Ver fotos
Aforo mugatuko Azoka, bisitarientzat saltzaileentzat baino atseginagoa
Aurreneko eguneko froga «gorabehera handirik gabe» gainditu ostean, 6.000 lagun ibiliko dira igande honetan Landako Gunean
nerea azurmendi
Igandea, 5 abendua 2021, 11:47
Aurrez aurreko Azokaren lehen eguna, antolatzaileen hitzetan, «gorabeherarik gabe» igaro ostean, txartelik gabe hasi da bigarrena, hartuta baitaude bost txandetarako zeuden guztiak: 1.200 bisitari txanda bakoitzeko; hau da, 6.000 lagun egunean. Edizio arruntetan, Landako Gunea bete-beterik dagoenean, 4.500 ingurukoa omen da aldibereko bisitari kopurua... Ez da orduero egoten lepo, ezta egunero ere, baina bistakoa da alde handi samarra egongo dela 56. edizioaren eta 54.aren aurrekoen artean. 55.an, iazkoan, horrenbesterako aukerarik ere ez zen izan.
Bisitarien guztizko kopurua askoz ere txikiagoa izango da aurten, jakina, baina atzo batek baino gehiagok egiten zuten galderak -ze itxura izango du Landakok 1.200 bisitarirekin?- badu eratzuna, 1.200 pertsona sartu baitira 10:00etan ate nagusitik, publikoarentzat egokitutako sarbide bakarretik. Pabiloiaren bi muturretan dauden balkoiek eskaintzen duten ikuspegi panoramikaren arabera, goitik begiratuta ez da soilgune handirik igartzen Landakon, sarreran propio libre utzi den espazio zabala bada. Ez dago pilaketarik, ez dago mugitzeko eragozpenik, ezta liburu, disko eta gainerako produktuetara iristeko estutasunik ere. Landako beteta dagoela ematen du. Beteta dagoela esan daiteke. Ez dagoena da gainezka. Besterik da hori ona ote den, edo txarra. Edo norentzat den ona eta norentzat txarra. Eztabaida interesgarriak piztuko ditu seguruenik aurtengo edizio ezinbestean esperimental honek, zeren eta erakusmahaietatik ikuspegia desberdina baita.
Eragin zuzena salmentetan
Lurraren arrastetik da oro har desberdina ikuspegia, ez bakarrik standen barruko aldetik. Bisitariak, lasaitasuna eta mugitzeko erraztasunak baliatuta, gogoko dituztenetan gelditzen dira batik bat. Nabarmenak dira batzuen eta besteen arteko diferentziak. Besteak beste, zailagoa ematen du aurten egoerak 'bigarren aukera'-tzat jo daitezkeen horientzat, eta bistakoa da erakusketariren batzuen bakardadea. Landako Gunea jendez goraino dagoenean, kale guztiak daude beteta. Aurten, ez.
Atzo, alegia, asko igarri omen zen bisitarien murrizketa salmentetan. Zenbait kasutan, espero baino gehiago. «1.200 pertsona oso gutxi dira», dio argitaletxe ez oso handi bateko arduradunak. Osasunaren aldetik, alegia, baliteke hori izatea kopuru egokia, «baina saltzeko aukerak asko mugatzen ditu, eta guk berdin-berdin oraindu dugu».
Bisitarien iritziak jasotzean, deserosoena iruditzen zaie kanpoaldean egiten den ilara, bereziki desatsegina igande honetako eguraldi hotz eta euritsuarekin. Landakon egon arren erreserbarik behar ez duten guneetara sartu ahal izateko Landakotik irte beharra deserosoa deka batek baino gehiagok dio, baina oro har lasaitasuna estimatzen dute. Ikusi beharko da zer ematen duen esperimentuak hurrengo egunetan, baina momentuz atseginagoa ari da izaten aforo mugatuko Azoka bisitarientzat saltzera etorri direnentzat baino.
Hutsuneak betetzen
Bisita derrigor planifikatu eta hitzartu beharrak Azokaratze espontaneoa galaraziko duen beldur ez badira hainbat. Ez dago hori horrela denik ukatzerik, baina erreserben dinamikak erakutsi omen du badagoela azken orduko erabakietarako aukerarik. Izan ere, etengabe ari dira erreserbak bertan behera geratzen -eguraldia eta errepideak nola dauden ikusita, ulergarria da-, baina segituan betetzen dituzte sortzen diren hutsuneak azken orduko erabakia hartzen dutenek.
Normalean egun fuertea izaten den iganderako plana eginda daukatenek ekitaldi ugari dauzkate aukeran Landakon, Plateruenan zein gainerako guneetan. Skakeitan, Kai Nakai, Kilimak eta beste zenbaitek diskoak aurkeztuko dituzte zuzenean, eta literatur solasaldi interesgarri ugari ere aurki daitezke. Edorta Jimenezek bere saiakera guztiz berezia aurkeztu, Eider Rodriguezek lehen nobela, aurreneko poema kiburua Itziar Ugartek... Asel Luzarraga, Hartzea Lopez, Iñigo Lopez Simon, Aitor Fresnedo, Amaiur Epher, Uxue Apaolaza, Leire Vargas, Fermin Etxegoien, Hedoi Etxarte, Mikel Etxaburu eta Maite Larburu ere egongo dira Ahotseneako solasaldietan.
Ikus-entzunezkoak garrantzi handia du bigarren egun honetan. Irudienean iazko sormen beka irabazi zuen 'Bañolet' websailaren lau kapituluak estreinatu dira eguerdian. Paxkal Irigoyenek eta Maia Iribarnek sortutako ikus-entzunezko proiektu honetan Nafarroa Beherako herri txiki baten istorioa kontatzen da, umeen ikuspegitik. Horrez gain, Irudienean beste proiektu batzuk aurkeztuko dira egunean zehar: Paperezko hegoak', 'Noiz utziko dio euria egiteari', 'Ibaia ez da toki bat', 'Begiak hesteko artean', 'Harria herria'; 'Tom eta Jerry' eta 'Altsasu (gau hura)'.