'Mira Hadi', Eulalia Abaituaren begirada berreskuratzen duen ikuskizuna
Loraldiaren ekoizpen propioaren gidoia Patxo Telleriarena da, eta Getari Etxegaraik eraman du aurrera, Ana Pikazarekin eta Maite Larbururekin batera
Asteazkena, 2 martxoa 2022, 13:13
Aspaldikoa bada ere, Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) ez da iragana, tarteka sortzen baitira alde askotatik begiratuta aitzindaria izan zen emakume argazkilariaren lana gogora ekartzen duten jarduera eta egitasmoak. Horietako bat jarri du abian Loraldia Kultur Elkarteak, aurreneko euskal argazkilaritzat hartua izan dena omenduko baitu 'Mira Hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan' ikuskizunaren bidez.
Ohar baten bidez adierazi dutenez, «aurreko edizioetan Anton Abbadia, Elkano edota Iparragirrerekin egin den bezala, euskal kulturaren pertsonai erreferente bati merezi duen errekonozimendua eskaintzea eta balorean jartzea» da 'Mira Hadi'-ren helburua. Martxoaren 15ean izango da hori ikusteko aukera Arriaga Antzokian, 19:30ean. Ikuskizunak «haren bizitza puskak kontatuko du begirada garaikide baten bitartez. Gure memoria bisualaren artisau ezinbestekoa izan baitzen. Eulalia Abaitua, argazkilaritzan aitzindaria».
Protagonista Eulalia Abaitua da, baina hiru emakume izango dira omenaldi hau aurrera eramango dutenak. Gidoia Patxo Telleriak idatzi du, eta Getari Etxegarai zuzendariak beste bi emakumeren laguntzarekin eraman du aurrera proiektua. Teatro kontaketaz Ane Pikaza arduratuko da, argazkilariaren bizitza eta memoria osatuz. Maite Larburuk, musikaren bitartez, «histori miresgarri honek merezi duen giroa prestatu du. Soinu-banda berak sortu du eta zuzenean joko du». Ikus-entzunezko arloari dagokionez, Eulaliaren argazkien bildumaren zati bat ezagutzeko aukera egongo da, betiere gaurko ikus-estetikara moldatuta, Alphax estudio bilbotarraren eskutik.
Biran ibiltzeko sortua
Loraldia Kultur Elkarteak Festibalaren edizio guztietan euskal kulturaren erreferente baten irudia hartu eta gaurko begiradaz interpretatuz produkzio propio bat sortu izan du, «industria sustatzeko, euskal erreferenteak gaurko garaietara ekartzeko eta balorean jartzeko eta diziplina ezberdinak uztartzen dituzten lanak sortzeko».
Horrela sortu zituen, besteak beste, 'Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara';' Mundu bira. Elkano, Primus'; edota 'Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari'. 'Mira Hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan' lanak elkartearen beste helburuetariko bati eutsi nahi dio, emakumeen irudia nabarmentzeari. Ekoizpen hauek Euskal Herrian zehar biran ibiltzeko asmoarekin sortuak dira eta «horregatik obra txiki eta jasangarriak izaten dira».
Protagonistari dagokionez, esan bezala 1853. urtean jaio zen Bilbon Eulalia Abaitua Allende-Salazar. Nerabe zela Liverpoolera joan zen, eta bertan argazkilaritzaren mundua deskubritu zuen. Ingalaterran ikasi zuena Euskal Herrira ekarri zuen, eta euskal ohitura eta festak betikotu zituen bere irudietan. Horrela bihurtu zen Euskal Herriko lehendabiziko argazkilaria. Bere lanetan herri xehea eta eguneroko bizitza jarri zituen kamararen beste aldean, batez ere emakumeak. Oraindik nahiko ezezaguna den Eulalia Abaitua argazkilaritza antropologikoaren ordezkari bikaina izan zen.