Larrotxene Bideon egindako zenbait lan ikusgai XXXIV. Bideoaldian
Zinemaldiak antolatutako ekitaldian, zazpi film labur aurkeztuko dira ostegun arratsaldean Trueba zinema-aretoetan
Asteartea, 20 iraila 2022, 16:15
Donostiako 70. Zinemaldiko Bestelako Jarduerak Sailaren barruan, Larrotxene Bideoren 2021-2022 ikasturteko ekoizpenak proiektatuko dira. Ohar baten bitartez gogoratu dutenez, «urtez urte, Donostia Kulturako Larrotxene Kultur Etxeak Donostiako Zinemaldiarekin kolaboratu du, Larrotxene Bideon egiten diren lanak proiektatuz».
Proiektu horiek, alegia, bideoaldia izeneko programa batean jasotzen dira. «Programa horrek, batetik, Larrotxene Bideo ikastaroetako ikasleek egindako lanak biltzen ditu, eta, bestetik, Donostia Kulturako zerbitzu horrek parte hartutako koprodukzioak», zehaztu dute.
Aurtengo uzta oso emankorra izan dela ere nabarmendu dute, ostegun honetan, irailak 22, zazpi lan aurkeztuko direla aurreratuz. Proiekzioak Trueba zinemetako 2. aretoan izango dira, 19:00etatik aurrera.
Lan gehienak, bost, Larronetxeko ikastaroetan sortuak dira. Josema Aguirrek zuzendutako 'Plataforma' 11 minutuko komedia, esaterako, Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan sortutako film laburra da. Eskalatzaile ezagun baten emazteak istripua izan du eta gurpil-aulkia erabili beharrean da. Senarrarekin batera, atariko eskailerak gainditzeko plataformarekin ezbehar bat izango dute. Egoerak eldarniozko amaiera izango du. Jatorri bera du Iñigo Alkortak zuzendutako 'Gauero' 8 minutuko dramak. Galderrek aplikazio mugikorrak erabiltzen ditu maitale berriak ezagutzeko. Zigorrekin elkartzeak dena aldatuko du. Edo agian ez da ezer aldatuko?
Michel Gaztanbidek emandako Gidoigintza Aurreratua ikastaroan sortutako bi film ere ikusi ahal izango dira. 'Minus 63 KG' 7:44 minutuko drama da, Deiane Morenok zuzendua. Protagonista Nekane da, Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukera borroka batean jokatuko duen neska. Zientzia fikzioa landu du berriz Eneko Muruzabalek 8:58 minutuko iraupena duena 'Polita' filmean. Haragia kontsumitzea erabat debekatuta dagoen etorkizunean, sare klandestino batek elite batentzat lan egiten du behi txuletoiak hornitzen.
'Koadro goriari heldu' 9:57 minutuko drama, Iulen Aranak zuzendua, Pablo Malok emandako Zinema Zuzendaritza ikastaroan sortutako film laburra da. Hermina protagonista zahar-etxe batean bizi da, desagertutako semearen erretratuarekin obsesionatuta. Martin, laguntzaile berria, zer istorio ezkutatzen duen jakiten saiatuko da.
Bi koprodukzio ere badaude, Larrotxenen emandako ikastaroetatik kanpoko ekimenetatik sortuak biak. Juanmi Cuestaren 'Jone K' 9 minutuko lan esperimentala da. Haur bat adoptatu nahi dutenean ikusiko dute bi emakumek zein desberdina den errealitatea egoeren arabera.
16 minututuk gorako 'Karga', berriz, José Antonio Cortések zuzendutako drama da. 'La Carga' filmak, alegia, indarkeria homofoboaren historioa eta horren ondorioak kontatzen ditu.