Onerako aldaketak eta betiko ajeak
Gogoetarako gunean, euskal literaturaz mintzatu ziren aurtengo euskarazko Euskadi sarien lau irabazleak
nerea azurmendi
Astelehena, 7 abendua 2020, 06:37
«Euskadi Sariak aitzaki hartuta», euskal literaturaz mintzatu ziren, Juan Luis Zabala gidari zutela, aurten euskarazko Euskadi Literatur sariak irabazi dituzten Idoia Santamaria (Ingeborg Bachmanen 'Aldibereko', Literatur itzulpena); Karmele Jaio ('Aitaren etxea', Euskarazko literatura); Iñigo Astiz ('Joemak eta polasak', Haur eta Gazte literatura) eta Uxue Alberdi ('Kontrako eztarritik', Saiakera).
Eman zieten ordua agortu eta gainditu zuten arren, 'Euskal literatur sorkuntza, eta orain zer?' izenburuak iradokitzen zuen etorkizunerako bidaian ez ziren oso urrun heldu, baina bizipen eta iritzi ugari plazaratu zituzten, euskal literaturaren orainaz jabetzeko oso lagungarriak. Laurek neurri handiagoan edo txikiagoan salatu zuten ikusezintasuna urratzeko ere bai, akaso, Landakon entzule kopurua mugatua izan arren jende asko zeukatelako adi-adi pantailen aurrean.
Argi gelditu zen, lehenik eta behin, 'euskal literatur sistema' delako horrek, egotekotan, sarbide desberdinak dituela. Ogibidez Berria egunkariko kultura ataleko kazetari den Iñigo Astizek (Iruñea, 1985) ez du oraindik bere burua ikusten sistema horretan, «errebotez» joan delako idazten eta argitaratzen, eta horrelaxe iritsi delako sistema edo dena delako horretara, «errebote modura».
«Badago nukleo bat gure lanak irakurtzen dituena. Beti elkarrekin gabiltza, baina hortik kanporatzea oso nekeza da»
Iñigo astiz
«Gaur egun literatura marjinala bada, garai hartan marjinalaren hurrengoa zen, gauza bat oso alboan zegoena», gogoratu zuen, berriz, itzulpengintzaren arrastoan jarri zuten Euskal Filologiako ikasketak 1984an amaitu zituen Idoia Santamariak (Donostia, 1962). Orduz geroztik denak egin du aurrera eta hobera, modu nabarmenean «salto handia» egin duen itzulpengintzak. Hala ere, oraindik ez omen dago erabat argi literatur sistemaren zati den ala ez. «Itzultzailea, definizioz, sortzailearen itzal da, eta itzulpengintzak oro har prentsa txarra du. Literaturak du prestigioa, eta uste hori errore bat dela», esan zuen Santamariak, gehituz itzultzailen kezketako bat dela «zenbateraino sortzaileek hartzen duten dagoen material literario itzulia» beraien lana elikatzeko.
Generoari lotutako aldaketak
Bertsolaritzaren eta literaturaren plaza handietara aldi bertsuan heldu zen Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) eta Karmele Jaioren (Gasteiz, 1970) artean alde handiak daude, baina antzekotasunak ere bai, biak kazetaritza ikasitakoak izateaz haragokoak. Aurreneko nobela idazteko aukera, esate baterako, Igartza bekak eman zien. Jaiok 'Amaren eskuak' idazteko baliatu zuen 2004koa, eta Alberdik 'Aulki bat elurretan' sortzeko 2005ekoa. Biek erakarri zuten berehala irakurleen, argitaletxeen eta hedabideen arreta, eta esan liteke sistemaren ohiko ateetatik sartu zirela sistemara.
Barrutik bizi izan dituzte –emakume eta idazle gisa heltzen zihoazen heinean bizi ere–, azken 15 urteotan izan diren aldaketak, horietako asko generoari lotuak. Adibide ugarirekin ilustratu zuen Uxue Alberdik 20-22 urteko idazle gazte hasiberria zela hainbat editore gizonezkok eta kazetari gizonezkok egin zioten harrera nahiz haiengandik entzun behar izan zituen komentario eta galderak. «Gizonezko haiek ez zuten generoa sentitzen, baina emakume idazle askori sentiarazi digute gure generoa hasiera-hasieratik». Beste horrenbeste gertatu da bertsolaritzan; horren isla da hain zuzen 'Kontrako eztarritik'.
«Beti begiratu izan diot literaturari periferiatik, baina hasi nintzenetik izan dut denbora ikusteko nola aldatu diren gauza asko»
karmele jaio
«Haiek ez zuten generoa sentitzen, baina emakume idazle askori sentiarazi digute gure generoa hasiera-hasieratik»
uxue alberdi
Karmele Jaiok onartu zuen, arabarra eta emakumea izanik, periferiatik begiratu izan diola beti literaturaren inguruko munduari. Ikuspegi horrek ez dio ordea aurreztu idazle emakumeen inguruko aurreiritziak nozitzea. Esaterako, 'Amaren eskuak' emakumeentzako literaturatzat jotzea.
Biak etorri ziren bat arlo horretan gauzak onerako aldatu direla esatean. «2007az geroztik gauzak asko aldatu dira, adierazi zuen Uxue Alberdik, editore emakumeen iritsieraren eta idazle emakumeen arteko harremanen areagotzearen eragin onuragarria azpimarratuz. «Hasi nintzenetik izan dut denbora ikusteko nola aldatu diren gauza asko. Aldaketa ez da eman horrenbeste gure aldetik, gehiago aldatu da nola ikusten gaituzten kanpotik, eta nola ikusten duten gure lana», esan zuen Jaiok.
Tamaina eta beste
Beste arlo askotan, baina, aspaldiko ajeak pairatzen jarraitzen du euskal literaturak. Horietako bat da askotariko odorioak dituen ikusgaitasun urria, literaturak gurean duen funtzio sozialarekin lotu zutena. Iñigo Astizen hitzetan, «azal azpiko errealitate batean bizi gara, beti lurpean. Badago nukleo bat gure lanak irakurtzen dituena. Beti elkarrekin gabiltza, baina hortik kanporatzea oso nekeza da». «Ni asunto honetara iritsi naiz solte ikusitako lianaz liana, baina jarraitzen dugu eskailera prekarioekin iristen. Nukleo horri erantzuten diogu, baina lortzen dugunak oihartzun sozial apala du», esan zuen.
Horren harira, euskal kulturaren eta euskalgintzaren testuinguru zabalari erreparatu zion Idoia Santamariak: «Batzuetan ahaztu egiten zaigu gure neurria zein den. Zenbat irakurle euskaldun dago, 500.000 bat? Zenbaki horretan mugitzen bagara, zer nahi dugu? Hori da dugun errealitatea. Ez dut esan nahi ezer ez denik egin behar hori aldatzeko, asko dugu hobetzeko, baina gure neurria ez genuke ahaztu behar».
Arazo bakarra ez da neurria. Uxue Alberdik arreta jarri zuen «500.000 irakurle potentzial horien hizkuntza gaitasunean eta gaitasun literarioan», horren batez besteko mailak irakurleen gozamena ez ezik idazlearen ausardia mugatu bailezake. Sortzaileen eta hartzailearen arteko bitartekaritza lana egitea tokatzen zaienak ere, maiz, lasta omen dira erraztaile izan beharrean. Denontzat egon ziren enkarguak: kultur erakundeetako arduradunentzat, liburuzainentzat, kazetariontzat, kritikarientzat...
..