Kirol ibilbidean mantendutako jarrera euskalzalea aitortu diote Irati Andari
Eskalatzaile arabarrak jaso zuen euskararen aldeko praxiak prestigiatu nahi dituen 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' ekimenak emandako bigarren saria
Iker Mendia
Astelehena, 17 otsaila 2025, 17:19
Irati Anda eskalatzaile arabarrak jaso zuen euskararen aldeko praxiak prestigiatu nahi dituen 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' ekimenak emandako bigarren saria «bere kirol ibilbidean mantendutako jarrera euskalzaleagatik». Andak saria Aitor Aldasororen eskutik jaso zuen Durangoko San Agustin Kulturgunean egindako ekitaldian. Garaikurra Idoia Leache eskultoreak egina da.
Anda Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziatan lizentziaduna da. Eskaladan garaipen handiak lortu izan ditu, besteak beste, Euskadiko eta Espainiako Zailtasun Eskalada Txapelketetan nahiz eta 2015ean lehiaketak utzi zituen eskumuturreko lesio baten ondorioz. Bestalde, EITBko Gailurra saioaren lau denboralditan aritu izan da Ibon Gaztañazpi eta Andoni Aizpururekin batera. Halaber, kulturgile aktiboa ere bada. Egun Arabako Bertsozale Elkartean dihardu lanean baita Yoga irakasle moduan ere Euskaharan elkartean. Euskarazko hainbat antzezlanetan ere jardun izan du aktore gisa.
Aldasorok nabarmendu zuenez «une erabakigarri batean gaude», eta, «euskaran, kalitatezko jauzi bat» eman behar dugu: «Euskararen ezagutza handitu behar dugu eta ingurune guztietan, arlo guztietan, gure hizkuntzaren erabilera sustatu. Kirol arloa euskalduntzea estrategikoa izango da euskararen garapenerako».
Horretaz gain, Aldasorok euskararen transmisioan bidelagun izango diren erreferenteak behar direla azpimarratu du: «belaunaldi gazteenek eredu dituzten eta izango dituzten euskal kirolariak behar dituzte. Hori da sari honen helburu nagusia: erreferenteok egiten duzuen lana balorean jartzea eta euskararen erabileran eta sustapenean jokatzen duzuen paperaren garrantzia azpimarratzea. Zorionak, guztioi, eta eskerrik asko bidelagun izateagatik. Jada sare bat osatzen dugu, eta elkarlanean, bideari ekiten jarraituko dugu».