Udako programazioa aurkeztu du ETBk
Aktualitate, natura, gastronomia, fikzio eta kirol saio berriak izango dira, besteak beste
Getariako Cristobal Balenciaga Museoan egindako agerraldian Unai Iparragirrek ETBko zuzendariak udako programazioaren abiapuntua «gertutasuna eta freskotasuna» izango direla aurreratu du, aktualitateari eta jendartean interesekoak diren gaiei bista galdu gabe.
Eskaintza «zabal» horren parte izango dira gastronomia, musika, kirolak, euskarazko fikzioa eta «informaziorik zorrotzenari, azken ordukoari eta analisiari etengabeko arreta».
Estreinaldi mordoa
Fikzioa eta telesailak bolo-bolo dabiltzan une honetan ETB1k 'Beti Mugan' emitituko du, besteak beste, Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain, Iker Galartza, Amancay Gaztañaga, Mikel Ibarguren eta Xabi Jabato López antzezleekin. Uztailaren 15ean, osteguna, izango da estreinaldia gaueko 22:30ean koronabirus kasurik ez duen herri batean girotutako umorezko fikzioak. Sei atal izango ditu.
Kirolek eta hauen zuzeneko emanaldiek ere pisu berezia izango dute. Emakumezkoen pilotari buruzko 'Plazandreak' saioaren bigarren denboraldia astelehenetan izango da 22:20etatik aurrera eta uztailaren 3tik hasita astero arraun ligaren bi hitzordu emitituko ditu kateak. Ohiko pilota emanaldiekin eta txirrindularitza proba zein futbol partidekin osatuko da kirol eskaintza.
Kirol emanaldiak
-
Pilota: Emakumezkoen pilotari buruzko 'Plazandreak' saioaren bigarren denboraldia astelehenetan izango da 22:20etatik aurrera. Horretaz gain, ohiko pilota emanaldiak izango dira ostiral gauean eta igande arratsaldean.
-
Arrauna: Larunbat honetan, uztailak 3, abiatuko da denboraldia Eusko Label eta Euskotren ligetan. Astero bi hitzorduak eskainiko dira, larunbatetan 17:30ean eta igandetan 11:30ean. Horretaz gain uztailaren 21ean, Lekeitiotik Euskadiko Traineru Txapelketa eta irailean Kontxako estropada emitituko dira.
-
Txirrindularitza: Uztailaren 18ra arte Frantziako Tourra eskainiko da, arratsaldero, zuzenean; eta ondoren Getxoko Sari Nagusia uztailaren 31n eta Burgosko Itzulia, abuztuaren 7tik 13ra.
Horretaz gain, Joseba Arguiñanoren 'Altxa Txapela' eta Alberto Iñurrategik aurkeztutako 'Natura Bizia' dokumental saila uztailaren 5ean eta 13an eskainiko dira hurrenez hurren. Lehena astelehenetik ostiralera eguerditan izango da ETBko lehen katean 13:15etan eta bigarrenak euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko dokumental.
Ez dira faltako azken boladan ohikoak izan diren arratsaldetako 'Joseba Arguiñano Sukalerrian', 'Ahoz Aho' eta 'Biba Zuek!'.
Gau parteko programazio-parrillara Julian Iantzik gidatutako 'Udak dakarrena' eta herri eta hirietan barrena dabilen 'Oholtzan' saioak itzuliko dira.