Borrar

Zeharkalea hartu eta Barrian barrena jo

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 11 abendua 2022, 13:18

Comenta

Mugimendua dagoela Durangon kontu jakina da. Atzo bertan Mendibeltz Kirol Elkarteko emakumezkoen areto-futboleko gerlariek izugarrizko partida jokatu zuten Muskizekoen kontra. Bide batez, han, Muskizen, non itsasoa ikusezina den petrolio tanke-munstro erraldoiek tapatzen dutelako, estreinatu zen, justu pozoi horren kontra egiten duen 'Cuerdas' laburra, sari guztiak eskuratzen ari den film balent askoa.

Bai, nork ukatuko? Mugimendu ikaragarria dago Anbotoko magaletan. Atzo bertan, Silboberri elkarteak sekulako kontzertu eta gogoeta antolatu zituen Txistua XXI. Mendean lelopean.

Bada, bai, zer ikusteko, zer entzuteko, zer dastatzeko, zer edateko, zer erretzeko franko amore eman ez zuten heretiko haiek guztiek aterpe (eta kalbario) aurkitu zuten herrian. Bada eta izango da zeren eta datorren urteko bigarren hilabeteak 25 egun bete bezain fite, hamaika musika taldek hartuko ditu plazak eta kaleak '40 minutu rock' izeneko festan. Bertan topera, a full, dena emanda, Merina Gris, Rotten XIII, Perlata, Skabidean, Unidad Alavesa edo Azken Erromantikoak… Adi ibili, sarean salgai jarri diren sarreren erdiak agortu dira, dagoeneko. Nahi izanez gero eta Durangoraturik bazarete, gutxi batzuk izango dituzue eskura (denbora auskalo zein huskeritan galtzen ez baduzue, bederen) Andra Maria kaleko Elkartasun Dendan gaurko eguna bere akaberara iritsi arte.

Bai, mugimendu itzela da Francok eta konpainiak Eibar bezala, Gernika bezala bonbaz suntsitu nahi izan zuten herrian. Nahi bai. Baina ezin.

Bai, badakit. Gaur eguerdian Donostian Super Amara Bera Berako neskek, esku baloiaren sorginek, lepo, mukuru beteko dute (artikulu hau noiz irakurtzen duzunaren arabera, 'berbotu' aditza, faborez: bete izan dute, betetzen ari dira…) Gaska kiroldegian partida ezinbestekoa dutelako Frantziako Besançonekoen aurka. Baina norgehiagoka garrantzitsu horrek ez du etengo Durangoko gertakizun parekorik gabea.

Zer gertatzen da ba, han? Santa Ana plazako El Arco tabernako kalamarrak bukatu direla? Bai mixeria, bai zori gaixtokoa gurea!!!. Eliza ondoko arkupetan salgai ziren gaztaina erreak ere bai??'!!! Nola leike??''

Ze esatek? Durangon badela Frankfurtekoa bera gainditurik, multibertso osoan arras famatua den euskal kulturaren azoka bat? Eta non? Saguganbaran, Ahotsenean, Zugaza zinematokiarekin pega pega egina den Irudienean, Szenatokin, Areto Nagusian, Kabian eta Plateruenean diozue?

Ba, egiari zor nik, bertan izanda, ez nien leku horiei guztiei erreparatu. Trenetik jaitsi orduko, afixa zuri beltz bat ikusi nuen. Bertako ilunpetik, eskeleto irribarretsua antzeman nuen. Liburu bat zuen haragi gabeko bere esku artean. Afixaren beheko aldean, helbide bat.Arraro samarra,nire irudiko, nire fantasiarako: Zeharkalea11-BJ3D. Sarrera Kalebarriatik.

Hartarako bidea hartu nuen. Iskin guztietan galdezka. Oso gutxik zuen Durangoko Azoka Autogestionatuaren berri baina apika apika, zale eta kurioso saldo polita juntatu zen eta aurkitu genuen noranzkoa. Eta lekua. Eta horrenbeste galdetzeak, eta hainbestetan kontrako bidea hartu izanak merezi izan zuela baieztatu genuen. Hor ziren bildurik maite ditugun errebelde sorta harigarria. Hala nola, DDT Banaketak. Bilboko Martziana kaian dute biltegi, saltoki eta bilgune eta beren bisita-txarteletan zera diote harro: 1989tik kontrakultura fumigatzen. Hala nola, Iruñeko Katakrakekoak, gero eta liburu basagoak euskaratzen dituen jendaia igualik gabea.. Hala nola Sare Antifaxistakoak, faxista batek erail zuen Aitor Zabaleta Errealzale amorratuaren oroimenez pegatina ederra atera dutenak…

Bai, entzuna genuen Durangon, gaur barne, ba deal Euskal Liburuaren eta Diskoaren Azoka kristorena baina guk Estrella Galicia batzuk hartu genituen muturretik eta gozo autogestionatuarenean. Bitartean, behako bat (eta bi, eta hiru, eta lau) eman genien beste inon aurkituko ez genituzkeen katalogo guztietatik bazterturik diren fanzine zenbati edo Eskorbutoren inguruko antigoaleko berriak biltzen zituen aldizkari beilexka/grisaxka baten ale bakarrari .

Eta erosi, zer erosi? Gipuzkoan ateratako Aipu agenda 203koa eta ez Frankfurteko azokan ez Guadalajarakoan ez Maldrilgo El Retirokoan sekula bilatuko ez genukeen Gloria G.Duranek idatziriko 'Sicalípticas, el gran libro del cuplé'. Irakurri, otoi., arreta handi eta konplize batez azpititulua: Diosas delplacer, eléctricas, dadalizadas, epilépticas y futuristas.

Bai, mugimendu dago Durangon. Eta Barria kalean, zer esanik ez. EztanDAren burrunba Anboton ere entzuten da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zeharkalea hartu eta Barrian barrena jo

Zeharkalea hartu eta Barrian barrena jo