Txantxikutarrei bisita
Dirua inori uztearen arriskuaz hau idatzi zuen Oñatiko Manuel Umerezek 1805ean: «Ago dirua nire etxian, ibilli ez nadin ire atzean»
Datorren igandean, Kilometroen festa Oñatin. Txantxikuen, kondepekoen herrian. Herri denak dira bereziak eta bakanak, baina Oñati bai dela bakana benetan, esango nuke. Hasteko, Gipuzkoako herririk zabalena dugu, 108,2 kilometro koadro baititu. 1845ean sartu zen Gipuzkoan, ordu arte konderri izan zen, Gebarako kondearen lurraldea. Hantxe sortu zen, 1540an, Euskal Herriko lehenengo Unibertsitatea, Sancti Spiritus Unibertsitatea, 1901era arte nola edo hala iraun zuena. Errepide modernoak egin zirenean aparte gelditu zen, urruti; giputzak, Arantzazura zihoazenean pasatzen ziren handik, bestela apenas. Baina turismoaren gorakada hasi zenean, pixkana-pixkana ugaltzen joan ziren bisitariak. Hain da herri monumentala...
Mendebaleko euskara da hangoa. Muga-mugan dago; handik hamar kilometrora, Udanako mendatea pasa eta Legazpin, gipuzkera egiten baita. Han, guardia zibilen kontrako pankartan ‘Fan hemendik’ ageri da; alegia, joan hemendik, alde hemendik. Han, Txantxiku ikastolak iaz proiektu pedagogiko berritzailea jarri zuen martxan, Konfiantzaren Pedagogian oinarritua. Ixutu Proiektua deitu zioten, eta hitz hori Mendebaleko ‘iziotu’-ren aldaera da; hau da: ‘piztu’. Han, esaera hau erabili egiten da orain ere: «Aillegauten danian San Migel eguna, seiretan argixa eta serietan illuna». Alegia, udazken hasieran, gauak eta egunak iraupen bera.
1877an, Arantzazura bidean dagoen Gesaltza baserrian, Graziano Anduaga jaio zen, bertsolari eta kontulari sonatua, ‘Gesaltzako aitona’ esaten ziotena. 1961ean, hil baino lau urte lehenago, kontakizun eta bertso batzuk publikatu zizkion Luis Villasante frantziskotarrak ‘Auspoa’ liburu-sailean.
Gizon alai eta bromosoa izan behar zuen Grazianok, eta gerora haren bertso-sorta hau bilatu zuten, non Oñatiko auzoak aipatzen dituen.
Goizean kantatzen du txori argitxuak
erantzuten diola, birigarrotxuak.
Zikirixo mosuak Garagaltza auzokuak
Babazorruak dira Urrexolakuak.
Kontrabandista famatuak Araotzekuak
Esamiñadoriak, Goiko mendikuak
Bien bitarteko Uribarrikuak
Buztin zakatzalle Lezezarrikuak.
Laixari famatuak, Berezaukuak
Morena graziosa Murgi-betekuak
Neskatilla panpoxak, Olabartakuak
Buztanikarak dira Larraña auzokuak.
Serbilleta mosuak Torre auzokuak
Perretxiku batzalliak, Mendiko kalekuak
Banastagin ederrenak, Santamañakuak
Kale garbitzalliak Kale Barrikuak.
Neskarik ederrenak, Lekunbarrikuak
Andrarik ederrenak San Juan kalekuak
Zartai garbitzalliak kale artekuak
Txokolate jantzalle, Kale Zarrekuak.
Ipurtandixak dira Goribar auzokuak
Berbarik leunenak Zañartukuak
Bidietako txixagiñak Garibai auzokuak
Praka-txuriak dira Santxolopiztikuak.
Kaleko merienda egilleak Zubillagakuak
Errondari famatuak, Aurreko mendikuak.
Orra ogetasei bertso guztiak egiak
Onrak merezi dizkik Oñatiko erriak.
Oñatiko ‘euskeria’-ren agiri eta adibide zaharrenak Manuel Umerezen eskuizkribuak dira. Abade hori 1757an jaio zen Goribargoiti baserrian, eta bi eskuizkribu mardul utzi zituen 1805 urtetsuan, Oñatiko hizkeran atonduak. Lehen liburukiak 440 orrialde dauzka eta izenburu luze hau darama: ‘Osaba baten instruccinuak bere Illoba Ezcondu eta Necazari batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoicoaren Legue santubagaz conforme’. Eta bestea: ‘Errectore baten instruccinuak ezcondurik vizi dan Adisquide Necazari batentzat (...)’.
Bi eskuizkribu hauei garrantzi handia ematen diete hizkuntzalariek, izan ere Deba Arro barruan ere aldaera bitxia da oñatiera, forma arkaikoak mantentzen dituena. Eta garrantzitsuak dira, halaber, oso testu luzeak direlako. Adibidez, hona hemen Umerezek zer dioen dirua maileguan emateko arriskuaz -gaurko grafiara ekarrita-: «Orobat iñork eskaketan badeutsu diruren batzubek prestaubagaz, presente euki egizu Espiritu Santubak aiketara emuten deutsuna: errezibitako denporan izango dozula adiskide andia, eta pagaitako denporan guztia izango dala eskusia eta pretestua eta plazuak eskaketia, eta azkenik etorriko dala zure etsai izatera. (...) esaeria ere da: ago dirua nire etxian, ibilli ez nadin ire atzian».
Testu horietaz eta Manuel Umerezez gehien dakiena Jerardo Elortza da. Pazientzia galanta hartuta, ‘Osaba baten...’ transkripzioa egin zuen, orain interneten irakurgai dagoena. 2103an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (RSBAP) kide egin zenean ere, Umerezen gaineko sarrera-hitzaldia egin zuen, eta bertan ederki kontatu bi testu zahar luzeok izan zituzten ibilerak. Urte askoan ahaztuta egon ondoren, 1930 inguruan Jose Adrian Lizarralde historialari frantziskotarrak berraurkitu zituen Oñatiko Olabarrieta auzoko Arrazola Azpikoan. Baina hark ez zeukan euskararekiko interes berezirik, eta beste abade batek, Leonardo Zabaleta oñatiarrak, hartu zuen horren ardura. Zenbait euskaltzaleri erakutsi zizkien. Gero, Koldo Mitxelenak erabili zituen bere ‘Fonética Histórica Vasca’ idazteko. 1960ko hamarkadan, Aita Villasantek aztertu zituen, baina ez luzaro, jabeak itzultzeko eskatu baitzion. Bi eskuizkribu eder hauen jabea, Arrazola Azpikoa baserriko Luis Arrazola, nahigabetuta eta haserre zen, bere etxeko altxorra hainbeste denboran inoren esku jira eta buelta ikusita.
Baina gero fotokopiak asmatu ziren eta Oñatiko udal-liburutegiko batzordeko kide batzuek Arrazolarekin harremanetan jarri eta material denak fotokopiatzea lortu zen 1975 aldean. Orain kopia horiek, udal-liburutegian, Arantzazuko komentuan eta Euskaltzaindiaren bibliotekan kontsulta daitezke.