Eider Perezek gidatutako Hitzetik Hortzera larunbatean itzuliko da
Bertsolaritza ardatz duen saioaren 32. denboraldian bi emisio izango dira: larunbatean iluntzeko 21.00etan eta igandetan 15.00etan
J. A.
Asteazkena, 8 iraila 2021, 12:16
Hitzetik Hortzerak, bertsolaritza ardatz duen saioak, 32. denboraldiari ekingo dio larunbat honetan. Eider Perezek gidatutako 26 programa izango dira eta tartean Xilaba eta Nafarroako eta Bizkaiko txapelketetako finalak zuzenean emitituko dira. Iaz Covid-19aren pandemiaren testuingurura moldatzeko egindako aldaketak mantenduko dira aurten, bertsozaleari bertsolaritza formatu erakargarriagoan eskaintzeko apustua eginez.
Hastera doan denboraldian bi emisio izango ditu Hitzetik Hortzerak: batetik, larunbatean, iluntzeko 21:00etan; eta, bestetik, igandetan 15:00etan errepikapena. Platorik gabe izango da, bertsolaritza euskararen zazpi lurraldeetan lantzeko eta bertsolaritzaren aniztasuna islatzeko apustua eginez. Ohi bezala, Bertsozale Elkartearen zein tokian tokiko bertso-eskola eta antolatzaileekin elkarlanean.
Tartean izango dira udazkenean egingo diren txapelketak. Iaz pandemia egoera zela-eta ezin izan diren burutu eta aurten saioak jarraipen berezia egingo die finalaurrekoetako bertsoaldiekin programa bereziak eginez eta final bakoitza zuzenean eskainiz.
Gaitegi zabala
Larunbateko lehen saioan Bertso Udalekuak, I. Señora Txapelketa eta heriotzaren ingu.ruan egindako Azken Bidaia bertso saioa izango dira, esate baterako, gai nagusiak. Gainera, astez aste bertsozaleen bertsoaldi kuttunak zeintzuk diren ezagutuko dugu, eta ez hori bakarrik: bertsolaritzarekin loturiko informazioa ere eskainiko da.
Horretaz gain, denboraldi berrian sortzaileekiko konpromisoa berresteko Biziki arropa marka jantziko du Perezek, Dinagu Euskal Herriko Emakume Sortzaileen Kolektiboko parte den marka. Ilazki Lili Arruerenak izango dira diseinuak. Ezin ahaztu iaz erabili zen musika oro euskal sortzaileena izan zela; aurten ere hala egingo da.