Photo-Araba atariak 100.000 argazki historiko ditu sarean
Ekainean abiatu zenetik hazkunde azkarra izan du, eta gaur egun doako kontsulta eta deskargarako argazki historiko gehien dituen Euskal Autonomia Erkidegoko webgunea da
Ostirala, 9 abendua 2022, 15:18
Arabako Artxiboak Foru Aldundiaren argazki ondarea zabaltzeko sortutako Photo-Araba atariak 100.000 argazki historiko ditu dagoeneko Interneten zabalduta, foru erakundeak jakinarazi duenez.
Photo-Araba etengabe hazten ari den kultur proiektua da, ekainaren 10ean 50.000 argazkirekin inauguratu zenetik. Sei hilabete baino gutxiago igaro ondoren, bikoiztu egin da kopurua, eta doako kontsulta eta deskargarako argazki historiko gehien dituen Euskal Autonomia Erkidegoko webgunea da.
Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu du zein garrantzitsua den artxiboko argazki bildumak publikoki kontsultatu ahal izatea ahalik eta modurik eskuragarrienean, «bai herritar guztiei haien balio handia ezagutarazteko, bai etorkizunerako kontserbatuko direla bermatzeko». Horrela, atariak 195.063 kontsulta jaso ditu orain arte.
Irudi kopurua gehitzearekin batera, Photo-Arabak erakusketa birtual berri bat erantsi du, 1954an Deportivo Alaves 1. mailara igo zenari buruzkoa. Orain arte, adituek egindako gaikako bost erakusketa egin dira, atariko argazkien bidez azken 150 urteetako Arabaren eta lurraldeko gizartearen eraldaketa aztertzen dutenak.
Photo-Arabak edukiak areagotzen jarraituko du datozen hilabeteetan, eta Euskariana, Hispana eta Europeana atarietan ere sartuko dir. «Horrela, bada, Arabako ondarea mundu mailako kultura gordailuetan egongo da», nabarmendu du Del Valek.