Euskararen presentzia Zinemaldian, «gordin eta kezkagarri»
Pantailak Euskaraz mugimenduak SSIFF Donostia Zinemaldiaren Euskarazko eskaintza neurtu eta kontzentrazio deialdia egin du irailaren 16an Kursaal parean
Ostiralean hasiko den Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko emanaldi guztien datuak aztertu ditu Pantailak Euskaraz mugimenduak eta kezkatuta agertu da lortutako emaitzekin. Sail guztiak aztertuta 573 emanaldi izango dira orotara eta hauetatik soilik %10,1 izango da euskaraz, eleanitza, edo euskarara azpidatzita.
Hala salatu du ekimenak ohar batean eta presentzia «gordin eta kezkagarri» bezala baloratu du. Izan ere eurentzat Zinemaldia «Euskal Herrian ikus-entzunezkoen alorrean urteko gertakizun garrantzitsuena» da hainbat faktoregatik (emanaldi zein ikusle kopuruan, eta bertako nahiz nazioarteko oihartzun mailan, besteak beste).
Zehazki jatorrizko bertsioa euskaraz 5 emanaldik izango dute, eta elebidun edo hiru eledunak direnak beste 11 izango dira. Euskarazko azpidatziak izango dituzten saioak, berriz, 37. Eta euskarara bikoiztuta, haurrentzako 5 saio egongo dira. Egoera hau plazaratzeko eta kultur arduradun nagusiei «euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak eman ditzaten eskatzeko» irailaren 16rako elkarretaratzea deitu dute 'Pantailak Euskaraz, gure eskubidea' lelopean.
Datuak sailka
-
Sail Ofiziala: 109 emanalditik, 0 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.
-
New Directors: 63 emanalditik, 12 euskarazko azpidatziekin.
-
Horizontes Latinos: 50 emanalditik, 2 euskarazko azpidatziekin.
-
Zabaltegi: 102 emanalditik, 16 euskarazko azpidatziekin.
-
Perlak: 82 emanalditik, 4 euskarazko azpidatziekin.
-
Nest: 18 emanalditik, 2 euskaraz.
-
Culinary Zinema: 14 emanalditik 2 euskarazko azpidatziekin.
-
Made in Spain: 31 emanalditik, 0 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.
-
Zinemira: 19 emanalditik, J.B. elebiduna/hirueleduna 8, J.B. euskaraz 2.
-
Haur Zinema: 5 emanalditik, 5 euskarara bikoiztuta.
-
Atzera Begirakoa (Claude Sautet): 32 emanalditik, 6 euskarazko azpidatziekin.
-
Belodromoa: 6 emanalditik, 1 euskaraz.
-
Klasikoak: 5etik 0.
-
Ekitaldi bereziak, sari banaketa galak eta gainerako atalak: 37tik, 4 J.B. elebidun.
Azkenik, testuan Zinemaldiko araudiaren 6. artikuluak emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin ikusi ahal izatea ezartzen duela oroitu du eta euskararen presentzia era berdinean bermatzea aldarrikatu dute. Ildo horretan zinemaldiaren hautuak euskararen erabileraren normalizaziorako legearen hainbat artikulu urratzen dituela salatu dute komunikatuan. «Nekez uler daiteke euskarak, eta beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea».
Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu zabalean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek iazko ekainean sortu zuten mugimendua da: Disney+Euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak Euskaraz, Tinko Euskara Elkartea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea.