Xabier Sarazola, Enrique Azurza, Josu Okiñena eta David Azurza, gaur CD-aren aurkezpenean. Usoz

Xabier Sarasola eta David Azurzaren obrak bildu ditu KEA Ahots Taldeak

Josu Okiñena pianista eta Asier Polo txelojolearekin elkarlanean grabatu da besteak beste 'Ke Orbelak' izena daraman CD berria

Itziar Altuna

Donostia

Lunes, 27 de febrero 2023

Kea Ahots taldearen azken CD-a, 'KE Orbelak', abesbatzaren zilarrezko ezteie amaiera borobila ematen dien lana da. Xabier Sarasola musikagilearen 'Ke Orbelen Meza' obra eta David Azurzaren hiru lan koral biltzen ditu, eta Josu Okiñena pianista eta Asier Polo txelojolearekin elkarlanean grabatu da besteak beste. 'Diskoak sortzen direnean egiten dira, eta kasu honetan pieza guztiak idatziak zeuden. Hainbat kontzertutan abestu ditugu, baina disko batean jasota geratzea merezi zutela uste genuen», adierazi du Enrique Azurzak, Kea Ahots taldeko zuzendariak.

Publicidad

Enrique Azurzarekin batera, Xabier Sarasola eta David Azurza izan dira diskoaren aurkezpenean, baita Josu Okiñena pianista. Azken honen esanetan, oso garrantzitsua da musikagile garaikideen obrak balioan jartzea, eta horregatik «ohore handia izan da niretzat lan honetan parte hartu ahal izana».

Xabier Sarasola beasaindarrak duela bost urte idatzi zuen 'Ke Orbelen meza', Kea Ahots taldearen hogeigarren urteurrena zela eta. Obra bederatzi zatik osatzen dute, eta horien arteko lotura musikalak Carlos Alcala tolosarrak egin ditu. CD-an jaso den bertsioa Beasaingo San Martín de Loinaz baselizan grabatu zen 2020ko urtarrilaren 11 eta 25ean. David Azurzaren hiru pieza koralak, aldiz, Musikenen grabatu ziren 2021an, «pandemia garaian, maskarilekin abestu behar zenean», gogoratu dute musikariek, «horrek sortu zituen zailtasunekin». 'Laude delle creature' obra Ana Otxoa eta Miren Garikano sopranoak eta Jesús García Aréjula baritonoaren parte hartzearekin grabatu ziren. Beste bi piezak dira 'Kotowaza' eta 'Arma, Arma', Bernat Etxepareren hitzekin, «Latina eta euskarazko pieza ederrak biltzen ditu, eta guzti horrek originaltasun eta oreka ederra eman dio diskoari», adierazi du Kea Ahots taldearen zuzendariak.

Musikagile erreferenteak

'Ke Orbelak' Orpheus Classical zigilu espezializatuan argitaratu da, «egun musika koralean errefente diren bi musikagileren lanekin», gogoratu du Enrique Azurka. Xabier Sarasolaren kasuan, abesbatza zuzendaritzako ikastaroak eta tailerrak antotzen ditu eta hainbat lehiaketako epaimahaietan parte hartu izan du. Tolosako Abesbatzen Lehiaketako epaimahaiko presidente izan da eta bere obrak derrigorrezkoak izan dira txapelketan. David Azurzaren kasuan, 150 konposizio, koru-konponketa eta harmonizazio baino gehiago egin ditu mota guztietako abesbatzentzat eta hainbat sari jaso ditu. Bere obrak mundu osoko abesbatza ugarik interpretatzen dituzte. Diskaren azalari dagokionez, Berastegin bizi den María Jesús Cueto artistaren lan bat du oinarri.

Kea ganbera-abestatzak argitaratutako CD berri honek taldearen diskografia osatzen jarraituko du. Besteak beste, Nivolas Bacriren ahots-lanak bildu ditu, baita Javier Bello-Porturen obra koral osoa edo Zurezko Olerkiaren, Luis de Pablorena (ahots taldearentzat, zurezko perkusio instrumentuak eta txalaparta), bere egilearen 90. urtebetetzea zela eta Bilbon 2020an aurkeztua. Izan ere, XXI. mendean hain ohikoak ez ziren koru-errepertorioko obra handiak interpretatzeko tresna gisa sortu zen taldea 1997an, euskal egileekiko sentsibilitate bereziarekin. Sortu zenetik, kontzertu-jarduera handia egin du, baita obra ugari estreinatu ere, horietako asko taldearentzat berarentzat idatziak izan direnak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad