Uste sendoa eta kritika

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Erabat ustekabean harrapatu nau Rufinoren heriotzaren berriak. Noizbehinka aurkitzen genuen tarteren bat elkarrekin hitzak trukatzeko. Eta sakon samar jarduten genuen, lur-axala urratuta. Askotan, azken irakurritako liburua izaten genuen hizpide.

Prest nuen hurrengo gaia. Orain berrirakurtzen ari naizen liburua: 'Crítica y convicción', Paul Ricoeur frantses filosofoarekin hizketan honen bi lagun minek idatzia.

XX. mendeko filosofo handienetako bat izan zen Ricoeur (1913-2005). Baina, filosofiara mugatu gabe, asko landu zuen erlijioaren gaia ere, Rufinok horren maitea zuena. Hain zuzen, liburuaren izenburuko 'kritika' hori filosofiarekin dago batik bat lotuta; 'uste sendoa', berriz, gehiago erlijioarekin.

Badakit zer esango lidakeen Rufinok, entzun orduko: «bai, baina erlijioa ere baduk kritika; eta filosofiak ere bazekik uste sendotik jarduten». Eta arrazoi emango nioke.

Asko gustatzen zitzaion eztabaidatzea. Kritikoa zen eta, aldi berean, uste sendoak zituen gizona; sendoegiak, agian, itxuraz. Baina itxuraz besterik ez. Berehala joko genuke Ricoeurren liburuaren mamira, elkarrekin jarduteko gogoetak egiten bizitzaz eta heriotzaz, hainbat pasarte beteren harira.

Baina, behin behar-eta, aurrea hartu didak, Rufino.

Ez adiorik.