Sorkuntza grafikoa 105.000 eurorekin lagunduko du Jaurlaritzak
Komiki, eleberri grafiko edo liburu ilustratuen sorkuntza sustatzea da laguntzen xedea
Asteazkena, 7 abendua 2022, 17:35
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 105.000 euroko aurrekontu sail bat onartu du asteazken honetan, 2023ko ekitaldian komiki, eleberri grafiko edo irudidun albuma osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei laguntzeko dirulaguntzak emateko.
Jaurlaritzako arduradunek azaldu dutenez, aurkezten diren proiektuak originalak eta argitaragabeak izan behar dira, eta bildumen parte diren proiektuak, aldizkako argitalpenetara bideratutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak ezin izango dira aurkeztu.
Laguntzaren 105.000 euroak bi modalitatetan banatuko dira: 15.000na euroko lau laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazioproiektuentzat, eta 15.000na euroko hiru laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat.
Bi modalitateetan laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta beste bat gutxienez emakume batentzat. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da abenduaren 27tik. Onuradunek ebazpena jaso eta biharamunetik hasita 12 hilabete izango dituzte behin betiko sorkuntza argitaratzeko eta liburua sei hilabeteren buruan argitaratu beharko dute, ilustrazio lana amaitzen denetik aurrera zenbatuta.
2022ko deialdian lau proiektu lagundu dira diruz komikiaren edo nobela grafikoaren modalitatean, eta hiru album edo liburu ilustratuen modalitatean.