«Literaturtasuna xumearen ederretik bilatzen saiatu naiz»

Idazlea ·

Lunes, 5 de octubre 2020, 11:13

Ornitorrinko bat ageri da 'Dendaostekoak' (Susa) liburuaren azalean. Elgoibarko San Frantzisko kaleko Pitxintxu denda bezala, «hibrido sailkaezin bat. Desagertzeko arriskuan dagoen espeziea». Ornitorrinkoak eta beste gairen batzuk izan ezik, ia denetarik saltzen da orain dela 42 urte Izaskun eta Mari Jose Estibaritz ahizpek –jostuna bata, brodatzailea bestea, geldi egoteko txarrak biak– ireki zuten dendan. Ia denetarik pasa zaie 1978an denda askatasunerako pasabide bilakatu zitzaienetik. Ia denetarik ikusi eta ikasi dute. Eta ia denetarik kontatu zioten Uxue Alberdi Estibaritzi (Elgoibar, 1984), 2019ko urritik 2020ko martxora arte asteazkenero dendaostean izaten zituzten bizpahiru orduko solasaldietan. 'Dendaostekoak' hizketaldi haien ordain literarioa da, den-denari buruzkoa, zeren eta denda bat, are gehiago dendaoste bat, gauza askori buruz jarduteko toki aproposa baita.

Publicidad

– Pitxintxuren eta bertan lanean jarraitzen duten Mari Jose eta Izaskunen historia zure historia ere bada, baina haiek dute hi-tza.

– Bai, denda horretako alaba naiz, baina 'Dendaostekoak' ez da hortik irakurri behar. Liburu honen atzean badago –nire kasuan, ez liburuarenean– Pitxintxurik gabeko Elgoibar batek sortzen didan nostalgia antizipatu bat, horixe delako haurtzaroarekin eta jaioterriarekin daukadan azkeneko lotura sendoa. Baina gauza bat da idazlearen bulkada pertsonala eta beste bat emaitza, liburua bera, eta hori ez da batere nostalgikoa. Badu literaturak berezkoa duen denbora harrapatu nahi hori, baina beraien kontatzeko moduan–autoironia hori, umore hori...– ez du tokirik nostalgiak. Iraganari buruz hitz egiten dute, baina etorkizunera begira.

«Argi neukan dendariarena izan zitekeela ikuspuntu oso polita hainbat gauzari begiratzeko»

– Kontalari apartak ez ezik, solaskide eskuzabalak izan dira.

– Erabat. Askotan sentitzen nuen, gainera, hitz egiten zutela ni alaba edo iloba nintzela ahaztuta. Dendaren historia, kale horren historia, herriaren eta jendearen historia senidetasun harremanetatik aparte ikusi ahal izatea luxu bat izan da. Elkarrizketekin hasi nintzenean ez neukan oso argi zer egingo nuen jasotakoarekin, baina ezagutzen naute eta bazekiten ez zela kajoian geldituko. Konfiantza artistikoa garrantzitsua izan da. Liburuetan eta literaturaren ahalmenean sinesten dutelako, irakurleak direlako, sinestu dute pertsonatik pertsonaiarako saltoa egin zezaketela, eta horrek asko lagundu du.

– Zer iruditu zaie emaitza?

– Beraientzat ez da batere erraza izan, herri mailan izan duen inpaktuagatik, baina aldi berean uste dut konsziente direla liburu honek, beraien historia partikularra jasotzeaz gain, baduela beste balio bat, legatu bat dela. Jende askok esan die biluztu egin direla, baina ez dira biluztu, ez da striptease bat izan, kontrakoa baizik. Helburua zen hastea denda konkretu batetik, eta espirala zabaltzea nahi beste; beste kale batzuetara, beste herri batzuetara, edozein irakurlerengana. Saiatu naiz hori egiten literaturaren erremintekin.

– Nolakoa izanda erreminta horiek baliatuta testigantzak literatura bihurtzea?

– Hizkuntzaren aldetik, esate baterako, erronka izan da. Bi emakume euskaldun berri dira, haien euskara ez da beti zuzena, baina aldi berean oso espresiboak dira. Hitz zuzenekin azaltzen ez dutena adierazten dute oker, edo keinu batekin, edo gaztelaniazko makuluekin, edo hizkuntza asmatuz... Banekien sortu behar nuela hizkuntza bat euren neurrikoa, sinesgarria zitzaidana, eta orduantxe konturatu nintzen bilatu behar nuela literaturtasuna xumearen ederretik. Hori egiten saiatu naiz, hau ez zelako ideia eta esaldi dirdiratsuetarako liburua. Haien hitzak euskara zuzenera ekarri behar nituen, baina ezkutatu gabe beraiek nondik eta nola hitz egiten duten. Literaturaren dendaostea ere bada liburu hau. Liburu bakoitzak proposatzen du literaturaren ideia jakin bat, eta honetan saiatu naiz literaturtasuna lortzen orain arte erabili ez ditudan estrategiekin.

Publicidad

– Dirdira atera diezu gauza txikiei eta ezagutza gutxietsiei, 'historiaosteko'-aren osagaiei.

– Nik argi neukan hori zela garrantzitsua, baina beraiek askotan pentsatzen zuten kontatzen zizkidaten gauzek ez zeukatela interesik. Fikzioa idazten dudanean bezala ibili naiz, beraiei eskatzen pertsonaiei eta espazioei eskatzen diedana, tiraka eta tiraka... Hasieratik neukan buruan 'dendaoste' kontzeptua zentzu zabalean, banekielako 42 urteren buruan historia pasatzen dela era guztietako jendea sartzen den denda batetik. Dendek emakumeen saretzean eta ahal-duntzean duten garrantzia ikusita, gainera, argi neukan dendariarena izan zitekeela ikuspuntu oso polita hainbat gauzari begiratzeko.

– Azken hamarkadetako gai potolo ia denen inguruan aritu dira.

– Hala da, badaude kontu soziopolitikoak, ekonomikoak, ekologikoak, kulturaren ingurukoak eta, batez ere, kontu humanoak. Ez dute analisi teorikorik egingo, baina gai horiek guztiak daude kontatzen dituzten istorio eta pasarteen atzean, gertatzen den guzti-guztiak duelako eragina dendan eta, horrez gain, emakume konprometitu eta aktiboak direlako. Galdetu eta galdetu, ertz gehienak ekartzen saiatu naiz eta, aldi berean, balio txikia ematen zaien jarduerak eta jakintzak nabarmentzen.

Publicidad

– Deigarria da ze gutxi kexatzen diren, nola kudeatzen dituzten eragozpenak eta nolako kemena duten aurrera egiteko, amore eman gabe, umore onez eta bizitzaz disfrutatuz.

– Horrek badu zerikusia beraien izaerarekin, baina horrez gain uste dut adierazten dituztela bizi-tza duinaren edo bizitza bizigarriaren ardatz diren hainbat gako. Dendako lana fisikoki oso nekagarria bada ere, jendearekin duzun eguneroko igurtziak on egiten du. Horrelako dendetan, horrelako tabernetan, badago ongizate bat ez duzuna sentitzen gaur egungo kafetegi eta museoetako eraikin hipermoderno eta inpolutuetan. Eguneroko harreman horiek laguntzen dute behar emozional eta sozialak betetzen, eta alde horretatik ere desager-tzen ari den unibertso baten kronika da. Ez dago kexarik, ez dago kritikarik, baina erakusten dituzte gaiaren inguruko hainbat gako, pentsarazten didatenak oro har gero eta tristeago eta bakartuago bizi garela.

– Adin jakin bateko irakurleak erraz murgilduko dira dendaosteko giroan; irakurle gazteago askok deskubritu egingo dute mundu hori. Zeuk deskubritu duzu al duzu ezer berririk?

– Idazle bezala, prozesu oso polit eta interesgarria izan da pertsonak pertsonaia bilakatzen ikustea. Ikuspegi pertsonalari dagokionez, fikzioa ez izan arren literatur lana denez, saiatu naiz distantziak gordetzen. Ez dago alaba eta iloba izaeratik idatzita, eta beraiek ere beste toki batetik hitz egin dute. Horregatik, beraien bizitzek hanka asko dauzkatelako eta liburuan, dendan bezala, jende asko dabilelako sartu-irtenean, izan dut hainbeste gauzari buruz aritzeko aukera.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad