Iker Vicente: «Onena ematen saiatuko naiz eta ez badut irabazten garailea zorionduko dut»
Aizkolaria ·
Sherpa.ai Txapelketa Nagusia. Igandean jokatuko da Bilbao Arenan, 12:00etatik aurrera, eta Mikel Larrañaga eta Iker Vicente dira faboritoIker Vicente (Otsagabia) azken bi urtetako txapeldun nagusia izan da eta etzi hirugarren txapela irabaztera aterako da. Aurten aurkari gogorra irten zaio eta Larrañagak aurrea hartu zion Urrezko Kopan eta sailkapenean.
– Zer moduz aurkitzen zara?
– Igandea iristeko gogoarekin eta sasoi onean.
– Nola ikusten duzu txapelketa? Esan daiteke Larrañaga zure parean dagoela hautagaitzan?
– Bai, bai. Ikusi zen Urrezko Kopan nola hartu zidan aurrea eta kanporaketan alde handia atera zidan eta Otaño tartean sartu zen. Ikusten da Larrañaga ikaragarri indartsu dagoela eta kontuz Otañorekin.
– Beraz ez dizu ezustekoan hartuko euren mailak.
– Ezagutzen gara. Txikia agian ez dugu ikusi aurten hor puntan, baina edozein momentutan atera daiteke aurrera. Atutxa ere aurtengo kanporaketan oso ongi aritu zen. Irabazten badaki eta ez da ahaztu behar.
– Prestakuntza aldatu duzu ikusirik bi proba garrantzitsutan Larrañagak aurrea hartu dizula?
– Ez. Azken urteetan ongi joan da prestakuntza eta antzekoa eraman dut. Nire onena ematen saiatuko naiz.Ikusiko dugu nahikoa den eta ez bada horrela zoriondu besterik ez da geratuko.
– Kanporaketatik hona prestakuntza findu duzu?
– Bai, nik salto bat emango dut, baina besteek seguru asko ere bai. Bai behin-tzat sailkatzeko aukera gehiago ditugunok. Finala gehiago prestatzen dugu kanporaketa baino.
– Seigarren finala duzu nahiz eta gaztea izan. Esperientzia beti izango da garrantzitsua.
– Nabaritzen da eta garai bateko akatsak zuzentzen dira. Hala ere final guztiak dira zailak eta ezberdinak. Lanari tamaina hartuta diot, ongi neurtzen dut.
– Aurten txapelketa Gol TVk eskainiko du. Zer balorazio egiten duzu?
– ETBrekin akordioa ez iristea pena handia da, beti hor egon dela jakinda eta euskaraz eskaintzen dela. Bestetik, kanpoan ere ikusteko aukera dago.