Julenen «benetako proiektua» urte berriarekin iritsiko da
Musikari eibartarrak lehen diskoa 2023an kaleratu nahi du eta taldean lau lagun izatetik bost izatera pasako dira
Julenek urtea oholtzatik jaitsi gabe bukatu du. Abenduko azken egunetara arte kontzertuetan murgildurik egon da. Abeslari eibartarrarentzat «hazkunde handia» suposatu du 2022ak bere proiektu musikalari dagokionez. Izan ere, irailean 'Itzalaren babesean' izeneko abesti kaleratu zuen eta izandako harrera onari esker, aurrerantzean kontuan hartzeko euskal musikari batean bilakatu da. Etorkizuna lehenengo diskoaren argitalpenetik pasa daiteke, baina Julen Leturiondok argi azaltzen du «benetako proiektua» orain hasten dela.
Publicidad
Julenek egunerokotasuna, bidaiak, frustrazioak edo zoriontsu egiten duena musikaren bitartez adierazten du. «Nire musika era natural batean, hautu natural batetik, sortutakoa da», azaleratzen du eibartarrak. Pop estilora jo du «aukera gehiago ematen dituelako», baina kantautore bezala ere definitu daiteke. Abestiak berak idazten ditu eta kontzertuetan gitarra edota pianoa jotzen ditu. «Niretzat musika komunikatzeko beste modu bat da, hitzekin esan beharrean musika erabiltzen dut istorio bat kontatzeko», adierazten du. Abeslari gazte honen kantek zati instrumentalari garrantzia ematen diote testuingurua gehitzen duen «atmosfera» bat sortzeko.
Kontzertuetan ez da bakarrik aritzen eta etorkizunari begira taldeak aldaketa-urtea biziko du. Lau lagun izatetik bost izatera pasako dira, beraz, «proiektuak beste dimentsio bat hartuko du». Gainera, EP bat kaleratzea izango da taldearen helburuetako bat. «Lau kantuk osatuko dute eta disko fisikoa ezingo dugunez atera, liburuxka berezi bat kaleratuko dugu», azaltzen du Julenek. Abeslariaren aburuz, orain da proiektuaren hasiera. «Orain arte bizi izandako dena barneratu dugu eta ikasitako guztiarekin hasiko da benetako JULEN proiektua», argitu du.
Ibilbidea
Julen Leturiondo zortzi urte zituenean hasi zen bere burua musikaren inguruan janzten, gitarra eta piano ikasketen bidez eta koruan parte hartuz. JULEN izenpean eman zuen lehen kontzertua 2020ko uztailean Eibarko Untzaga plazan izan zen. «Momentura arte proiektua ez zegoen oso garatuta eta oso berezia izan zen», gogorarazten du. Abesteko aukera heldu zitzaionean, ez zuen ez errepertoriorik, ez bandarik. «Ez nekien nola egiten zen bakarkako kontzertu bat», aitortzen du eibartarrak. Hala ere, egin zuen, eta hor jartzen du «guztiaren abiapuntua».
Ikasketengatik Erasmus programarekin hilabete batzuk atzerrian eman eta gero, 2021eko otsailean hasi zen «proiektua garatzen». Banda osatu zuten eta entseatzen hasi ziren. «Uda hartan hainbat kontzertu eman genituen, eta azpimarratuko nuke Mutrikun Olatz Salvadorren kontzertu bat ireki genuela eta abenduan Anne Lukinen bat. Maila handiago batean hasi ginen», adierazten du Julenek.
Publicidad
Kutxa Kultur programan hautatua izan zen eta babes horrekin aritu da urte osoan. Laguntza honekin abestiak estudio batean grabatzea lortu du, hogei bat emanaldi eskaini ditu, Mikel Erentxuren kontzertu bat ireki du eta Donostia Festibalean eta Atlantikaldian parte hartzeko aukera izan du. «Urte hau ikasteko eta oholtza gainean indartsuago eta seguruago egoteko izan da», laburbiltzen du. Denbora honetan proiektua garatu da eta profesionalagoa dela dio. «Industrian, txikia bada ere, gure lekua egin dugu».
Estudio batean izandako lehen esperientzia 'Ixilduak' abestiaren grabaketarekin izan zen. «Gauza on asko eman dizkit kantu horrek», argitzen du Julenek. Abestia kaleratu baino lehenago zerbait berezia egin nahi zuen, eta aurrestreinaldi bat prestatu zuten apirilean Eibarko Koliseo antzokian. Publikoarentzat formatu berria izan zen: ez zen kontzerturik egon, bideoklip baten aurkezpena izan zen, artistak, hitzaldiak, lantalde teknikoaren esperientzia… «Oso berezia izan zen eta jende asko bildu genuen, bereziki musika industriako jendea», dio abeslariak.
Publicidad
Abestiak sekulako harrera eman dio, entzuleengandik abegi hobeezina. Gipuzkoan aritu da gehienbat, eta adibidez, «Bilbora joan nintzenean, jendeak `Ixilduak´ abestia ezagutzen zuela ikusi nuenenan sinesgaitza egin zitzaidan». Proiektua ez zuen helburu jakin batzuekin sortu, eta horregatik iruditzen zaio izugarria lortu duen guztia. «Aurten horretan egin dut bereziki lan, helburu konkretu batzuk zehazten eta zenbait gauza argi definitzen saiatzen», azaltzen du eibartarrak.
Itzalaren babesean
'Itzalaren babesean' izan da Julenek kaleratutako azken kanta. «Abesti hau elkarlan bat izan zen, letra Naia Aizpuruak idatzi eta nik melodiara egokitu nuelako», azaldu du. Abesti berri honen bideoklipa estetikoki izugarri gustatzen zaio eta emaitzaz harro agertzen da «momentu hartan genituen baliabideak kontuan hartuta».
Publicidad
«Bitxikeria bezala konta dezaket bideoklipa abestia baino lehenago grabatu genuela, lehen bertsio batean oinarrituta», aitortzen du. Berari ez ezik, publikoari ere gustatu zaio egindako lana, eta kantu honek maila profesionalean aritzen diren zenbait artistarekin harremana egiteko aukera eman dio.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión