Abuztuaren 29an helduko da Jurgi Ekizaren 'Argitzala' diskoa
Iraila eta urrirako 21 kontzertu iragarri ditu musikari lapurtarrak
Jurgi Ekiza (Baiona, 1980), Willis Drummond-eko kantaria eta gitarristak, 'Argitzala' diskoa kaleratu eta honen aurkezpen birako datak iragarri ditu. «Laburra baina intentsoa», esan du. Abuztuaren 19an kaleratuko dela aurreratu du eta ostean 21 kontzertu eskainiko ditu, lehena irailaren 18an Bilboko Kafe Antzokian eta azkena urriaren 28an Baionan.
Urte luzez Willis Drummonden, bakarka ere aritua da Ekiza. Orain, musikari lapurtarrak hirugarren bakarkako lana ondu du estudioan. «Makro ekitaldien garaian bizi garela dirudi, eta euskarak ere behar ditu halako espazioak, eta erakutsi gai garela horretarako ere. Baina nik horretan ez dut interesik nire proiektuarentzat, niri txikitik eta gertutik aritzea gustatzen zait», adierazi du Ekizak.
Bilboko emanaldiaren ostean, biharamunean Elizondon izango da, irailaren 20an Azkoitian, 21ean Mutrikun, 23an Oñatin, 25ean Maulen, 26an Gasteizen, 27an Laudion eta 28an Larraunen. Apenas atsedenik gabe, urria ere kontzertuz kontzertu ariko da: 2an Ugaon, 3an Orexan, 0an Abadiñon, 10ean Seguran, 11n Larzabalen, 12an Tolosan, 14an Lazkaon, 16ean Iruñean, 17an Lizarran, 18an Donostian, 19an Irurtzunen eta aipatu bezala, oraingoz azkena 28an Baionan.
Ez da emandako albiste bakarra, aurrez Paxkal Irigoyen musikariarekin batera abentura bereia gzautauko baitu: bira bat akustikoan eta belaontziz. Euskal Herrian abiatu eta Galizian, Baionan amaituko du bidaia. Tartean Itsasu, Donostia, Pasaia, Saturraran, Bermeo, Pontevedra, Deba edo Zarautz, besteak beste, igaroko dituzte. Geltoki bakoitzean kontzertu akustiko eskaintzea da asmoa.