Euskadi Sariak. DV

Unai Elorriaga, Karmele Mitxelena eta Maite Rosendek jasoko dituzte Euskadi Sariak

Hiru nabarmenduen lehen Euskadi Saria bada ere, hiruek lortu dituzte zenbait aipamen ibilbide literarioan

Jon Agirre

Bilbo

Lunes, 6 de octubre 2025, 11:53

Iazko aspaldiko urteetako uzta onenetakoa edo anitzenetakoa izan zela maiz azpimarratu zen pasa den Durangoko Azokan eta horietatik hiru hautatu ditu Euskadi Sarietako epaimahaiak, Unai Elorriagaren 'Franceso Pasqualeren bosgarren arima' (Susa) Euskarazko Literatura kategorian, Karmele Mitxelenaren 'Aitona Floren (Elkar) Haur eta Gazte Literaturan eta Maite Rosenderen 'Traba' (Denonartean) Literatur Lanaren Ilustrazioan, Bilbon egindako agerraldian jakinarazi dutenez. Bertan izan dira sarituak eta Ibone Bengoetxea Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Hiruen kasuan lehen Euskadi Saria da, nahiz eta bestelako aitortzak eskuratu dituzten.

Publicidad

Liburuaren aurkezpenean Elorriagak (Algorta, 1973) aurreratu zuen eleberria idaztea abentura izan zela, haren «arima kontrolatzea» kosta zitzaiola. Eta Patxi Zubizarretak, Maitane Perezek, Alexander Gurrutxagak Pello Otxotekok eta Danele Sarriugartek osatutako epaimahaik «apustu literario» sendo hori aitortu dio ebazpenean. «Nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzailea» osatuz jardun zuela Arbaso baten ibilerak abiapuntu hartuta eta informazio exkax horren hutsuneak imajinazioari tiraka idatzitako testuan.

«XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan, protagonistaren inguruko hainbat narrazio harilkatzen dira, ez derrigor hari buruzkoak, baina molde batean edo bestean lotuak betiere. Narrazio gisa, biribilak eta indartsuak dira pieza asko; elkarrekin, berriz, collage zabal bat osatzen dute protagonistaz eta haren garaiaz. Espazioan mugituz doa kontakizuna, Italia hegoaldean hasi eta Euskal Herrira iritsi arte, eta, bide horretan guztian, ondo karakterizatutako pertsonaia askoren bizipen eta peripeziak agertzen dira, istorio eta gai askotarikoak (maitasuna, laguntasuna, indarkeria, zahartzaroa, etab.), gordintasunari iskin egin gabe. Narratzeko baliabide ugari ditu idazleak (pertsona narratibo ezberdinak, perspektiba jokoak eta abar), modu eraginkorrean baliatzen dituenak kontatzen ari denaren arabera. Goi mailako apustu literarioek ohi duten eran, irakurketa aktiboa eskatzen du 'Francesco Pasqualeren bosgarren arimak', ez baita nobela ohikoa, eta irakurlearen esku geratzen da, finean, hariak jostea eta elipsiak betetzea», gehitzen du ebazpenak.

Familia eta bertako kideak, zehazki aitona bat, du ardatz Mitxelenak (Oiartzun, 1988) idatzi eta epaimahaiak hautatutako 'Aitona Floren' lanak. «Dramarik gabe, oso hurbileko kontakizunean» heriotza eta dolua lantzeko eskua goratzen du ebazpenak, «haur protagonistaren ahotsetik abiatutz monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz». «Haurrak aitonarekin duen barne hizketa domestiko arrunt bat, amaiera arte etengo ez den jarioa, unez une, orain eta hemen. Premisa honen inguruan orotara pertsonaia kopuru txikia aurkezteak, eta hauek eraikitzeko zertzelada arin batzuk baino ez erabiltzeak ziurtatu ditu kontakizunaren arintasuna, intimitatea eta hausnarketarako bidea. Erdigunean jartzekoa da barne-hizketaren errekurtsoa diskurtso egile bezala, baita geroz eta isolatuago bizi garen garai hauetan horrek duen garrantzia edo beharra ere. Kontakizun benetan hunkigarria, arreta eta zaintza osoz ekarrita, baina aldi berean indartsua eta zirraragarria», dio erabakiak.

Ez da oiartzuarrak 2024ko uztarekin jasotzen duen sari bakarra, jada Augustin Zubikarai beka eskuratu zuen 'Zoriona, edo antzeko zerbait' (Elkar) Espainiako Kritikaren Saria jaso baitzuen. Hartan ere dolua oso presente da, hedabide honi emandako elkarrizketa batean esan zuen bezala «hitz egiten ez diren tabuez hitz egitea garrantzitsua» dela iritzita, «ahal dela ez ahots bakarretik» gainera.

Publicidad

Ausardiatik ere ez du gutxi Rosenderen (Donostia, 1991) 'Traba' proposamenak. Kolore aukeraketa eta irudien figurazioa nabarmendu ditu ebazpenak, hiru kolorerekin soilik -edo hobe esanda hiru kolorerekin lortu baitu- «album bizia eta erritmikoa» sortzea. Bizitasun horretan beltza eta morea ere presente dira «irudi kaotikotik lasaiagora» jauziak ahalbidetzeko. «Rosendek irudi dardaratsuez beteriko hainbat unibertso aurkezten ditu liburu honetan eta bere aukeraketa kromatikoak ez du inor epel utziko. Nabarmentzekoa da era berean, testuek eta irudiek maisuki bat egin dutela eta sormenezko erabakiak hartu dituela konposizioan. Kutsu espresionista duen Traba liburua publiko guztiarentzat da aproposa, zintzoa, zuzena, eta bizipozerako dei egiten duena», xehatzen du ebazpenak.

Hain zuzen, 'Mamuki' izenburupean aurkeztutako «beldurrari buruzko gogoeta jostagarria» saritu zuten haurrentzako albumak sortzeko Etxepare sariarekin.

Beste lau falta

Gaur goizean iragarri ditu lehen hiru irabazleak eta falta diren lauak, Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz, datorren astean emango dira ezagutzera. Hala ere, oinarrietan zehaztua dagoen bezala, epaimahaiak eskumena du sariren bat eman gabe uzteko, gaztelaniazko saiakerarekin iaz gertatu zen bezala.

Publicidad

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad