Borrar
Alos Quartet taldeko kideek oso ikuskizun berezia prestatu dute Arantzazuko emanaldiari begira. Alos Quartet
Alos Quartet | 'Hariz Harri'

Ibilbidea destilatuta, taldean topa egiteko ikuskizuna

Errepertorio propioa «hari» izanda eta hainbat lagun gonbidatuta, Alos Quartet-ek 'Hariz Harri' emanaldi «oso berezia» eskainiko du Arantzazun

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 17 abuztua 2025, 00:22

Comenta

Musikan «hilabetez hilabete eta urtez urte hamaika proiektutan murgilduta» bide ederra egin du Alos Quartet taldeak, aniztasun edo eklektikotasuna ezaugarri nagusi izanda. «Nahiko musika klasifikaezina gara, ez klasiko, ez herrikoi... Ur ezberdinetan igeri egin dugun taldea gara», iritzi du Xabier Zeberiok. Hori ezagun, Donostiako Musika Hamabostaldiak eskari «berezia» egin zien, Arantzazuko Basilikan (Oñati) Alos Quarteten emanaldia eskaintzea, eta proposamenaren arduraz jakitun, baina batik bat «opari» edo «karamelu» bezala jasorik, hilabete luzetako aurreprodukzio lana egin dute kideek 'Hariz Harri' ikuskizuna eskaintzeko. Abuztuaren 21ean izango da, jada sarrera guztiak saldurik, eta gonbidatu «plantel» itzelarekin, konplize izango baitituzte kantuan Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte eta Amorante, Iñar Sastre pianoan eta Amaia Elizaran dantzan.

Ikuskizuna bera ere, ez da batere «monotonoa» izango estilistikoki, artistikoki, ahots zein forma edo molde aldetik, buelta asko eman baitizkiote. «Une oso intimoak egongo dira, sotilak, baina baita festa ere, denetarik egongo da: oso gauza sentiberak, kañeroak, instrumentalak, kantatuak... Denetarik. Intentsitate aldetik gorabehera handiak izango ditu emanaldiak. Horretan jarri dugu enpeinua, bertaratu dena etxera joan dadila pentsatuaz 'hau bizi izan dut eta merezi izan du'», aurreratzen du Zeberiok. Bide horretan oso eskertuak dira inplikatuek jarritako «ilusio eta entregarekin», musikaren gainetik tolosarrarentzat ekimeneko politena eta gehien bete duena. «Guztiei ematen die ilusioa eszenatokia elkarbanatzea. Hiru belaunaldi batuko ditugu, Natxo, Amorante eta Gorka eta Olaia. Hori errepikaezina izango da, oso gauza puntuala izango da».

Abiapuntua edo «haria» taldearen errepertorioa izango da. «Emanaldi bat da, ez festibala, eta ezin duzu jendea bi ordu eta erdiz izan. Horri buelta asko eman dizkiogu, nola destilatu tanta horiek guztiak», elkarrizketan egon daitezen bilatuz, emanaldiak koherentzia izan dezan bermatuz. Noski, gainera, oholtzan bidaide izango dituztenekin adostuz zer eskaini. Hori gutxi balitz, uneren batean gonbidatuen kantuak edo bertsioren bat txertatzea ere pentsatu zuten. «Aurreprodukzio horretan lan asko egin dugu, moldaketa bereziak egin ditugu denontzako kontzertuari begira». «Ditxosozko problema gustuko gauzak kanpoan utzi behar dituzula», dio umorez Zeberiok. Elementuak, konposizioak edo estiloak «mundu ezberdinak» badira ere, «hari batek» zeharkatuko ditu: «alde humanoak», dio Zeberiok. «A priori ez dira berdinak, baina denek miresten dute ondokoa».

«Emanaldia da, ez festibala, buelta asko eman dizkiogu zein kantu eta kolaborazio hautatu, ditxosozko problema!»

Emaitza osatu ahala oso argi zuten «zerbait oso berezia» zela esku artean zutena, baina baita horrek ez zuela ezer bermatzen. «Gauza bat da zuk espero duzuna eta bestea jendeak nola hartuko duen, gure proposamenak ez genekien nolako oihartzuna edo erakarpena izango zuen». Horregatik, sekulako poza eta babesa izan da Arantzazurako salgai jarritako 1.300 sarrerak emanaldia baino bi aste lehenago agortzea. Ez hainbeste 'sold out'-aren kulturagatik, talde bezala ez baitute inoiz izan buruan, gehiago «errekonozimendua» delako. Bidean plantelak eragin duela argi dute, era berean. «Egun dagoen eskaintza guztiarekin, bizi dugun bonbardaketa honetan, eromen total eta absolutua da maiz. Pertsonalki, gure espektatibak gainditu dira eta dena emateko eta gau polit bat pasatzeko poz eta ilusio bikoitza ematen digu». Hala, aurrez eskerrak ematen dizkie bertaratzeko hautua egin dutenei. «Jendeak ikusi du emanaldi bat erakarpen handiago izango duena. Baina Arantzazura joan egin behar da, kotxea hartu behar da eta kilometro batzuk egin, ez da hiriburu batean egindako emanaldia».

Ibilbidean mugarri

Hilabete luzetako lana du atzean 'Hariz Harri' ikuskizunak eta Zeberiok argi Alos Quartet taldearen ibilbidean mugarri izango dela. Iaz urte polita izan zen, mugitua, 25. urteurrena zela-eta bira berezia egin baitzuten, baina Hamabostaldiaren eskaintza ezin igarotzen utzi. «Zortedunak sentitzen gara, ezin diozu ezetz esan, non sinatu behar da? Hilabeteak daramatzagu lanean ilusio horrekin, ondo prestatu nahirik, ez gera talde bat 80 kontzertu ematen dituguna urtean, horrelako emanaldi batek ez du lan normala ematen. Unikoa da».

Gonbidatuetan hiru belaunaldi batu dituzte, Natxo de Felipe, Amorando edo Gorka Urbizu eta Olaia Inziarte

Hala, puntu bateraino pena edo amorrua ere sentitzen dute, hainbat jende sarrera gabe geratu dela jakitun direlako. «Horrelako gauza bat, hainbeste ilusiorekin prestatzen duzunean, nahi duzu ahalik eta jende gehienarengana heldu. Bi pase ere egingo genituzke, jende askok idatzi digu sarrera lortu nahian». Ez dute, beraz, aterik ixten bestelako emanaldiren batean erreplikatzeko aukera eskaintza jasoz gero.

Zaleen pozerako, horrek ez du esan nahi unean kontu bat eta bakarrarekin ari direnik. Emanaldiaz harago, begi bat dute hurrengoan, 2026ko urtarrilean Eñaut Elorrietarekin hasiko duten bira. «Isilxeago gabiltza proiektu bezala, baina geratu gabe. Oso zortedunak sentitzen gara, hilabetez hilabete eta urtez urte hamaika proiektutan murgilduta gabiltzalako. Satisfazio handia da», dio pozik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ibilbidea destilatuta, taldean topa egiteko ikuskizuna

Ibilbidea destilatuta, taldean topa egiteko ikuskizuna