Musika sektorea «fokuan jarri» eta erronkei irtenbideak aurkitzeko topaketa
Musika Bulegoak 'Must+Pro' topaketa «profesionala» antolatu du irailaren 30ean eta urriaren 1ean Tabakaleran elkarlana sustatzeko
Musika sektorea edo industria, ez soilik oholtza gainean ikusten dena, ikaragarri aldatu da azken urteotan. Nahi den denbora-tartea zehaz daiteke. Gero eta atzerago egin aldaketa sakonago besterik ez du egingo. Horren jakitun, Musika Bulegoak 'Must+Pro' topaketa «profesionala» antolatu du irailaren 30ean eta urriaren 1ean Tabakaleran. Jakitun da Iñaki Egitegi proiektuaren arduraduna ez dela bakarra -berriki 37. edizioa bete duen Mercat de Música Viva de Vic edo azaroan 17.a izango duen Monkey Week, esaterako-, baina horien aldean «Euskal Herriko sektorea fokuan» jarri nahi da orain. Antzeko geratzen da BIME bezalako erreferentziazkoekin, topagune «erraldoia» izanik fokua Estatuari, Europari edo Amerikari lotua baitu. Bat dator Sara Azurza musikaria. «Sektorea hainbat perspektibatik batu nahi bada (musikari, programatzaile, komunitatea...) bakoitzak bere esperientzia eta bizipenak kontatzeko, hala egin behar da». Hori bai, era berean «monografikoa» ez dadin izan «parte-hartzailea eta kolaboratiboa» izan behar dela aldarrikatzen du.
Publicidad
Abiapuntu hori izan du buruan Musika Bulegoak eta horregatik mahai-inguruak baina baita masterclass, zuzeneko podcast edo showcase-ak. «Beste urrats bat emateko unea zela ulertzen genuen: foro bat eskaintzea ezagutzak partekatzeko, aukera berriak sortzeko eta gure proiektuei ikusgarritasuna emateko, tokiko zein nazioarteko esparru batean», adierazi zuten agerraldian. Asmo horri jarraiki, Egitegik azpimarratu bezala, sektore osoa bertaratzea da indargune handiena. Hark esan bezala, «musikariak, musikagileak, industria edo musika sektorean dabiltzan enpresak -teknikoak, promotoreak, zigiluak eta bestelakoak- eta azkenik zuzeneko musika ordezkatzen duten aretoak».
Bi egunez Euskadiko eta nazioarteko ekosistema musikalaren profesionalizazioa, baterako hausnarketa eta lankidetza-aukerak bultzatzea helburu izango dute. Batetik, mahai-inguru edo masterclassea bidez, akreditazio bidezko sarbidea dutenak eta, nolabait, maila profesionalagoari enfokatuak daudenak. Zer jorratuko zen, landuko ziren gaiak erabakitzeko, Musika Bulegoanek sektorearekin duen hartu-emana funtsezkoa izan da. «Sistematikoki galdetegiak egiten ditugu informazioa jasotzeko eta gehien errepikatzen direnei, kezka sortzen duten gaiei buruz ariko gara». Azurzak, dioenez, Adimen Artifizialaren erabilera eta autore eskubideak aipatu zituen.
Hala hautatu dira donostiarrak esandakoa, musika-proiektuak nazioartekotzeko estrategiak; musika garaikiderako publiko eta espazio berriak; managerrak ingurune digital eta global batean duen rola; pizgarri fiskalak Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistema kulturalera iristea; eta musikaren banaketa digitala, komunikazio-estrategiak eta osasun emozionala sektorean, besteak beste. Adimen Artifiziala bereziki garrantzitsua da ere Musika Bulegoarentzat, azken boladan jomugan izan baita «aldeko zein kontrako» jarrerekin. Topaketaren asmoa ez da alde batera edo bestera bideratzea, noski. «Ez da musikari dagokion zerbait soilik, egun garrantzitsua da eta musikan ere egon behar da. Modu optimista batetik tratatu nahi dugu», dio Egitegik.
Elkar ezagutzeko aukera
«Ez dago musikarik artista gabe, baina ezagutzen ez ditugun esparru asko daude: programatzaileak, nola iritsi audientzia guztietara edo nahi duzun targetera, komunikazioa, marka...». Diagnostiko labur eta oso zuzena botatzen du Azurzak. Azkenaren baitan izango du mintzagai donostiarrak nola sortu dezakeen musikariak marka beste praktika artistikoekin uztartuz, argazkilaritza edo ikus-entzunezkoak esaterako. «Guretzat musikaren atzean dagoen guztia jakitea garrantzitsua da eta alderantziz ere, adibidez argazkilari bati agian gure ikuspegia interesatuko zaio».
Publicidad
Programa -webgunean kontsultagai- osatuko dute, besteak beste Aitzol Astigarraga, Olatz Salvador, Mireia Madroñero, Imanol Otaegi, Julen Martín, Jordi Pons, Fermin Lorente, Alberto Muerza, Ines Osinaga, Julen Martín edo Sara Zozayak. Haien eskutik eman nahi da «pausoa». «Zerotik sortu dugu, ikasketa-prozesua izango da», diote Musika Bulegotik. Horregatik, irailean batzorde batzuk sortu ziren«martxan ditugun eta datorren hilabeteetan abian jarriko direnei buruz hitz egiteko».
Horiek ere baloratzen ditu Azurzak elkarri «aurpegia jartzeko» balioko dutelako, bai programatzaile baina baita Musika Bulegoko kideei ere. «Denak sektore berdinean gabiltza eta ez baditugu horrelako espazioak izaten, baliatzen, gaizki goaz».
Publicidad
Proposamen «dinamikoak»
Arratsaldez «kutsu dinamikoagoa» duten eta publiko orokorrari irekiak diren jarduerak izango dira, podkastak -'Benetan Zabiz?' eta 'Yoko Ona'- eta showcase deituriko zuzeneko emanaldi laburrak. Klub aretoan izango dira, lehen egunean Korrontzi, Femmm Vocal Jazz, Habia, Arima Soul eta Sara Azurza; bigarrenean Xiberoots, Andrea Santiago, Jum! eta Alatz, Heitxi eta Mugan.
Lortutako kartelarekin pozik da Egitegi, «euskal eszenaren aniztasuna» islatzen duelako: reggae, R&B edo popa, klasikoak.... Orotara «deialdi publikoan hitzartutako irizpide batzuen bidez hautatutako» 10 talde ariko dira, bost egun bakoitzean, 30 minutuko kontzertua eskainiz. Aukerara 60 taldek eman zuten izena, beraz interesa bazegoen. Denbora laburrean eskaintzen denarekin nola asmatu da buruhaustea. «Euskal Herriko zein estatuko programatzaileak izango dira, gustatuko litzaidake nire proiektua ondo defendatzea», dio Azurzak. Era berean, aukera baliatu nahi du artisten «profesionalizazioa» mahai gainean jartzeko, asko era prekarioan ari baitira. «Artista gehienak ez dira musikatik bizi. Heltzeko bide luzea dago, horretaz hitz egin eta irtenbidea emateko topagunea izatea gustatuko litzaidake».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión