'Eramaten', Liher taldearen azkena entzungai jada
Donostiarrek aurreratu dutenez aurtengo lana maxi-single bat izango da, bigarren abestia irailean kaleratuko da eta euskarri fisikoa Durangoko Azokan aurkeztuko dute.
Liher talde donostiarrak single berria aurkeztu du, 'Eramaten' eta jada entzungai dago plataforma nagusietan. Bizipen onak zein txarrak onartzeak duen garrantziari keinu egiten dio, Lide Hernando abeslariak azaldu bezala. Norberak bere burua barkatzeko garrantzia azpimarratzeko uraren metafora darabil estribiloak, 'urak dakarrena, urak daroa'.
Publicidad
Ildo horretan, aurreratu dutenez, aurtengo lana maxi-single bat izango da eta bigarren abestia irailean kaleratuko da. Era horretara, euskarri fisikoa Durangoko Azokan aurkeztuko dute.
Liher taldeak lehen diskoa, 'Hauts' izenekoa, 2016an aurkeztu zuen. Abenturari abiapuntua Lide Hernando kantari donostiarrak eman zion bakarlari modura. 'Arrazoi gutxi, denbora asko' maketa kaleratu ostean Iñigo Etxarri (gitarra, perkusioa eta koroak), Ekaitz Otxoa eta Joshka Natke (baxua) bederatzi laneko lehen CDa plazaratu zuen, rock kutsu handikoa, nahiz eta abeslariak berezkoa zuen soul estiloa erabat ez abandonatu.
Bi urte beranduago, 2018an, heldu zen 'Tenpluak erre' izeneko bigarren lana, oraingoan Iker Vazquez baterian zuela. Taldekideen iritziz «aurrekoa baino rockeroagoa, astunagoa, afinazio grabe eta distortsio gehiagokoa; stoner kutsukoa» zen eta Liher taldearen filosofia 'Arrain hilak' single-ak bildu zuen, produktu kultural errazen kontrako mezua.
2020an album berezia aurkeztu zuten, 'Hemen Herensugeak Daude' izenekoa transmedia lana. 14 kantu zituen eta ia ordubeteko iraupena, ez han ohikoa egun. Musika, ilustrazioa, narrazioa eta ikus-entzunezkoak uztartuta maitasunari, indarkeriari eta bakardadeari buruzko fikziozko istorioa aurkeztu zuten. Baterian Ander Berzosa fitxatu zuten.
Orain arte kaleratutako azken diskoa 2021eko azaroko 'Eta hutsa zen helmuga' zen. Pandemia garaian 35 kontzertu jotzeko aukeragatik pozik bazeuden ere, lanak itzuli zien osotasun sentsazioa. Aurreko lanaren zikloa garaia baino lehen amaitzea eta berriro «jaiotzearen» aldeko apustua egin zuten 11 abesti berrirekin. Abestiak aurrera joan ahala, dramaren erdigunean aurki daitekeen kolektibitatea pisua hartzen doa eta, azkenik, Jorge Oteiza maisuaren esaldiak eta ideiak erabiliz espazio hutsunea lantzen da azkenetan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión