Urtea amaitzeko, 'Bihotzez, muxu bat'
Aizpea Goenagaren irakurketa dramatizatua egingo dute hilaren 30ean idazleak berak eta Isidoro Fernández aktoreak
Igandea, 11 abendua 2022, 13:19
'Bihotzez, muxu bat' piezaren irakurketa dramatizatua egingo dute abenduaren 30ean Aizpea Goenaga testuaren idazleak eta Isidoro Fernández aktoreak Donostian, Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Goenagak SGAEren Lurralde Kontseiluaren ekimenez idatzi du 'Bihotzez, muxu bat', eta taularatzea ere berak zuzendu du.
Antzerkigintzan, zinemagintzan eta kultur kudeaketan ibilbide luzea duen sortzaile donostiarrak iraganari erreparatu dio testu honetan, non banandutako bikote batek bere bizitzako hainbat une partekatzen dituen, inoiz hautsiko ez den harreman epistolar baten bidez. Izan ere, pandemia garaiko isolamenduan bizitako bakardadeak, isiltasunak eta aldaketek bultzatuta Ainhoak Iñakiri mezu bat idatziko dio. Hortik erantzun bat etorriko da, eta hari horretatik jarraituz bizitzan zehar, jolas bat bezala, elkarri bidali dizkioten gutunak bueltan bidaliko dizkiote, euren bizitzako hainbat momentuen errepasoa eginez eta elkarrekin pasatako une haiek ere bizituz. Musika partekatuz, filmen kontakizunak trukatuz, eta bien arteko irudiak berreskuratuz. Bizitzaren albumari errepasoa emango diote, musika, zuzenean, Iñaki Salvadorrek jarriko duela.
Emanaldia euskaraz da, eta 19:30ean hasiko da. Sarrera librea izango da lekua bete arte, baina gonbidapena behar da. Gonbidapenak emanaldiaren egunean bertan banatuko dira leihatilan arratsaldeko 5etatik aurrera. Gehienez bi gonbidapen pertsona bakoitzeko.