Uxue Apaolazaren 'Bihurguneko nasa'-rentzat Euskarazko Literatura saria
Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak Leire Bilbao eta Maite Mutuberria izan dira, hurrenez hurren
m. imaz
Osteguna, 13 urria 2022, 12:09
Uxue Apaolaza hernaniarraren 'Bihurguneko nasa' ipuin-bilduma, Susak argitaratua, izan da Euskarazko Literatura Saria esleitu duen epaimahaiaren ustez 2021eko literatur lanik onena, ostegun goiz honetan Gasteizko Artium Museoan Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Polititako sailburuak jakitera eman duenez. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako lan saritua Leire Bilbaoren 'Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk' (Pamiela) izan da, eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateean Maite Gurrutxagaren 'Irrimola' (Ikaselkar) saritu dute.
Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osatu dute Euskarazko Literaturako epaimahaia eta beraien iritziz Uxue Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' liburuak «identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen».
Euskarazko Literatura
-
Izenburua: 'Bihurguneko nasa'.
-
Egilea: Uxue Apaolaza (Hernani, 1981).
-
Argitaletxea: Susa.
-
Orrialde kopurua: 136.
-
Salneurria: 15,20 euro.
Haur eta Gazte Literatura
-
Izenburua: 'Bihurguneko nasa'.
-
Egilea: Leire Bilbao (Ondarroa, 1978).
-
Argitaletxea: Pamiela.
-
Orrialde kopurua: 128.
-
Salneurria: 17 euro.
Literatur Lanaren ilustrazioa
-
Izenburua: 'Irrimola. (Liburu borobila)'.
-
Egilea: Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985).
-
Argitaletxea: Ikaselkar.
-
Orrialde kopurua: 28.
-
Salneurria: 19,50 euro.
Leire Bilbaoren 'Barruko hotsak' lanari buruz epaimahaiak uste du «forma aldetik, poesia bisuala dela, kaligramaren generoa berritzen duena, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia-jolasen eta irudien ustekabeko uztarketek eragiten duten txundidurak askotariko irakurketak egiteko aukera eskaintzen duena».Hain zuzen ere aurten Literatura Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria jasoko duen Maite Mutuberriarenak dira Leire Bilbaoren liburua osotzen duten ilustrazioak.
Maite Mutuberriak berak 'Irrimola. (Liburu borobila)' liburuagatik jasoko du aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazioaren kategorian Euskadi Literatura saria. Epaimahaiarentzat Mutuberriaren lanak «album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen».
Azaroaren 24an Donostian, Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan, egingo da sariak banatzeko ekitaldia. Guztira zazpi sari banatuko dira eta datorren astean iragarriko dira falta diren gainontzeko laurak: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.