Juan Luis Zabala eta Koldo Izagirre Donostian egindako aurkezpenean. Usoz

Txillardegiren kronikekin berriro bidaiatzeko proposamena

Idazle donostiarrak 1968 eta 1986 artean idatzitako lanak jaso, apailatu eta argitaratu ditu Susa argitaletxeak

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 24 de enero 2022

Azken bi urteetan bidaiatzea ez da ohi bezain erraza izan eta horrek «are estimatuagoa» egin du bestelako lekuak, urrutikoak eta gertukoagoak, ezagutzea. Esperientzia hori beste modu batera bizitzea ahalbidetzeko Susa argitaletxeak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik ia 20 urtez idatzitakoak biltzen dituen 'Kronikak' lana argitaratu berri du, «horrelako zorioneko istripua», prentsaurreko amaieran bota duten bezala.

Publicidad

Astelehen goiz honetan egindako aurkezpenean Josu Lerna Susa Argitaletxeko editoreak oroitu duenez Txillardegi «bidaiatze zalea zen, baina ez turista moduan». Horren adibide bezala jarri du 80ko hamarkadan egiten zuen bidaia bakoitzetik kronika batekin itzultzen zela ia edozein gai landuz.

'Kronikak' lanean Txillardegik 1968 eta 1986 artean Anaitasuna, Egin, Punto y Hora de euskal Herria, Plazara, Argia eta batez ere Zeruko argia hedabideetan argitaratukoak apailatu dituzte Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak. Horietan bisitatutako tokien aniztasuna jorratutako gaietan ere islatu zuen.

Erdi enkargu erdi eskari

Erronka, hala ere, Txillardegi Elkartetik heldu zitzaion, Izagirrek zehaztu duenez. «Ez zitzaidan nolanahi okurritu, zerbait egin behar zela esan zidaten, pentsatzeko». Oso argi izan zuen lehen unetik, baita bidelagun nor hartuko zuen. «Nik banekien Txillardegi sakon xamar nork ezagutzen zuen –Zabalari erreferentzia eginda– eta ez ninduen pikutara bidali, beraz ni konforme», laburtu du berezko duen umore eta ironiaz.

2020ko San Tomas egunean abiatu zen «abentura», Zabalak xehatu duenez. Lehen bilera hartan azaldu zizkion asmoak Izagirrek, edukia nolabait zehaztua zuela eta egitekoa testuak «egungo euskara batura moldatzea eta komentatzea» zela. «Altxor hori hor zegoela eta plazaratu zitekeela ikusi zuen Koldok. Literaturari egindako ekarpena da», laburtu du.

Publicidad

Horretaz gain, liburu amaieran ia 20 orriko gehigarria topatuko du irakurleak, 2006an 'Leturiaren egunkari ezkutua' liburuaren 50. urteurrena zela-eta Zabalak eta Txillardegik egindako bidaia baten erreportajea hain zuzen ere.

  • Izenburua: Kronikak.

  • Argitaletxea: Susa.

  • Egilea: Txillardegi.

  • Apailatzaileak: Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabala.

  • Estiloa: Kronika.

  • Orri-kopurua: 208.

  • Salneurria: 18 euro.

  • Azalaren egilea: Katiuskak argazki estudioa.

«Gizakiari eta gizakiari dagozkion» gaiei buruz idatzi zuen Txillardegik Zabalak azpimarratu bezala, «jakin minez eta batzuetan zalantzak islatuz ere». Ildo horretan, 'Kronikak' lanak «beti euskara eta abertzaletasunaren militante konbentzitua eta batzuetan erradikal bezala aurkeztu den pertsonaiaren beste aurpegi» bat azaleratzen duela aurreratu du.

Publicidad

Aurkezpenean kronikaren aldarrikapena egin dute hiruek, maiz literaturatik at kokatzen delako. «Idazleak bihurtzen du kronika literatura», defendatu du Lernak. Zabalak gehitu du Txillardegik egindako kroniketan «askatasuna» ikusten dela, ez direla «editoreak egindako enkargu edo aginduz» egindakoak eta, hori dela-eta, ateratzen dela «sormena».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad