IÑIGO ARIZMENDI
Sara Azurza | 'Hemen berriro'

«Diskoa nire buruari abeslari naizela demostratzeko modu bat izan da»

Sara Azurza donostiarrak 'Hemen berriro' izeneko lehen diskoa kaleratu eta aurkezpen kontzertua etxean joko du, Lugaritz Kultur Etxean

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 27 de enero 2023

Musika munduan hasieran emandako lehen urrats horiek «lotsatiagoak» izan ostean, «pausu» nabarmena eman du Sara Azurza donostiarrak eta jada argi du bere burua «abeslari» moduan ikusten duela. Musika bizitzako osagai garrantzitsua izan da besti eta ostiral honetan 'Hemen berriro' (Zart kolektiboa) diskoa argitaratu zuen, 2017tik hona konposatutako bederatzi abesti biltzen dituena. Otsailaren 10ean joko du Donostiako Lugaritz Kultur Etxean lehen aldiz.

Publicidad

– Gazte zinela 'Kantuan' programan aurkeztu zenuen zure burua eta ordutik etapak poliki-poliki erretzen joan zera.

– Bai, hori da. Musika munduan besteei laguntzeko moduan edo hasi nuen ibilbidea. Poliki-poliki egun inguruan ditudan kontaktuak ezagutu nituen, baina ez nituen baliabideak nire bidea egiteko. Orduan ezin nuen etxera joan eta gurasoei esan 'aizu ba nik musikari izan nahi dut eta ez dut ikasiko'. Baliteke ez gertatzea eta nik ere ez nuen argi nahi nuen ala ez, ez nuen bakarlari bezala ikusten nire proiektua.

– Zer aldatu da ordutik?

– Oso gaztea nintzen. Hamazazpi urterekin hurrengo urtean unibertsitatera joan behar zarela esaten dizute, adin zaila da zure etorkizunean zer egingo duzun pentsatzen zaudelako. Orain bai, orain nire burua abeslari bezala ikusten dut. Orain badakit abeslaria naizela eta saiatu nahi dudala. Musika beti egon da hor nirekin, baina banekien ikasi nahi nuela, mundua ikusi, beste herrialdeak bisitatu eta hizkuntzak ikasi nahi nituela. Abestiak egiten nituen, baina nire buruan plan hori nuen: zer egin nahi nuen ikusi eta ostean erabaki. Heldutze-prozesu bat izan da, ogibide hau ogibide bezala ikustea.

– Aipatu dituzun kontaktu horiek diskoaren prozesuan ere egon dira?

– Bai, diskoa eratzeko prozesuan nirekin egon dira eta eszenatokira ere igoko dira, niretzat oso garrantzitsuak direlako. Iker Lauroba, Julen Barandiaran, Haritz Lauroba, Eñaut Gaztañaga, Naiara Egimendia, Igone Zarate... Asko lagundu didate bidean. Eta bideokliparekin Paula Eguzquizak, Andoni Clavok, Nestor Urbietak, Mattin Saldiasek eta Bárbara Fernandezek.

– Zer aurkituko dugu diskoan?

– Diskoa bederatzi abestiz osatua dago eta denetarikoak dira. Batzuk beraien artean antza dute, baina gehienek ez. Estilo aldetik ere aldaketak daude, pop-soula badago baina kutsu elektronikoa ere sartzen dut batzuetan. Idatzitako momentuarengatik ere nabaritzen da garapena, 2017tik egun arte sortu ditudan kantak daudelako. Abestiei identitatea ematen dien elementua ahotsa dela esango nuke, unifikatzen dituen tresna.

Publicidad

DATUAK

  • Lehen diskoa. Sara Azurzak kaleratu duen lanak bederatzi abesti ditu, sei euskaraz, bi ingelesez eta bat frantsesez.

  • Zuzenekoa. Abeslari donostiarrarekin taulan izango dira Iker Lauroba, Julen Barandiaran eta Haritz Lauroba.

  • Otsailak 10. Aurkezpen kontzertua Lugaritz Kultur Etxean (Donostia) izango da, arratsaldeko 19.30ean.

– Hizkuntza aldetik ere aniztasun askokoa da.

– Bai, gehienak euskaraz dira euskararen aldeko apustua egin nahi izan dudalako. Baina beste bi ingelesez dira, aspaldian idatziak zeudenak, eta azkena frantsesez. Frantzian eta Kanadan bizitakoa naiz, beti izan dut harreman berezia frantsesarekin eta jende askok esan izan dit kantu bat egiteko frantsesez. Nire buruari gai naizela demostratzeko modu bat izan da ere.

– Erronka izan da abestiak sortzerakoan aldaketa hori?

– Bai, hizkuntza ezberdinean sortzeak prozesua aldatzen du. Sonoritatea agian euskara eta frantsesaren artean ez da hainbeste aldatzen, baina ingelesez egiterakoan bai.

Publicidad

– Bakarlari bezela hasi duzu ibilbidea, baina jo taldean egiten duzu. Nola konposatzen duzu?

– Beste kideek ere eragina dute, noski. Hasieran sortze prozesuan ere banituen eta eragin gehiago zuten nigan, baina gustuko dudan musika eta erreferenteak ezagutzen joan naizen heinean esango nuke sortze-prozesua nireagoa izaten ari dela. Inguruko kontaktuen laguntzari garrantzia handia ematen diot eta sortutakoa gero erakusten diet dela estudioan edo taldean gaudenean haiekin abestia moldatzen joateko, baina hasierako prozesua nahiko intimoa da.

Erreferenteen garrantzia

– Beti esan izan duzu Amy Winehouse erreferentea izan dela zuretzat.

– Haurra nintzela deskubritu nuen eta bere musikak harrapatu ninduen. Bere abestiak kantatzen hasi nintzenean ikusi nuen nire estiloa hortik joatea nahi nuela eta kantuko irakasleei esker jakin nuen nire ahotseko estiloa hori zela.

Publicidad

– Ordutik besteren bat?

– Urteak pasa ahala ikusi dut nire erreferenteek patroi bat jarraitzen dutela eta gehienak Erresuma Batuko emakumeak direla. Nagusiak Adele eta Amy Winehouse dira, baina azken bi urteetan Joy Crookes, Cleo Sol, Arlo Parks, Jorja Smith, Lianne La Havas edo ENNY bezalako artistak ezagutu ditut, pop-soula egiten duten abeslariak. Hemen ez dira asko entzuten, Londresen bizi nintzen boladan ezagutu nituen gehienak.

Sormen-prozesua

«Lehen ingurukoek eragin gehiago zuten, orain hasiera intimoagoa da eta ostean elkarbanatzen dut taldekideekin»

– Zein eragin izan dute zure disko eta abestietan?

– Konturatu naiz abestiek badutela erreferente hauen 'zerbait'. Abesti batzuk zaharragoak dira eta hor agian gutxiago, baina azken urteetan egin ditudan kantuetan badago eragina. Ez da nahita egindako zerbait, ez noa kontzienteki kopiatzera. Baina puntu bat nabaritzen dut, egunero entzuten ditut eta inkontzienteki ateratzen zait.

Publicidad

– Laster abiatuko duzu aurkezpen bira. Nola planteatu duzu?

– Aurkezpen kontzertua Donostiako Lugaritz Kultur Etxean izango da otsailaren 10ean eta beste datak ixten gabiltza, aurrerago jakinaraziko ditugu gainerakoak. Diskoa Iker Lauroba, Julen Barandiaren 'Txiki' eta Haritz Laurobarekin grabatu dut eta biran zehar zuzenekoak laukotean egingo ditugu. Beste lau kantutan Andoni Etxebestek grabatu du bateria ere.

'Hemen berriro'

Egilea: Sara Azurza.

Generoa: Pop-soula.

Diskoetxea: Zart Kolektiboa.

Prezioa: 15 euro.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad