Pantailak Euskaraz ekimenak dio Netflixen erabakia «aurrerapauso bat» dela
Plataformak 2022ko katalogoan euskarazko, katalanezko eta galegozko edukiak areagotzeko hartu duen erabakia, edonola ere, «ez da nahikoa» ekimenarentzat
Martes, 15 de marzo 2022, 13:45
Netflix plataformak iragarri du euskararen, katalanaren eta galegoaren presentzia sustatuko duela 2022ko katalogoan, eta urtea amaitzen denerako 70 titulu ikusi ahalko direla plataforman euskaraz, galegoz, eta katalanez. Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak positiboki baloratu du Espainiako Estatuko Netflix plataformak egin duen iragarpena, eta «aurrerapauso bat» dela adierazi du, nahiz eta nahikoa ez dela uste duen.
Publicidad
Bada, Pantailak Euskaraz ekimenetik adierazi dutenez, «ezin daiteke jakin hizkuntza gutxituen aldeko hautu hau ekinbide propioz egin duten, hala tramitazio parlamentarioan dagoen eta 2023rako indarrean egotea espero den Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak ezarri ditzakeen betebeharrei aurre hartzeko egin duten».
Gainera, Pantailak Euskaraz-ek uste du Galiza, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko hizkuntza mugimenduek eta herri ekimen ezberdinek egindako lanak eta plataformei eta erakundeei egindako eskakizunek ere izan dutela bere eragina Netflixek hartutako erabaki honetan. Pantailak Euskaraz-ek, esate baterako, 20.000 sinadura baina gehiago bildu ditu Netflix Euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenen artean.
«Orain, Netflixek erabaki hau borondate onez hartu duela frogatzeko aukera aparta du: euren katalogoan dituzten, diru publikoz (ETBk edo Zineuskadik) euskarara bikoiztuta dauden, baina euskarazko audiorik gabe eskaintzen dituzten 70 film eta telesailak euskaraz ikusteko aukera txertatu dezatela lehen bai lehen», adierazi dute.
Dena dela, Pantailak Euskaraz-ek azpimarratu du Netflixek iragarritakoa ez zaiola nahikoa iruditzen, «euskararen presentzia %0,05etik %1,2ra igotzea pauso bat izan arren, euskarak anekdotikoa izaten jarraituko duelako eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun jarraitzen duelako».
Publicidad
Ildo horretan, urteko film eta telesailik arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta eskaintzea, eta katalogo osoa euskaraz azpidatzita eskaintzea da Pantailak Euskaraz-en eskaera. Halaber, nazioarteko enpresa handiak euskarazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzen hastea «albiste ona» dela aipatu dute, baina ohartarazi ezin dela euskararen presentzia «euren hautuan soilik utzi».
«Legez bermarazi behar da hau. Izan ere, aldeko hautua egin duten era berean egin dezakete bihar kontra, eta euskal gizarteak eta euskarazko bikoizketa eta azpidatzien sektoreak egonkortasuna eta epe luzerako bermeak behar ditu kalitatezko zerbitzua eman eta jaso ahal izateko», azaldu dute.
Publicidad
Deia erakundeei
Gainera, euskal herri erakundeek «gaiak euskararen etorkizunerako duen estrategikotasuna ikustea» eta «euskarazko edukiak ugaritzearen aldeko apustu sendoa egitea beharrezkoa» dela iritzi diote, «euskarazko edukien ekoizpenera bideratutako diru kopurua handituz eta nazioarteko edukien bikoizketara bideratutako dirulaguntza lerro sendoak sortuz».
Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Lege berrian, plataformen ekoizpenean eta katalogoetan hizkuntza gutxituen %6ko kuotak berma daitezen, existitzen diren euskarazko audio eta azpidatziak derrigor txertatu ditzaten, eta RTVEk edukiak euskaraz ere eskaini ditzan eskatzeko lanean jarraituko dute datozen asteotan Pantailak Euskaraz-ek, Kontseiluarekin, Topagunearekin, Hekimenekin eta Tokikomekin elkarlanean.
Publicidad
«Hizkuntza eskubide guztiak bermatuko dituzten legeak egitea eta betearaztea da bidea, bai Estatuan bai euskal erakundeetan, merkatuaren logikak berez duelako honen aurka egiteko joera. Baina lege horien jarraipena egin eta hauen betearazpena zainduko duten erakundeak ere beharrezkoak dira: Ikus-entzunezkoen Kontseiluak sortzea beharrezkoa da EAEn eta Nafarroa Garaian», ziurtatu dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión