Beste bultzada bat Beatriz Arzamendiren 'Sorginen soinua'-rentzat
Konpositore arrasatearraren poema sinfonikoak SGAE Fundazioaren laguntzetako bat jaso du, eta aurreikuspenen arabera 2022/2023 denboraldian estreinatuko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoak
Asteartea, 16 martxoa 2021, 09:34
Beatriz Arzamendi konpositore arrasatearrak SGAEk kideen artean sorkuntza artistikoa sustatzeko ematen dituen sei laguntzetako bat jaso du. Arzamendiren hautagaitza Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (OSN) aurkeztu zuten.
OSN, hain zuzen, AEOS Espainiako orkestra sinfonikoen elkarteko kide da. Elkarte horrek SGAE Fundazioarekin duen akordioaren arabera, 36.000 euroko funtsa jartzen da urtero sortzaileen esku, pizgarri gisa. Hartzaile bakoitzak 6.000 euro jasotzen ditu.
Egitasmo horren onura jasoko duen Arzamendiren lana 'Sorginen soinua' da, orkestra handirako poema sinfonikoa, gai nagusitzat duena sorginen inguruko fenomenoaren eta emetasunaren adierazpenaren arteko harreman eztabaidatua.
«Beti erakarri nau asko sorginen mundu magiko, iradokitzaile eta misteriotsuak. Sorginen inguruko mito eta superstizio asko euskal tradizioak eta kulturak jaso dituzte, eta nik etxean entzun izan ditut. Sorgintzat hartzen zituzten emakumeak espiritu gaiztoen menpe zeudela uste zuten, eta horrek ahalbidetzen zuen batere kontzientzia txarrik gabe haiei egoztea gertatzen ziren ezbeharrak. 'Sorginen soinua'-k mundu fantastiko hori islatzen du eta, azken batean, sorginkeria zela eta jazarriak izan ziren emakumeei egindako omenaldia da», azaldu du egileak.
Hamar minutuko iraupena du piezak, eta aurreikuspenen arabera 2022/2023an estreinatuko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Iruñeko Baluarte Auditorioan. Tuteran eta Tafallan ere aurkeztuko dute.