Euskal zinema, hauskorra, sentikorra eta emankorra
Sara Bilbatua casting arduradun eibartarrak Zinemira Saria jaso zuen eta, aurtengo uzta ospatzeaz gain, 'Bizimina' film laburra aurkeztu eta erakutsi zen Victoria Eugenia antzokian
Zaila da film bikainik aktore-zerrenda kaskar baten gainean eraikitzea, nahiz eta aukeraketa egokiak ez duen berez bermatzen guztizkoaren bikaintasuna. Hala ere, bart Sara Bilbatua (Eibar, 1958) casting arduradunak, Euskal Zinemaren Galaren baitan, Zinemira Saria jaso izanak dagokion tokian jarri du egiteko ez oso ezagun baina erabakigarri hori.
Publicidad
2009. urtean Ibaia eta EPE/APV ekoizle elkarteek, Zinemaldiarekin batera, euskal zinemaren arloan nabarmendutako profesionalen lana eskertzeko Zinemira Saria sortzea erabaki zutenetik, sona handiko ekoizle, aktore eta zuzendariak izan dira gehienetan saridunak.
Tarteka, ikus-entzunezko edozein ekoizpenetan derrigorrezkoak diren beste ofizio 'apalago' batzuk ere izan dute tokia saridunen zerrendan: muntaketak, makillajeak eta, Zinemaldiaren 68. edizioko sarituaren kasuan, rol bakoitzerako aktore aproposena aukeratzean datzan lanbideak. Baliteke kasualitate hutsa izatea, ez dago besterik esateko frogarik, baina emakumeak dira ustez gainerakoak baino 'xumeagoak' diren atal horietan saritutako denak. Eta emakumeei zuzendu zizkien saria jaso ondorengo hitzak Sara Bilbatuak, aurreneko aldiz castingaren ardura 1994ko 'Justino, un asesino de la tercera edad' filmean bere gain hartu zuenetik 75etik gora film eta telesailetan lan egin duenak. Eskatu zien, hain zuzen, jarrai dezatela ekoizten, zuzentzen eta, batez ere, idazten, euren istorioak kontatu ahal izateko eta zinemaren munduan diharduten emakume ugarien ikusgarritasuna areagotzeko.
«Emakumeei esan nahi diet jarrai dezatela zinema ekoizten, zuzentzen eta, batez ere, idazten, gure istorioak kontatzen»
Sara Bilbatua, Zinemira sariduna
«Sari hau, besteak beste, aktoreei eskaini nahi diet. Asko errespetatzen ditut eta asko estimatzen dut egiten dute lana»
José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ezin izan zuenez Victoria Eugenian egon une horretan, Aizpea Goenagaren eskutik jaso zuen saria, hunkituta eta esker onez, Sara Bilbatuak. Saria ez ezik, Rebordinosen hitzak ere eraman zituen ekitaldira Goenagak: «Beti jarraitu dut hurbiletik Sara Bilbatuaren lana. Bera bezalako profesionalek hobea egiten dute gure industria txiki hau», irakurri zuen.
Euskal Zinemaren Galaren une nagusia izan ohi den saria emateko momentura iritsi aurretik, euskal zinemaz gogoetatzeko tarte bat ere izan zen, «industria txiki» horren inguruan aritzekoa, alegia. Ez zen modu oso alaiean hasi, Mikel Laboaren 'Antzinako bihotz'-en hitzekin baizik: «Bihotz, buztinezko Bihotz, Etxe txiki bat zara, Ahula, hauskorra...».
Publicidad
«Hurbiletik jarraitu dut Sara Bilbatuaren lana. Bera bezalako profesionalek hobea egiten dute gure industria»
josé Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria
Horrela irudikatu zuten euskal zinema ekitaldiaren hasieran aurkezle lanetan aritu ziren Aia Kruse eta Jone Laspiur aktoreek. Ahura, hauskorra, sentikorra.., Eta, horrexegatik, aberatsa. Edonola ere, segituan egin zuen galak -aurtengo edizioko gainerakoak bezala, Harkaitz Canoren gidoia zuen-, malenkoliatik baikortasunerako urratsa, oparoa eta emankorra izan baita aurten, beldurrak beldur eta mugak muga, euskal zinemaren uzta. Zinemaldiko atal ia guztietan dute presenzia neurri handi edo txikiagoan Euskal Herriarekin lotura duten filmek. Kopurua garrantzitsua bada, inportantea da halaber aniztasuna, ekitaldian nabarmenduziren euskal zinemaren «taupada desberdinak». Esate baterako, Kukai taldeko dantzariek dantzan aurkeztu zuten - Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Jon Maya zuzendariak ere han ziren- 'Bizimina'-ren taupada. Gala ixteko estreinatu zen pandemia betean sortu eta gauzatutako lana. Aurretik, 25 urteren buruan 'La noche de...' saioan milaka film aurkeztu dituen Félix Linares omendu zuten.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión