492 orrialdeko liburua eta CDa, 2017ko Txapelketa Nagusia betikotzeko
Askotariko edukiak bildu dira: saioei buruzko kronikak, bertsoaldiak, doinuen azterketa, partiturak, hainbat adituren iritzi eta analisiak...
Ostirala, 16 otsaila 2018, 11:55
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako 2017ko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiari buruzko lan mardula kalean da: 492 orrialdeko liburua eta CDa. Txapelketaren dokumentazio "lan biribila" da, eta hainbat edukiz osatuta dago. Lanku Kultur Zerbitzuen webgunean eta Bertsozale Elkartearen egoitzan eskura daiteke lana, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.
Alde batetik, txapelketako 14 saioei buruzko kronikak eta saio bakoitzetik hautatutako bertsoak transkribatuta ageri dira liburuan. Irakurri ez ezik, bertsoak entzun ere ahal izango dira, hautatutako bertsoaldi guztien audioak entzungai daudelako erantsitako CDan. Ia 200 bertsoaldi batu dira, hau da, 700dik gora bertso. Horrez gain, doinuen azterketa eta partiturak ere daude. Hori guztia, txapelketan jasotako argazki dotorez jantzita bildu da.
Beste alde batetik, hainbat adituk ikuspegi ezberdinetik behatu dute txapelketa, eta beraiek idatzitako iritzi eta analisiak ere jaso dira liburuan. Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak, Harkaitz Cano idazleak, Karin Barber antropologoak edota Endika Gutierrez 'Invert' raperoak beren ekarpena egin dute. Informazio orokorra ere aurkituko du irakurleak: bertsolari parte hartzaileak, sailkapena, historia eta abar.
Lan hau Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ondu du eta eskuragarri dago Lanku Kultur Zerbitzuen atarian zein Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan duen egoitzan. Salneurri arrunta 30 eurokoa da -bidalketa gastuak gehitu behar zaizkio erosketa Internetez eginez gero-, eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzako 25 eurokoa izango da kostua.