Reggaeton euskaraz, erritmo onean
Estilo hori egiten duten artisten kopurua igo egin da azkenaldian: «Euskal Herriak 'perreo'rako gogoa dauka»
NAHIKARI CAYADO
Ostirala, 3 abendua 2021, 07:01
Reggaeton musika estiloa ez da oharkabean pasatzen inorentzat. Gustuko izan dezakezu edo ez, baina argi dagoena da fenomeno global baten aurrean gaudela eta euskaraz egiten denak ere lortu duela gure gizartean bere tokia. Reggaetonaren antzera, pixkanaka-pixkanaka euskaraz egiten diren kaleko doinuak geroz eta gehiago entzuten dira gure irrati, taberna edo diskoteketan. Trapa, runba, elektronika, hip-hopa, rapa… Erritmo dantzagarriko melodia horiek guztiak lurralde osoan hedatu dira, eta, egun, musika plataformetan presentzia handia lortu dute. Horren erreferente argiak dira Kai Nakai, Dupla, Nikotina edo Bengo artista eta taldeak, esate baterako. Izan ere, Euskal Herrian musika hori lantzen duten artisten zerrenda amaiezina da.
Erreferente bakar bat aukera-tzea benetan ezinezkoa da, baina euskaraz kantatzen den reggaetonari buruz hitz egiterakoan emakume baten izena datorkigu burura: Iratxe Aguilera. Baliteke izen horrek ezer gutxi esatea, baina zer diozu Kai Nakai irakurtzen baduzu? Bada, Gasteizko gaztea moda-modan dago gaur egun. Kaleratzen dituen kantu guztiak biralak egiten dira sare sozialetan eta etengabe entzuten dira gazteei zuzendutako irratsaioetan. Aitortzen duenez, bizitzak 180 graduko bira eman zion 2019an Durangoko Azokak urtero eskain-tzen duen sormen beka irabazi zuenean. «Musika nire lana da orain. Txikitatik izan dudan ametsa da abeslaria izatea, eta orain amets hori betetzen ari naizela sentitzen dut», dio emozioz beterik.
Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak emandako Sormen beka hori reggaetona euskaraz abesteagatik eta feminismoa indarrean jartzeagatik irabazi zuen Kai Nakaik. Urtebeteren buruan, 'Kolpe' bere lehen bideokliparekin harritu gintuen denok; 'Baimenik gabe' izeneko diskoko parte zen kantua. Baina erraza izan ote da reggaetona euskaraz konposa-tzea? Gasteiztarrak horrela dio: «Nire abestietako letretarako laguntza izaten dut, baina egia da euskarari oraindik falta zaiola gaztelaniak daukan 'flow' puntu hori».
Agian, lehen, gehiago entzuten ziren euskarazko rock taldeak, baina beti existitu izan dira kaleko musika euskaraz egin izan duten taldeak
Kai Nakairen ustez, euskal gizartea «irekiagoa» izan behar da bide horretan. «Gaztelaniazko kantekin gertatzen den antzera, hizkuntza molda dezakegu 'flow' hori lortzeko, edo ingeleseko hi-tzak sartu bestela, denak ez dauka zertan hain zuzena izan behar», dio kantariak.
Euskal 'flow'
Zer da, baina, azkeneko hamarkadan hainbestetan entzuten ari garen 'flow' hori? Bada, hip-hop abeslariek sortu zuten XX. mendean helburu zehatz batekin: beraien kantuek funtzionatzen zutela, erritmoak notak baino haratago zihoazela eta, batez ere, abestietan ahotsaren eta instrumentuaren soinuen gainetik zerbait gehiago zegoela transmititzeko. Hau da, abestiaren letrak, estiloak, keinuak eta abeslariaren ibilerak ere erritmoan espero zitekeena baino gehiago ziren. Orduan sortu zen 'flow' terminoa: argumentuekin azaldu ezin daitekeen musikaren 'wow!' hori.
Horren esanahia ondo ezagutzen du Dupla taldeak, izan ere, Gari Uriartek eta Beñat Oribek osatzen duen bikoteari ez zaio inongo 'flow'rik falta. Euskara hutsean abesten dute, eta 2019an kontzertuak ematen hasi zirenetik ez dira gelditu. Zuzenekoak eskaintzen dituzten agertoki guztietako aforoak bete egiten dituzte, eta nahiz eta pandemiaren ondorioz aurretik egin zen 'perreo' bera praktikatzea ezinezkoa den, horretara animatzen dute beren kantuek. «Eman ditugun zuzenekoetan publikoa eserita eta maskararekin egon izan da, baina halere disfrutatu egin dutela nabaria da. Euskal Herriak 'perreo'rako gogoa dauka», azaldu du abeslari aguraindarrak.
Generoaren normalizazioa
Izan ere, euskal musikaren panoramaren gainean galdetzerakoan, Uriartek argi dauka inongo taburik egon ez dela: «Agian, lehen, gehiago entzuten ziren euskarazko rock taldeak, baina, nire ustetan, beti existitu izan dira kaleko musika euskaraz egin izan duten taldeak. Egia da orain indarrean dagoen genero bat dela eta gero eta gehiago direla ateratzen ari garen taldeak. Eta oso onak gainera».
Kai Nakai gasteiztarra ere iritzi berekoa da: «Agian beste belaunaldi bateko pertsonentzat tabu bat izan da reggaetona entzuten dela aitortzea, baina gazteon artean ez dut uste horrela denik. Musika estilo hori entzutea normalizatzen ari garela uste dut; rocka gustatzen zaienek ere entzuten dute».
Duplaren doinu dantzagarriak ez dira oharkabean pasatzen. 'Dantza gaua' izeneko lehen kantua 'Folklore' diskoaren barruan argitaratu zutenetik, euskaraz kantatzen diren 'perreo' abestirik en-tzunenen zerrenda guztietan sartzen dira arabarrak.
Parrandarako eta dantzatzeko dagoen gose hori berdintzeko prest dator Dupla bikoteak kaleratu berri duen 'Nahieran' lana. Taldeko abeslariak dioenez, izenburu hori jarri zioten «barruan mota askotariko kantuak aurkitu daitezkeelako. Hori bai, denak festara eta dantzara gonbidatzen dutenak». Horren eredu da, esaterako, etengabe irratietan entzuten dugun 'Eromeria' kantua, Tapia eta Leturiarekin batera sortu dutena.
Kai Nakaik ere lan berria dakar Azoka egunetarako. Reggaeton estiloko abestiak ditu denak, eta Eli Zaldua bertsolariak idatzi dizkio letrak. 'Maitia' du izena eta Kolonbian ekoitzi du. Abestietan jorra-tzen dituen gaien artean amodio kontuak daude, eta baita desamodioak ere, baina denak dira «dantza egitekoak»