Euskadi Txirrindularitza Fundazioaren elikagai hornitzailea Eroski izango da
«Elikadura beharretara egokitutako hornidura poltsak» emango dizkie Euskaltel-Euskadi, Laboral Kutxa eta Laboral Kutxaren 23 urtetik beherako txirrindularitza taldeei
Asteazkena, 31 martxoa 2021, 12:34
Eroskik eta Euskadi Txirrindulari Fundazioak hitzarmen bat izenpetu dute kooperatiba fundazioaren elikagai hornitzaile ofiziala izan dadin. Horrela, «elikadura beharretara egokitutako hornidura poltsak» emango dizkie Euskaltel-Euskadi, Laboral Kutxa eta Laboral Kutxaren 23 urtetik beherako txirrindularitza taldeei. Euskadi Fundazioak familiekin egiten dituen jardueretan ere parte hartuko du Eroskik.
Hitzarmenaren helburua da euskal txirrindularitza sustatzea, bultzatzea, zabaltzea eta garatzea. «Eroskik ohitura osasungarriak sustatzen ditu ekimen ugariren bitartez. Zalantzarik gabe, kirol jardueraren onurak ohitura horien parte dira. Hori dela eta, Euskadi Fundazioari lagundu nahi izan diogu profesional zein amateur arloan, Euskaltel-Euskadik etorkizun hurbilean duen hitzordutik hasita: Euskal Herriko Itzulia», adierazi du Eroskiko Komunikazio eta Harreman Korporatiboetako zuzendari Mikel Larreak.
Bestalde, Euskadi Fundazioko manager nagusi Jesus Ezkurdiak ziurtatu du «harrotzeko modukoa» dela Eroskik fundazioaren filosofiarekin eta proiektuarekin bat egitea, «gure txirrindularien osasunerako elikagai espezifikoen hornitzaile izanez».
«Fundazioarentzat, funtsezkoa da enpresa kolaboratzaileen sarea ehuntzen jarraitzea, eta, gainera, hurbileko enpresak badira, Euskal Herrian errotuta daudenak, hainbat hobe. Eta are garrantzitsuagoa dena, pizgarri bat da gure kirol eta gizarte proiektua garatzen jarraitzeko, txirrindularitza zabaltzeko ahaleginean jarraitzeko», esan du.