Bi zutabe
Bi pillar edo zutabe dauzkat lorategian zutiñik ipiniak. Bat jonikoa izanen da, eta bestea korintiarra, edo bestela biak dorikoak, ez nago seguru. Batek Lete izena du eta besteak Laboa. Hilerri batean topatu nituen harri pollitok, Baxenafarroan, gateau basque baten azpian, goroldioz apainduak. Zenbat urte izanen nituen orduan? Sei, zortzi, hogei bat, eta urdin-urdinak zeuden pinuak. Autoan sartu nituen ahal bezala, nire Mini orlegi lasterkarian, eta halaxe etorri ginen hiruok parajeotaraino, estu-estu baina pozez kantari. Ondo gelditzen dira Letelaboa loreen abaroan, ezinez hobeto, eta askotan bertara igo eta Pigmalionena egiten dut. Eta Francorena ere bai, besoa ortzirantz zut. Erlaxatu egiten dizkit perineoa eta prostata, ondo bai ederki. Urologia oso zientzia kapritxosoa da, eta eskerrak udaberria zen. Halaber, bi habeon gainean ogi papurrak jartzen ditut goxo-goxo, esnetan bustiak, batean mitxirrikentzat eta bestean hegazti izan litekeen zernahi izakirentzat: txepetx, torratxori, txantxangorri, mika eta zozo. Karakolentzat, ez. Letxuak jaten baitizkidate barekurkurkurkuiloek, azaloreen babarruna, parean ikusten duten eztikeria guztia. Altzetara onez etortzen den mundu guztiari erakusten dizkiot harlanduok, ez gargolak edo eglogak, enbor zaharrok baizik. Sarrera kobratzea bururatu zitzaidan behin, aspaldi, eta orain ez dakit zer egin irabazi nituen txanpon ugari haien zorionarekin. Gauzak ondo edo birritan ez pentsatzeagatik, tristura puta bat daukat egun bihotzean iltzatua diruok ezin eta ezin eta ezin eta zer egin hainbeste jende mixerable dagoen gizarte zikin honetan.