Udako Bertso Eskola antolatu dute UEUk eta Bertsozale Elkarteak
Iruñean egingo da, ekainaren 29 eta 30ean, eta izena emateko epea zabalik dago
Lunes, 17 de mayo 2021, 16:14
Bertsozale Elkarteak eta UEUk, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin, bi egunez luzatuko den Udako Bertso Eskola antolatu dute, Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroen baitan. Ohar baten bidez azaldu dutenez, Iruñean egingo da, Katakraken, ekainaren 29 eta 30ean, eta «gogoetak partekatzeko gunea ez ezik, ariketa praktikoak egiteko gunea» ere izango da. Matrikulatzeko epea ere zabaldu da.
Publicidad
«Bertsolaritzari buruzko ikerketak eta gogoetak partekatzeko gunea izango da Udako Bertso Eskola, baita bertsogintzaren teknika hobetzekoa ere», aurreratu dute. Izan ere, ikastaroan zehar «ariketa praktikoak proposatuko dira, eta landutakoa praktikan jartzeko abagunea edukiko dute ikasleek ikastaro bukaerako saioan».
30 urte arteko bertsozale eta bertsolari gazteei zuzendutako ikastaroa da batik bat (adin txikikoek ere parte hartu dezakete, gurasoen baimenarekin), baina «interesa duen edozein adinetako bertsozaleak edota kulturazaleak ere eman ahalko du izena». Matrikula ikastaroa hasi baino astebete lehenago itxiko da eta 25 euro balio ditu. Egun osoko ikastaroa denez, bazkaltzeko aukera izango da Katakraken bertan, 12 euroren truke.
Ekainaren 29an, goiz partean, 'Hainbat bertsoaldi eztabaidagai, genero-ikuspegitik' tailerra gidatuko du Ane Labakak, eta 'Bertsolarien kantaeraz' mintzatuko da Maddi Soroa. Goizeko azken saioa Soroak berak gidatutako bat-bateko bertsoen kantaera lantzeko tailerra gidatuko du. Bazkalondoan, 'Agurraren aurretik' gaiaren inguruan ariko da Andoni Egaña; 'Gaiak, egitura eta aurkezletza: Nonbaitetik abiatu nonbaitera heltzeko' gaia landuko Maite Berriozabalek eta, eguna amaitzeko beraxek bertso saio baterako gaiak sortzeko tailer praktikoa gidatuko du.
Ekainaren 30eko aurreneko hizlaria Antxoka Agirre izango da, eta 'Prentsa historikoko hari muturrekin bertsolaritzaren historia soziala ehuntzen' haren saioaren izenburua. Ondoren, Amaia Agirre bertsolari gazteen mugimenduez ariko da, Hamaika Bertute hizpide hartuta. Goizeko atsedenaldiaren ondoren, Alaia Martinek 'Taldean bakarka. Bakarkako bertsoaldien prestaketa' gaiari helduko dio, eta Manex Fuchsek bertsolariaren presentziaren inguruko ariketa praktikoak proposatuko ditu. Udako Bertso Eskola ekainaren 30ean 17:00etatik 18:30era egingo den bertso saioarekin amaituko da. Saio irekia izango da, 60 laguneko aforoarekin betiere, eta hori bete arte egingo da atea zabalik. Ikastaroko ikasleak ariko dira bertsotan, eta gaiak jartzen ere bai.
Publicidad
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión