Hiru kontzertu eskainiko ditu Kalakan taldeak Sarako kobazuloetan
Urriaren 6tik 8ra izango dira, folk musikari, polifonia tradizionalei eta capella kantuari «omenaldi» modura
Folk musikari, polifonia tradizionalei eta capella kantuari omenaldia egiteko Kalakan taldeak hiru kontzertu eskainiko ditu Sarako kobazuloetan, «oso gune berezi eta magikoan». Urriaren 6an, 7an eta 8an izango dira eta emanaldi bakoitzean artista gonbidatuak izango badira ere, hiru ikuskizunek izendatzaile komuna izango dute. «Ekitaldi berezia izango da gurekin bost talde edo artista igoko direlako agertokira», azaldu dute.
Publicidad
Hala, lehenengo egunean Hego Amerikako folk musika izango da, Aguamadera talde argentinarraren eskutik. Bigarren egunean, hilaren 7an, larunbatean, Bigorre taldearen Allegria eta Berçaits Anaiak igoko dira oholtzara, eta jaialdia amaitzeko, igandean, hilaren 8an, txalapartaren txanda izango da, Hutsun talde nafarrarekin eta Xabi Aburruzagaren trikitiarekin. Hiru emanaldietarako sarrerak jada salgai daude.
-
Urriak 6: Aguamadera.
-
Urriak 7: Allegria eta Berçaits Anaiak.
-
Urriak 8: Hutsun eta Xabi Aburruzaga.
Hego Amerikako estiloetan inspiratutako abesti propioak ekarriko ditu Aguamadera taldeak, konponketa sotil eta dotoreekin eta, batez ere, letra poetikoekin. Gitarra klasikoa, baxua eta perkusioa nahasiko dituzte «musika folklorikoaren aberastasuna eta aniztasuna» gogora ekarriz.
Allegria abeslariak Bigorren herri-kantuaren tradizioa transmitituko du, bertako eta Biarnoko mendietako polifonia tradizionalak berrartuz, bai kantu sakratuak bai artzainen aieneak. Ostean, Lohitzuneko Berçaits Anaiek euskal kantu tradizionalak a capellan kantatuko dituzte «ahanzturan eror ez daitezen».
Azkenik, Mikel Urrutiak eta Anai Gambrak osatutako Hutsunek txalaparta emanaldia eskainiko dute eta Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarrak euskal folka mundura begira jarriko du hainbat moldaketa eta instrumentazio koloretsurekin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión