Gabon gaua Pagadik eta Gurrutxagak gidatutako 'Herri Txiki, Zirku Handi' saioarekin
Euskal zirku ibiltari ezagunaren karpa ikusgarritik gizarteko aurpegi ezagun ugari izango dira euskal abesti tradizionalak zein egungoak kantatzen
Martes, 21 de diciembre 2021, 12:13
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatutako 'Herri Txiki, Zirku Handi' bereziarekin ospatuko du ETB1k 2021eko gabon gaua kantaldi bereziarekin. Euskal zirku ibiltari ezagunaren karpa ikusgarritik gizarteko aurpegi ezagun ugari izango dira euskal abesti tradizionalak zein egungoak kantatzen.
Publicidad
Funtzio bereziaren hasiera Gure Zirkuko artisten eskutik izango da 'Last Christmas' kantaren bertsioarekin eta, ostean, kirolariak, bertsolariak, jostunak, EITBko aurpegi ezagunak eta beste lagun mordoa gonbidatuko dituzte pistara. Bukatzeko, partaide guzti-guztiek zirkuko pista beteko dute denen artean 'Hator hator' gabon kantarekin emanaldiari amaiera emateko.
Xabier eta Kristina Solano; euskal jostunak; txirrindulariak eta kirolari olinpikoak, Maialen Chourraut buru dutela izango dira lehen atalean. Segidan, euskal futbol taldeetako neskek elkarrekin 'Zer izan' eta 'Erre zenituzten' abestiak eskainiko dituzte; pentatloian aritzen diren gizon-emakumeak 'Festarik festa' dantzatuko dute eta Donostia Arraun Taldeko arraunlari gazteek 'Bueltan da' abestiaren melodia ekarriko dute.
Garbiñe Biurrun, Eli Garmendia, Arantzazu Loidi eta Itziar Aizpuru laukoteak Mikel Urdangarinen «Non geratzen den denbora» aski ezaguna abestuko du. Hunkigarria izango da baita ere, Lizaso eta Peñagarikano bertsolariek eta Artola eta Laso pilotariek Panpi Ladutxi egingo dioten omenalditxoa. Eta berezia baita ere, Floridako Dania Jai Alaia frontoian ibilitako zestapuntalarien agerraldia.
Eta nola ez, EITBko aurkezle eta aurpegi ezagun asko ere bilduko dira ikuskizunera. «Aukera berriak» kanta Xabier Usabiaga, Nerea Reparaz, Jonan Apaolaza, Lierni Agirrezabala eta Xabier Ormazabal albistegietako aurkezleen eskutik entzungo dugu. Joseina Etxeberria, Ilaski Serrano eta Ainhoa Urretabizkaia hirukoteak «Negua joan da ta», «EH Sukarra» eta «Ikusi arte» arrakastak eskainiko dituzte. Mikroak eskuan ikusiko ditugu baita ere «El Conquistador» saioko Nahia Valencia, Iker Babio, Eider Alonso eta Eneko Van Horenbeke.
Publicidad
Bideo bereziak
Abestiez gain, saioan zehar bideo bereziak eta sorpresak barra-barra izango dituzte. «Baserria» saioko lehiakideek Grease filmeko «Summer night» abestiaren bertsio umoretsua prestatuko dute. Pagadik, Realeko eta Athleticeko jokalariekin hitzordua egingo du zirkurako dohainak ba ote dituzten deskubritzeko. Eta Gozategi taldeak, 30 urte beteko dituenez, Zuhaitz Gurrutxagak pieza bat joko du taldekideekin. Legebiltzarkideek ere ez dute huts egingo eta Zetak taldearen «Zeinen ederra izango den» abestiaren doinuekin ausartuko dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión