Adunako S.D.A. enpresak jaso du Gipuzkoako Elikagai Bankuaren saria
Azaroaren 28 eta 29an egingo den janari bilketan parte hartzeko deia egin du erakundeak
Joseba Zubialde
Viernes, 21 de noviembre 2014, 13:22
Gipuzkoako Elikagai Bankuan urtean zehar laguntzen duten 27 enpresaren lana saritu nahi izan du gaur erakundeak haiei diploma bana emanez. Horien artean Adunako S.D.A. enpresarekin izandako lankidetza azpimarratu nahi izan du eta laguntza hori eskertu nahian, plaka bat eman dio Javier Sáenz Elikagai Bankuko presidenteak Aitor Etxabe enpresako ordezkariari.
S.D.A. Kaiku enpresaren banatzailae da eta astero tona bat janari ematen dio Gipuzkoako Elikagai Bankuari. Guri produktu dexente gelditzen zaizkigu egun gutxiko epearekin eta horiek saldu ezin ditugunez, egunero etortzen dira horiek jasotzera, azaldu du Etxabek. Jaki horien artean esnea, yogurrak, patatak eta letxugak aurkitu daitezke, besteak beste. Bere iritziz hori da gu bezalako enpresa baten aldetik espero daitekeen gutxiena.
Gipuzkoako Elikagai Bankuaren esker ona jaso duten beste enpresen artean, besteak beste, Alcampo, Cárnicas San Marcial, Alfonso Escalante, Uvesco, Eroski, Carrefour, Frutas Celorrio, Frutas Landetxa, Onbisa, Precocinados Lambroa, Congelados Irusta eta Urkabe Benetan daude.
Era berean, Gipuzkoako Banku Elikagaiak 2005 eta 2012 urte bitartean erakundeko presidente izandako Juan Mari Garitano omendu du sari, erakundearen alde egindako lan guztiagatik. Bera izan zen Bankuak aurrera eramandako sentsibilizazio eta parte hartze ekimenen arduraduna, adierazi du Sáenzek.
Diploma eta sari banaketa Gipuzkoako Foru Aldundian izan da, Martin Garitano diputatu nagusiaren eta Iñaki Errazkin Ingurumene eta Lurralde Antolaketako diputatuaren partehartzearekin. Garitanok erakundea eredugarria dela azpimarratu du eta bizi dugun garai hauetan denok arduraz jokatu behar dugula esan du, Gipuzkoak ezin baitu herritar bat bera ere bazterrean laga.
Azaroak 28 eta 29, elikagai bilketa handia
Elikagai Bankuko presidenteak Gipuzkoako herritarrei azaroaren 28 eta 29an egingo den elikagai bilketa handian parte hartzeko gonbidapena luzatu die. Elkartasun ekintza horren bitartez, beraiengana jotzen duten hainbat erakunde laguntzeko gai izango dira, gero hauek behar handia duten familiei eta pertsonei helarazi diezaieten bildutako guztia.
Era berean, Sáenzek supermerkatu eta elikagai sektoreko enpresei saldu ezin duten janaria bota ez dezatela eskatu die eta bankuari eman diezaiotela. Ildo horretik, Mercabugatirekin, Donostiako fruta eta barazkien handizkariarekin, erakundeak izan dituen elkarrizketen berri eman du. Akordioa lortzeko bide honetik doazela adierazi du presidenteak. Bien arteko lankidetza burutuz gero, urtarrilaren 1etik aurrera Mercabugatik saltzen ez dituen jakiak Bankura bideratuko lituzte. Guztira, Sáenzek adierazi duenez, egunero 2.000 kilo fruta eta barazki inguru biltzea suposatuko luke.