Pablo Sorozabal omenduko dute musikari eta abeslari gazteek
Euskal Herriko Gazte Orkestrak eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzak Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon eskainiko dituzte kontzertuak, abenduaren 30etik urtarrilaren 4ra
Lunes, 12 de diciembre 2022, 13:48
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) eta Euskal Herriko Gazte Abesbatza (EHGA) elkarlanean arituko dira Pablo Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrena dela eta, eta 'Gernika' oratorioa interpretatuko dute elkarrekin. Musikari eta abeslari gazteek emanaldi bana eskainiko dute Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon, abenduaren 30etik urtarrilaren 4ra, EGOren 25. urteurrenaren azken ospakizuna izango den biran.
EGOk jakinarazi duenez, Sorozabalen 'Gernika' obrarekin batera, «itxaropenari ereserkia» den J. Sibeliusen 'Finlandia Op.26', E. Griegen 'Peer Gynt (Suite 1 Op. 45 & 2 Op. 55)' eta Vaughan Williamsen 'Toward the unkown region' ere interpretatuko dituzte, Ruben Gimeno zuzendari artistikoaren gidaritzapean.
Egitaraua prestatzeko, EGOk ohiko egoitza artistikoa egiteko elkartuko da Musikene ikastegian abenduaren 26tik 29ra. Irakasle adituen laguntzarekin egingo den lanaldiaren ostean, talde gazteek kontzertu birari ekingo diote, Tolosako Leidor antzokian (abenduak 30), Donostiako Victoria Eugenia antzokian (urtarrilak 2), Gasteizko Principal antzokian (abenduak 3) eta Bilboko Euskalduna jauregian (abenduak 4).
Kontzertu bira honekin bukatuko ditu EGOk bere 25. urteurreneko ospakizunak. Urte berezi honetan, Musika Hamabostaldian bi emanaldi eskaini ditu eta Kanariasko Gazte Orkestraren bisita jaso du, EGOren historian egin den lehen orkestra trukean.