, 08:24

Aukera zabala eta bikaina ikusi ahal izan zen atzokoan ere Donostiako Konstituzio eta Gipuzkoa plazetan. Artisau, ekoizle eta baserritar ugari euren produktuak saltzeko prest agertu ziren goiz goizetik eta ohi bezala, giro aparta sumatu zen egun osoan zehar. Kosta egin zen jendearen mugimendua nabaritzea baina eguerdi partetik aurrera jai giroa eta talo eta txistorra usaina nagusi izan ziren.

Publicidad

Ezozi Etxeberria Barazkiak

«Gustura etortzen garen azoka da Santo Tomasekoa»

Konstituzio plazan, leku ezin hobean, kokatu zituzten urtero moduan barazki ekoizleen postuak. Horien artean, Soraluzetik etorritako Ezozi Etxeberriarena. Lanpetuta zebilen postua barazki ikusgarriekin apaintzen. Porruak, azak, patatak, azenarioak... aukera zabala eta itxura bikaina zuten denek ere. Kolore berezia hartzen zuen Etxeberriaren postuak dena kokatu ostean. «Azoka berezia da guretzat Santo Tomasekoa». Ezozi eta bere senarra Ramon Lazkano goiz jaiki ziren Soraluzeko Araizaga baserritik ogia ere ekarri bai-tzuten atzokoan. Senar-emazteak lan dexente eginda iritsi ziren Donostiara, «aurretik lan handia egin behar da dena prestatzeko baina gustuko azoka dugu». Feriaz feria ibiltzen omen dira eta Zumarragako Santa Lutziakoan egon ostean, atzokoa izan zuten hitzordua garrantzitsua. Hurrengoa Elgoibarko Gabon Zaharrekoa izango dute.

Olatz Bravo Erlezaina

«Bertako produktuak kontsumitzeko gonbita egiten dut»

Donostiako Olatz Bravo eta bere aita Mariano prest zeuden Konstituzio plazan erle eta eztiaren inguruan hitz egiteko. Lehen aldiz 'Sorgin eztia' ekarri zuten atzo Santo Tomas azokara eta hurbiltzen ziren lagunei honen propietateak, erabilpenak eta bestelako kontuak azaltzen zizkieten. Propolioa eta mila lore urte guztiko eztia ikus zitekeen euren postuan. Ziotenez, «liztor beltzarekin izan dugun arazoa dela-eta Moncayora eraman behar izan ditugu erlauntzak. Lehen Astigarragan eta Igeldon izaten genituen baina sekulako tris-kantza izan genuen eta orain han ditugu». Olatzek garbi zuen: «Arazo serioa da eta agian ez da behar adina ezagutzen, baina garrantzitsua da gertatzen ari dena, ez bakarrik erlezain eta eztiegileentzat, denontzat, azken batean erleen presentzia Naturan ezinbestekoa baita». Bravok atzokoan azokaren beste aurpegia ezagutu zuen. «Lehen aldia da postu batean jartzen naizela, alderdi honetan noski. Orain arte, beti festa giroaz gozatzera etortzen ginen baina aurten lanera etorri gara eta berezia da nire-tzat gaurko azoka». Gorostitxo Eztiola Elkarteko kide diren aita-alabak «ekoizle txikiak» direla zioten eta «eztiaren merkatuan bidea egiten hasi» direla. Olatzek zioenez, «Oiartzun, Pasai Donibane, Itziar, Zumarraga... Gipuzkoako azoka gehienetara joaten gara eta aurten lehen aldiz, Donostian gaude».

Idoia Olaskoaga Bikain gazta

«Gazta osoak saltzetik pintxoak saltzera pasatu gara»

25 urte edo gehiago darama Etxarriko (Larraun) Bikain gaztandegiko Olaskoagoa familiak Donostiako Santo Tomas azokara etortzen. Joxemari Olaskoagak eta bere emazte Maritxuk utzi eta gero, euren alabak, Izaskun eta Idoia, etortzen dira Idiazabal jatorrizko gazta saltzera. Eurentzat egutegian data berezia izaten da abenduaren 20a. «Azokaz azoka ibiltzen gara eta gustatzen zaigu Donostiara etortzea», zioen Izaskunek. «Hasierako urte haietan gazta osoak edo erdiak saltzen genituen, gero laurdenak ziren eta orain, berriz, pintxoak saltzen ditugu», zion nafarrak. «Egia da oraindik nagusienak etortzen direla eta eramaten dutela gazta Eguberrietan oparitzeko edo. Guk kaxa polit batean jartzen diegu eta saiatzen gara poltsa txukun batean sartzen opari itxura emanez. Baina azokan erosteko ohitura aldatuz doa. Orain jai giroan pasatzeko eguna bihurtu da batik bat gazteentzat», nabarmentzen zuen. «Hauek pintxoak erosten dituzte, menbrillo edo marmeladarekin jartzen dizkiegu eta horrela ematen dugu eguna».

Ines Flores Fruitu lehorrak

«Donostiako Santo Tomas eguneko azoka berezia da»

Lasarte-Oriatik iritsi zen atzo Ines Flores Gipuzkoa plazara. Bertan zuen bere postua Floresek eta goizean goiz hasi zen bere alaba Rosa Maria hura apaintzen. Ziotenez azoka berezia da Donostiako Santo Tomasekoa. «Guretzat berezia da, giro ona egoten da eta alaia da. Donostiako Santo Tomas azoka eta Urretxu-Zumarragako Santa Lutzikoa izaten dira urteko onenak, oso ondo antolatuta egoten dira eta gustura etortzen gara». Ekarritako fruitu lehorrak postua jar-tzea izaten da Floresen eguneko lehen eginbeharra. Kolore, neurri eta zapore desberdinetakoak denak ere postu polita osatuz. «Saiatzen gara postu ikusgarria jartzen, ez dugu toki gehiegirik izaten baina ederra eta deigarria jar-tzea gustatzen zaigu» zioen Inesek. Lasarte-Oriako saltzailearentzat aurtengoa Santo Tomas azokako bosgarren edizioa izango da postu batekin. «Urtetik urtera nabaritu dugu salmentak behera egin duela, baina aipatzekoa da antolatzaileek egiten duten lana eta jartzen duten gogoa guretzat ere egun ona izan dadin».

Publicidad

Ignacio Serrano Uliako labea

«Urtetik urtera salmentak gora egin du gure kasuan»

Pastelak eta ogia, turroiak eta bestelako gozo ekologikoak saltzen zituzten Ignacio Serranok eta María Dolores Gonzálezek. Uliako labean egindakoak denak ere, Konstituzio plazan erosi eta dastatu ahal izan ziren atzoko azokan. Serranok egun berezi honetako «giro ona» azpimarratzen zuen azokari buruz galdetutakoan. Duela hamabost urte hasi ziren Donostiara etortzen eta Eguberri aurreko usaina eta giroa ere sumatzen dela bistan dago bere postuari begiratuz gero. Turroiak eta Errege erroskoren bat ere ikusi zitekeen. Serranok zioenez, «urtetik urtera salmenta hobea egiten dugula esango nuke». Euren produktu ekologikoak erakargarriak direla eta dagoeneko jendeak ezagutzen dituela Donostian duten 'Sentido común' dendatik. Dena dela azoketan partehartzea gustatzen zaiela onartzen zuen: «Araba, Bartzelona eta Madrilgo bioculturako azoketara ere joaten gara. Gaurkoa azoka lasaia izaten ohi da, piskanaka saltzen dugu baina gustura».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad