Zifrak eta pinuak
Zifren bidez neurtzen dugu dena. Zenbat jende egon den Durangoko Azokan, zein izan den liburu salduena, zenbat jende joan den trenez, zenbat autobusez, zenbat jende zegoen ilara batean sinadura edo selfie bila…
Egiari zor, ordea, dena ez da zifra eta zenbateko. Itxuraz neurtzeko lausoagoak edo iheskorragoak diren beste zenbait kontu ere izan dira hizpide Azokan. Idazleen barne mundua edo sormena, Hezkuntzaren Lege berriak euskal kulturaren transmisioa bermatzea… Tira, hori ere neurtu ahalko da zifretan: zenbat ordu, zenbat egile, zenbat gizon eta zenbat emakume, zenbat tarte eskola-liburuetan (atal oso bat, hamar orrialde, sei paragrafo, 0,7a…). Lekutan daude espirituaren eta arimaren garaiak. Dena da orain gorputz eta burokrazia. Eta, agian, hala behar du. Besterik da datuak interpretatzea, eta nork interpretatzen dituen, eta zeren arabera. Hor, agian, nahaspilatu egiten dira kopuruak.
Aurtengo Azokari dagokionez, zenbakiez haragoko ezusteko atsegin batekin itzuli naiz etxera. Irakurle bat hurbildu zitzaidan liburua sina niezaion. Poema batean Seferis greziarraren aipu bat dago, eta poeta hura izugarri miresten zuela aitortu zidan. Bagara bi. Hori gutxi balitz, valentziarra zen irakurlea, Hizkuntza Eskolan euskara ikasitakoa. Toni zuen izena. Ez dakit berriz ikusiko dudan. Seferis maite duen norbait ezagutze hutsak zifrez haragoko poz betea eman dit. Pinuei, hondartzari eta izarrei lotutakoa.