Infinitua da musikaren mundua, galaxia, unibertsoa. Infinituak ere bertan gordetzen diren sekretu eta altxorrak. Nekaezinak zaletu, sortzaile eta adituen esplorazioak, miaketak. Ederrak oso, bikainak, apartak, etengabe aurkitzen diren harribitxiak
Publicidad
Egunotan lau haizeetara zabaldu da berria, Johann Sebastian Bach maisu handi handiaren bi lan ezezagun bilatu dituzte Leipzigeko Artxiboan. Aspaldi zaharretik zebiltzan ikertzaileak peskizetan Aspalditik, bai. Badira 30 urte jarduten zutela bila. Jende askok dio atzoko, gaurko eta biharko musikari guztiak Barroko garaiko alemaniar konpositore, musikari, orkestra-zuzendari, kapera-maisu, abeslari, irakasle eta organo-jotzailea izan zenaren ondorengoak direla. Denak, bai. Eta ez bakarrik bere musika inspirazio edo bultza hartu zuten Mozart, Mendelssohn, Schumann, Liszt, Brahms, Schönberg eta antzekoak. Guzti-guztiak diotsuet berriro. Baita Johannen musika jazzarekin maite maite uztartu, zipriztindu, busti edo bildu zuten Donostiako Iñaki Salvador eta Madrilgo Alexis Delgado piano-jotzaile ezin ausartago eta finagoak ere (entzun itzazue, otoi 2014an eta 2019an kaleratu zituzten Johann Sebastian Jazz eta House of Mirrors diskoak…).
Gaur arte, Brandenburgoko Kontzertuak konposatu zituen autorearen lan guztiak(ustez) biltzen dituen Bach-Werke-Verzeichnis (BWV) izeneko bilduma ikaragarrian 1177 pieza zeuden. Alta, jakintsuak susmo ederretan zeuden, makina batek beste bi txakona (dantza espainiar batetik datorren modu musikal barrokoa, hots)ez ote ziren izango pentsatzen zuten. Ez ziren ez erratuak, ba zeuden eta agertu dira.
1178 eta 1179 zenbakiak dute, dagoeneko, abizen Re Minorren eta Sol Minorren sortuak izan ziren bi lan horiek, zeinak, jada, YouTuben baitaude entzungai, Rosaliaren Luxi berari konpetentzia egiten entzule-kopurua dagokiolarik
Egun bertsuetan, Montserrat Monasteriaan deskubritu dute Luigi Boccheriniren lan izugarri bat, Ostegun Santuko Erosta izena duena. Garrantzi handiko aurkikuntza hau ere zeren badirudi Boccheriniren Stabat Mater arras famatuaren abiapuntua izan zela. Zergatik bilatu dute Montserraten? Han gordetzen baitira Madrilgo Real Monasterio de la Encarnacion delakoan kontserbatzen ziren lan anitzak.
Publicidad
Oraingoan ere, musikologo bat detektibe lanetan izan da ibilia. Lluis Bertran du izena eta Zientzia Musikaletan da aditu eta aritua. Non? Madrilgo Complutense Unibertsitatearen Institutuan.
Toskanan jaiotako Luigi Boccherinik familia osoa zuen musikara dedikatua. Inork ez omen zuen berak bezala biolontxeloa jotzen. Madrilgo kortean finkatu zen eta Madrilen sortu bere lan denak. Ospe handi eta merezia du bere Madrilgo kaleetako gau musika delakoak , baita Seigarren Sinfoniak ere.
Ostegun Santuko Erosta ez da oraindik jo izan jendearen aurrean. Abenduaren 3an aurkeztuko dute Madrilgo Erregeen Jauregiko Kaperan. Nortzuek jo? Nereydas izeneko talde txit gorenak. Estreinaldi horretan, Luigiren omenetan Guillermo Turina musikariak 1700 urteko Stradivarius biolontxelo miragarri bat joko du…
Publicidad
Musikaren unibertsoak infinituak direnez, infinituak dira beren ertz eta amildegietan suertatzen diren aurkikuntzak. Belarriak tente, entzun itzazue sareetan Bachen eta Boccheriniren azken 'hit'ak…
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión